Ekainaren 15ean Miarritzen antolatua zen ekitaldi arrakastatsuaren karietarat iheslarien kolektiboak gaurko konponbide prozesuaz egiten duen irakurketa eta egin nahi dion ekarpena aurkeztu du. Xabi Larralde, Sortu-ko eledunak ekitaldian parte hartu du. Bere gogoetak eskaintzen dizkigu.
Denek dakigunez, presoen kolektiboarekin, Ezker abertzaleak eramandako borrokaren ikur inportanteenetariko bat ordezkatzen du iheslarien kolektiboak. Kolektibo honen ibilbideak Iparraldeko abertzaletasuna eta historia markatu du. Bi hitzez aipatzekotan, Anai Artearen sortzea eta Telesforo Monzonen garaietaz orroituko dira asko. Halaber, gerla zikinaren kapitulu beltz ezberdinak denek ditugu gogoan: AAA, Batallón Vasco Español edo GALen ekintzak. Azkenik, atxiloketek, espulzioek, deportazioek eta espainiaratze masiboek euskal iheslarien kontrako errepresioa elikatu dute urte luzeetan. Ekainaren 15eko ekitaldiak sekuentzia guzi horiek ber-gogoratu ditu. Zinez hunkigarria. Zenbat jende eta zenbat sufrikario ez den kateatu iheslarien kolektiboaren ibilbide luze horretan! Gaur oraindik, ehundaka lagun daude beren etxetik kanpo erbesteratuak, munduan zehar barreatuak (Cabo Verde, Sao Tomé, Venezuela, Uruguay, Cuba,…); askotan baldintza prekarioetan bizitzen eta, kasu zenbaitzuetan, osagarri arazo larriekin.
Jada, beren bizitzan
Euskal Herriarentzat asko eman duten
militanteak berriz ere
lehen lerroan jarri dira larunbatean.
Eta hori ez da urrats “neutroa”…
Urratsak emateko prest
Iheslarien kolektiboak ideki den konponbide fase berri honi begira gogoeta eraman du azken hilabeteetan. Joan den larunbatean, gogoeta honen ondorioak publikoak egin ditu. Iheslarien kolektiboak bat egiten du Ezker abertzalearen gaurko estrategiarekin. Berak ere konponbide prozesuaren eragile zuzena eta aktiboa izateko borondatea du eta, errepresaliatu guziak Euskal Herrira eta beren etxeetara itzultzeko garaia denez, helburu honi begira bere eskutan dauden urratsak emateko prest dagoela adierazi du. Hortara, hiru ataletan banatzen den ibilbide-orri bat aurkeztu du larunbatean iheslarien kolektiboak. Lehen atal batean, iheslarien kontra erabili diren salbuespeneko neurri errepresiboak desaktibatzea eskatzen du. Horien artean, torturapean egindako adierazpenen gainean oinarritzen diren atxilotze aginduak, euroaginduak eta estradizioak ezeztatzea. Bigarren atal batean, nazioartean onartua den gatazka baten subjektu eta ondorio direnez, iheslariei dagozkien bizi duintasuna eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak exijitzen dituzte, besteak-beste, eri diren lagunen egoerari aterabide bat eskaintzea, iheslari guzien etxeratzea laguntzea. Azkenik, gatazkaren hari historikoaren kontakizun partekatua osatzeko ariketan parte hartzeko prest agertu da iheslarien kolektiboa. Iheslariek ere kalte humano bortitzak eta hildako frango eragin dituzten erasoak pairatu dituztenez, hainbat gertakariren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzen dute. Iheslariek larunbatean eman duten urratsa txalotzekoa da.
Bake prozesua bultzatzeko
Konponbide prozesuari begirako jarreran bi eragile mota ezberdintzen ari dira momentu honetan. Alde batetik, blokeoaren parioa egiten duten eragileak; horien artean, Madrile eta Pariseko gobernuak, prozesua usteltzen uzteko helburu argia agertzen dutenak. Bestetik, desblokeoaren alde jartzen diren eragileak. Eragile horien mobilizazioa indartzeko asmoz, abenduan Baionan antolaturiko foroaren antzera, Bake Bidean-ek eta Lokarrik foroak antolatu dituzte Bilbon eta Iruñean. Foro hauetatik nazioarteko aditu batzuk sintesia landu dute, bake prozesua bultzatzeko gomendioak osatuz. Ondoko aste eta hilabeteetan, gomendio horiek herritarrei, Euskal Herriko eragile eta instituzio guziei aurkeztuko zaizkie, euskal gizartearen gehiengo zabalak prozesuaren alde daukan atxikimendua lanerako ibilbide orria bilakatu dadin denentzat. Iheslarien kolektiboak testuinguru honetan adierazi du beraz bere engaiamendua konponbide prozesuaren alde. Jada, beren bizitzan Euskal Herriarentzat asko eman duten militanteak berriz ere lehen lerroan jarri dira larunbatean. Eta hori ez da urrats “neutroa”, iheslarien kontra neurri judizialak eskatuz joan den astean espainol prentsak burutu duen kanpaina gogorrak agerian uzten duenez. Orain, denei dagokigu mugitzea, biharko Euskal Herrian, beste belaunaldi batek bere sortetxetik ihes egiteko motiborik eduki ez dezan nahi badugu.