Urrian zehar espetxeetan eta espetxeetatik kanpo emandako gertaeren berri ematen duen Etxeraten hilabetekaria:
Hara hemen, txostenaren sar hitza:
Aurreko hilaren amaiera Herriraren aurkako operazio ulertezinarekin amaitu genuen, eta oraingoa Estrasburgoren epaiaren ostean 197/2006 doktrinaren inguruko gora-beherekin amaitu dugu. Hilabete nahastua benetan. Hainbat emozio nahastu dira etengabe hilabete honetan gure barnean. Euskal preso eta iheslari politikoen senideontzat hilabete intentsua izan da urria, dudarik gabe.
Hilabete honen lehen egunetan, Etxerat elkartea prentsaurrean agertu zen Herriraren aurkako operazioa salatzeko. Gure haserrea azaldu genuen, eta Espainiako gobernuak euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsaren aldeko lana gaitzetsi nahi izatea salatu genuen. Horretarako bide honetan publikoki eta legitimoki lan egiten zuten pertsonak atxilotu zituen, jendartearen babes zabala jaso duten pertsonak. Etxeratek ere Herriraren lanaren hainbat helbururekin bat egiten du: espetxe politikaren, salbuespen neurrien eta gure senideen eskubide urraketa sistematikoaren amaieraren eskaeran, hain zuzen ere. Horregatik, beste hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalekin bat egin, eta gu ere tanta bilakatu ginen urriaren 5ean Bilbon egin zen manifestazioan. Eta aurrera begira ere tantaz-tanta itsaso zabal bat osatzeko konpromisoa hartu genuen.
Zoritxarrez, egun batzuk beranduago operazio honen nondik-norakoaren zantzu batzuk ulertzen hasi ginen. Urriaren 21ean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak berriro ere erabaki irmoa eta argia eman zuen: 197/2006 doktrinak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, bai Ines del Rioren eta Juan Manuel Pirizen kasuan, eta baita momentu honetan bahituak jarraitzen duten eta egoera berean dauden gure beste 54 senideena ere.
Urte luzeak izan dira hauek, izugarrizko sufrimendu gehitua eragin diguna, bai gure senide presoei zein kanpoan zain geunden lagun eta familiarrei ere. Ezin ahaztu gure senideek hogei urtetik gora eman dituztela espetxean baldintzarik muturrekoenetan, bizi-erregimenik gogorrenean, eta etxetik ehunaka edo milaka kilometroetara, batzuk larriki gaixorik, gainera. Urte luzez hori pairatu izan eta gero, eta askatasuna berreskuratu behar zutenean euren zigorrak osotasunean bete ostean, modurik krudelenean aplikatu zitzaien Zuzenbidearekin bat ez datorren neurri hau, askori askatasun egunean bertan. Haiei askatasun eguna desagerrarazten zieten, eta bide batez senideok ere kondenatzen gintuzten.
Orain, Estrasburgoren epaia argia izan arren, gure eta gure senide eta lagunen sufrimendua luzatzen jarraitzen dute. Zigorra beteta duten presoek bahituta jarraitzen dute, baina, gainera, bestelako salbuespen neurri guztiak aplikatzen ere jarraitzen dute. Baita guri zuzenean eta lehen pertsonan eragiten digun sakabanaketa politika ere. Honek bai presoentzat eta baita guretzat ere dituen ondorio guztiekin: fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak, sozialak, istripuak… Edo bai funtzionarioen aldetik edo baita poliziaren aldetik jasaten ditugun jazarpen egoerak ere. Horren adierazle hilabetekari honetan publiko egin dugun Nahia Zuriarrain senideak jasan behar izan zuena, Sevillako espetxera bisita egitera zihoala.
Horregatik, salbuespen neurri guztiekin amaitzeko lanean jarraituko dugu. Eta bereziki guri zuzenean eragiten digun sakabanaketa politikarekin amaitu behar dugu. Ezin dugu gehiago itxaron. Euskal presoak euskal herriratu arte!
ETXEAN NAHI DITUGU!