«Haiek, gu dira! EtorkiZUna» banderolaren atzean, 1000 pertsonatik goitik manifestatu dute Baionako karriketan Bizi!ren deiari erantzunez eta ohiturazko Maiatzaren Leheneko manifestaldiaren baitan migranteekin elkartasunezko desfile handi bat eginez.
Europako atean hil diren 33 000 etorkin pasa dituen zerrenda bat lotua izan da Suprefeturako burdin hesietan Geriza-Immigrazioa legearen bidez indartu nahi den fermutasuna salatzeko. Bizi!ren bozeramaile batek deia luzatu du Estatu mailako erretentzio zentroetarako martxen antolatzeko larunbatean, uztailaren 14an, Bastilla-ren hartzea kari, bertan atxilotuak diren etorkinen tokiak hartzeko eta «errugabeendako zinezko kartzela horien» gaitzesteko.
Manifestarien pankarten eta lemen jomuga nagusia datozen asteetan Senatuan eztabaidatua izanen den Geriza-Immigrazioa legea zen. «Iduri zaizue fermutasuna falta dela? Nora joan da gure jendetasuna?» zion banderola baten atzean jende talde harrigarri batek desfilatzen zuen Europara sartzea saiatzean hil diren 33 305 etorkinen kontaketa egiten zuten pankartak beren eskuetan eramaiten zituztelarik.
Batucada eta capoeira dantzariek edo afrikar perkusioek, Baionako rap-lariek edo Hazparneko txarangak manifestaldiari erritmoa eman diote ondoko lemei « Loi Asile-immigration, pas en mon nom ! / Geriza-Immigrazioa legea, ene izenean ez!», «Guerre au chômage, à la précarité, pas aux sans-emplois, ni aux immigrés ! /Langabezia, prekaritatea borrokatu, eta ez langabetuak eta etorkinak», «Eux c’est nous, solidarité avec les migrants et les réfugiés / Haiek, gu dira, etorkinekin eta errefuxiatuekin elkartasuna», «Centres de rétention, innocents en prison ! / Erretentzio zentroak, errugabeentzat kartzelak», «L’exilé illégal, c’est l’exilé fiscal ! / Desterratu ilegala, Zerga iheslaria», «Errefuxiatuak ongi etorri!», «Iñor ez da ilegala!», «Etorkina eta zu, EtorkiZUna!», «Aberastasuna banatu! Aniztasuna defendatu!» tartea utziz.
Manifestaldia bukatu da Europa-Gotorlekuaren 33 305 biktimak zerrendatzen dituzten 56 pankarten pausatzearekin suprefekturaren burdin hesietan, Bizi!ko Malika Peyraut bozeramaileak adieratzen zuelarik «Zuei, diputatu eta senatariei gaur galdegiten dizuegu, 33 305 hil, Gotorleku bilakatu den Europaren atean, ez zaizue aski iduritzen, zinez pentsatzen duzue fermutasun gehiago behar dela?».
Bizi!ren ordezkariak ere azpimarratu du maiatzaren 5eko borroken bateratzea: «Prekaritateari, desberdintasun sozialei, langabeziari, inguramenaren suntsitzeari, nahasmendu klimatikoari, gure bizi eta jendarteak salgai ezartzeari, geriza sozialaren desegiteari behar da borroka egin… eta ez etorkin eta errefuxiatuei. Ez dute etorkinek gure jendartea errekara eramaten, baina sistema kapitalistak!».
Bizi!ko Anaiz Aguirre-ek bururatu du manifestaldia «Haiek, gu dira!» martxara deituz larunbatean, uztailaren 14an, Bastilla-ren hartze egunean. Martxa hori Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aita den René Cassin-en sortetxetik partituko da, Baionatik, Hendaiako Erretentzio Zentrora joaiteko: «Erretentzio Zentroak diren errugabeendako egiazko kartzelak dituzten Estatu mailako lurralde guziak ere deitzen ditugu ber egunean antola dezaten «Haiek, gu dira!» martxa bat etorkinen ordez bertan atxikiak izaitea galdeginez!».
Bizi!k ber maneran parte hartu du Mauleko Maiatzaren Leheneko desfilean, bertan ber deiak zabalduz (Ikus beherean)
Bizi ! Xiberoa
www.bizimugi.euHitz hartzea
2018ko maiatzaren 1a Maule-n
Hurak, gü gira ! Etorkina, Etorki ZÜ na da!
Tarek, Joseph edo Samia deitzen ziren. Haboroenentako, beren izenak ez dütügü ezagützen. Heren artean, haur hanitx. Europa-ren harresien kontre jo dire eta zentü dira, gerlen, gosetüen, errepresioaren, eta klima kanbiamenaren axolbean jarri nahi zirelarik !
Europa-harresia-k eta haren politika barbau-ek 33 305 jente hil dütüe 1993-az geroz. « Babes-imigrazio » lege projeta-ren lehen onarpen bat üken düalarik Frantziaren Legebiltzarrean, gero Senadorean eztabadatürik datekealarik, zonbaki hori orhitarazi nahi dügü. Beren erresponsabilitateaz ohart ditüan, lege errepresibo eta züzengabe horren kontre jokatzen ez badire.
Bai, züek, depütatü eta senatariek, Bru, Lassere, Brisson, Lassalle jaunak eta Lasserre-David anderea; galdegiten deizüegü: 33 305 hil Europa-harresi horren aitzinean, ez zaüzüeia aski ?!? Bortitzago izan behar dea ? Züen jentetarzüna edo gizatarzüna non ote da ?
Ahalkegarri den lege projet horren kontre mobilisatzen jerraikiko dügü. Hendaia bezalako egiazko inoxenteen presontegiak diren erretenzio zentroen kontre mobilisatzen jerraikiko dügü. Jakitez, « Babes-imigrazio » lege projetak haurrak giltzapetü nahi dütüala. Hori bai ezin onartüzkoa !
Egün, maiatzaren 5eko mobilizazioan, güdüka bateratzea-ri deitzen dügü. Solidaritate handi bat eraiki dezagün zerbütxü püblikoko langileekilan, trenbidetako langileekilan, Carrefour-ekoekin, ikasleekilan, zahar etxetako langileeekilan, ekologikoki eta sozialki suntsigarri den sistema horri bürü egin nahi direnekilan. Izan « Notre Dame des Landes » eko ZADean edo beste leküetan bezala: prekaritatea, inegalitateak, langabezia, üngüramena eta klima desegiten direnen, gure biziak eta sozietatea merkatü bilakarazten direnen kontre güdükatü behar dügü ! Eta ez migranteen eta errefüxiatüen kontre ! Ez düe imigranteek gure sozietatea peko errekalat eramaiten, sistema kapitalistak baizik ! Eta sistema kapitalista da imigranteen ütürri, klima kanbiamenarentako bezala, deus ere besterik !
Güdükatzen jerraiki behar dügü. Eta imigranteen kasüan, « Collomb » lege horren legebiltzarreko eztabada denboran bereziki mobilisatzen jerraiki behar dügü. Üztailaren 14ean, BIZI-k ebilaldi handi eta berezi bat antolatzen dü, Baionan den René Cassin sortetxetik, Hendaia-ko erretenzio zentroa-lartino. Denak mobilisa gütüan galdegiten dügü, bai Eüskal Herrian, eta bai beste errentenzio zentroak diren leküetan. Imigranteen ordez giltzapetürik izaitea galdegitez… « Hurak, gü dira » !
Hatsarre bat baizik ez da, eta güdüka hori sekülan ez bezala jerraikiko dügü !
Gure gizatarzüna Europaren mügetan enkailatzea edo desagertzea ez dezagün ütz !
Urjentzia klimatikoa, eta imigranteekilanko solidaritatearen urjentzia, ber güdüka !
« Hurak, gü dira » !
Ez dügü deus ere laxatzen !
Bizi !