Mikel Hiribarren-en hitzaldia
Ongi etorri Itsasuko herri huntarat. Plazatik plazara gabiltza igande goiz huntan, Herriko Plazatik Elizaldeko plazarat. Holakoa da gure herria, plaza bezainbat ostatu, eta auzo bezainbat plaza. Denak elkargune, denak bizileku.
Herriko plaza erabiltzerik ez zuketen eskatu Itsasun 1963ko lehen aberri egunaren antolatzaileek. Militar ohia zen orduko auzapeza, eta nork daki zerk ekarria zuen gure herrirat. Aljeriako gudu bortitz hartarik itzuli berriak ziren azken gudariak. « Frantses eginak gira joan den aspaldian » zion Xalbadorrek bere bertsoan.
Euskaraz bizi zen herrialde hunek egunerokoari buru egiten bazuen hainbat lan. Bazoatzin lanketa hemendik urrun emazte eta gizon gazteak, garapen ekonomikoak hobeak ziren eskualdetarat. Odol husten ari zen bereziki Iparralde barnealde hau gehiena. Gure mendien gibeleko Baztan eremutik, Iruñean behera, Arabako Gasteizen barna, Bizkaitik Donostiarat, Frankoren diktaduraren lege bakarra zen, herri nortasun guzia ito larrian zeukala.
Lur hau Euskal Herria da
Elizaldea ostatuko baratze huntan bildu ziren pazko astelehenez iparraldeko lehen aberri eguna ospatzeko. « Euskaldunak gira gu eta lur hau Euskal Herria da, bere zazpi lurralde eta hizkuntza bakarrarekin. »
Kontzientzia berezia eta ausardia handia beharko ziren euskaltasuna eta abertzalegoa deiadarkatzeko orduko plazetan.
Goretsi nahi ditugu orduko gizarte gakotuan hementxe Itsasun haritzondo gaztea landatzen ausartu zirenak. Galtzamotzetan genbiltzan guhaur orduan eskolako bidean, eta gogoan gelditu zaigu delako haritzondoa Gernikakoaren ezkurretik hazitako landare gaztea omen zela. « Gernikako arbola da guziz bedeinkatua, euskaldunen artean guziz maitatua ».
Haizeak izan ditu alde eta haize asko izan du kontra sei hamarkadaz gure arbolak Lapurdiko herri xume huntan bezala Ipar eta Hegoaldeko lurralde gehienetan. Hemen berean, zenbat mehatxu, zenbat mespretxu, zenbat menpekotasun ez ote da jasan eta gainditu behar izan hamarkadaz hamarkada. Gogoratu nahi ditugu ihardukipenean hainbeste lehiatu direnak, negar, odol eta heriotzaraino. Goretsi nahi ditugu hizkuntza, kultura, ekonomia, laborantza ala politikan, hots herrigintzan beren ardurak eraman dituzten emazte eta gizon guziak. Belaontziak itsasoan eramaten diren bezala ibiltzea beste hauturik ez zen, haizearen indarra baliatu kontrakoa izan ala aldekoa, beti gure bidean aitzina jarraitzeko, Euskal Herriaren burujabetza izanik norako portu.
Gaurko desafioak
Harro gira mugimendu abertzalearen berpizkundea hemendik abiatzen ikusteaz. Hor daude betiko desafioak eta gehitu zaizkie desafio berri potoloak.
Euskara atera da etxe barneetako edo auzoen arteko ahozko hizkuntza dialektal hura izatetik, administrazioan edo unibertsitatean erabiltzeko gai den hizkuntza bilakatzerat, baina zer nolako indarra ez da egin behar egunez egun euskaraz bizitzeko, etxetik lantokirat, edo eskolatik saltegirat?
Diruak ere segitu du menperatzen gure jendarte gehiena, jabetza edo ondare pribaturik ez zutenen kalterako. Bizitegien inguruko eztabaida hor daukagu adibiderik gordinena. Herritarren arteko bizimoduetan ere hainbeste ezberdintasun eta zuzengabekeria. Beti bezala batzuen lanak besteenak baino askoz gutiago balio du eta gutartean ere egoera sozial kaxkarrean dabiltzan familiak edo presunak gero eta gehiago ez ote dira?
Mende berriak ekarri dauku sekula baino arduratsuago ibili behar dugula ama lurrarekin berarekin, kapitalismoaren garapen zoroak sekulako nahasi baititu aspalditik ezagutzen ziren oreka gehienak.
Haizeak ibiliko dira luzaro aldekoak eta kontrakoak: harria ezarri zuten hemen berean haritzondoaren ordeko. Dudarik ez da, erroak eginak ditu lurpean bermatzeko. Eta hemendik sei hamarkadatarat abarrez jantziko da harri enborra, eskainiko dituela ezkurrak, pagotxak, gaztainak eta gereziak.
Elkarlanean, belaunaldiz belaunaldi, arduraz eta ilusioz, eraiki dadila biharko Euskal Herriaren ibilbidea, euskalduna eta burujabea.