Euskal Herria aberri zaharra dugu, batetik Euskara eta Euskal kulturan oinarritutako nazioa izango litzateke eta bestetik gure geroa elkarrekin eraiki edo erabakitzeko komunitate politikoa. Elkar elikatzen diren bi elementuez osaturik dugu Euskal Herria. Baina Euskal aberriaren askatasuna eta subiranotasunaren aldarrikapenak soilik azken hamarkada hauetakoak dira, hots, abertzaletasunak ez du ibilbide luzea. Hego Euskal Herrian, XIX. Mende bukaera itxoin beharko da euskal abertzaletasunaren hastapena ikusteko Sabino Aranaren idatziekin eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, Euskal nazioa errebindikatzen duen lehen mugimendu politikoa soilik 1963an sortzen da (Enbata).
Enbata sortu denetik, 50 urte bakarrik pasa dira, 50! Historiaren edozein eskala kontuan hartuz ere, jakin behar dugu 50 urtek denbora aldetik ez dutela batere pisurik. Gizakia bera ere bizi daiteke 50 urte baino aise gehiago! Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna mugimendu edo antolakuntza politiko gisa, atzo sortu dela erran genezake, gazte gaztea da. Atzo sortu da, baina orain ikusiko dugun bezala, 50 urtetan gertakari ugari aurki ditzakegu.
Argi da 50 urteetan, mundu abertzaleak ekimen edo ekintza ugari burutu dituela kanpoari begira eta beharrik! Baina gu Abertzaleon baitako gertakariez interesatuko gira. Izan ere 50 urte motz hauetan, Abertzaleok, behin eta berriz zatikatu, haserretu edota elkarrengandik urrundu egin gira. Epe motz batean, lortu dugu behin eta berriz zatikatzea! Zorigaitzekoa da ikustea, Ipar Euskal Herrian historikoki ez dugula bloke ezkertiar eta abertzale bat osatu, baizik eta ezkertiar eta abertzaleen artean sekulako kalapitak izan ditugula, bloke edo talde ugari sortuz. Zorigaitzekoa!
Laburki aipatzearren, lehen zatiketak ETA eta IKren arteko estrategia armatuaren eztabaidatik etorri ziren. Ondoren urteak pasatu arau zatiketek forma ezberdinak hartuko dituzte baina beti fraktura handi bat eraginez. Batzuek entzuna dugu eta besteek bizitua, AB eta Batasunaren arteko zatiketa edota beste eskala batean Demo eta Segi-ren arteko lehia. Zatiketek, mugimendu ezkertiar eta abertzaleari kaltea eta mina besterik ez diote ekarri. Zatiketarik gabeko ibilbide bat izan baginu, ez dut erraten garaipen gehiago lortuko genituenik edo Euskal Herria askatua ginuenik, baina oztopo guttiagorekin aitzina egingo ginuela argi gelditzen da.
Garai zehatz batzuetan, Abertzale eta ezkertiarrok, zatiketen gainetik jardun izan dugu, adibideak ematearren, “Abertzaleen Batasuna”-ren osaketa edota “Gazteriak” gazte antolakuntzaren ibilbidea. Gazte esparruan, nahiz eta ez dugun bizi izan, “Gazteriak” erreferentzia bat da : denok ikusia izan dugu garaiko argazki bat edota afitxa bat, gure aitzineko belaunaldiek ere behin baino gehiagotan kontatu digute “Gazteriak”-en garai oparoa. Abertzaleok zatiketak gainditzea lortzen dugun bakoitzean, fruituak edo emaitza onak biltzeko gaitasuna izan dezakegula erakutsi dugu.
Orain gaur egungo egoerara itzuliz, Euskal Herria aro politiko berri batean sartzen ari da. Aro politiko horretan, hainbat elementu nagusi topatzen ditugu, gatazka armatuaren bukaera bezala edota abertzale eta ezkertiarren arteko indar metaketa. Hego Euskal Herrian ikusi ahal izan dugu “Euskal Herria Bildu” koalizioa eta Ipar Euskal Herrian 2007an sortu den “Euskal herria Bai” koalizioa, tendentzia ezkertiar eta abertzale guztiek osaturik. Gaur egun, gure mugimendu politikoa zatiketak gainditzeko bidean ezarri dela azpimarratu genezake eta jadanik emaitza onak ikusi ditugu, 2013ko hauteskunde legegileetan, “Euskal Herria Bai” Ipar Euskal Herriko hirugarren indar politikoa bilakatu baita.
Gazteoi dagokigunez, gure gaztetasunetik ardura osoz jokatu behar dugu, gure belaunaldia Ezkertiar eta Abertzaleen arteko zatiketen gainditzeko gakoa izan daitekeelako. Gure belaunaldia berria da, freskoa, zatiketa zaharren airea usaindu ez duena. Baten batzuek entzun egingo zituzten zatiketa garaiko saminak, baina gutariko inork ez ditu errotik bizi izan. Gure belaunaldiak kontzienteki ezkrtiar eta abertzaleon arteko zatiketa politiko historikoak gainditzeko ardura hartu behar du eta ondorioz bete behar du. Nik errango nuke gainera, zatiketak gainditzetik hasi behar dugula, edo beste molde batera erratearren, gure bilakaeran ahuldu eta min egin diguten zatiketak gainditzetik hasita egin behar dugula gure bidea. Gazteontzako eta ezkertiar abertzale ororentzako, gure baitako hika-mikak gainditzea izango litzateke gaur egun ezer baino lehen eman beharreko pausua.
Bukatzeko, azpimarratu nahi dut gazteok osatzen dugun belaunaldi berriaren ardura. Gure eginkizuna da urteetako zauriak ixtea, gure arteko saminak desagerraraztea eta horien ordez gure helburuekiko pausu sendoak emateko anbizioa eta gogoa piztea. Gazte guztiak elkartu gaitezen Gazte Dinamika Berrian eta goazen gure historiaren atal berri bat idaztera! Gazte Dinamika Berria izan dadila biharko mugimendu ezkertiar eta abertzale batuaren oinarria!