22. Korrika, Amurriotik Donostiara iraganen da, martxoaren 31tik, apirilaren 10era, HitzEkin lemarekin. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak. Jarraian Korrikaren mezua eta girotzeko, hainbat hitzordu.
KORRIKAREN MEZUA
Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak.
Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek… Bada ekiteko ordua.
Hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu, larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak dira. Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka, 22. KORRIKAra batzeko unea da. Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin.
Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin.
Hitzek hizkuntza, ekinak herria.
Hitzekin ulertzen dugu hizkuntza.
Beraz, ekin! Euskaraz egin.
Hitzetik ekintzara salto, hitz egin eta ekin.
Orain da 22. tantoa egiteko unea, partida
irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez
eta eginaraziz, nork bere tokitik eta
eginbeharretik ekinez.
Ikasle, ekin;
euskaldun, ekin;
erdaldun, ekin;
eragile, ekin:
agintari, ekin;
ekin ELKARREKIN.
Gantxoz, bi paretaz zein botez, baliabide
anitzekin, eta guztiok hitza emanez.
Ekin, eragin eta eginarazi.
Ekin KORRIKAri