Argia.eus-etik
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo leloa hau da: Ez bazara konponbidea, arazoa zara.
Mezu zuzena du mugimendu feministak gizonentzat: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete. Manifestuan jaso dutenez, “gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta » izaten jarraitzen dute. Egotzi die arazo direla, baldin eta indarkeria salatutakoan emakumeen hitza zalantzan jartzen badute, baldin eta lagunarteko komentarioak ez badituzte mozten, baldin eta erasotzailea seinalatu eta norberaren jarrerari ez badiote erreparatzen.
Aldaketak badatozela aitortu du mugimenduak, baina “motel”. Indarkeria matxistarekin lotutako hainbat molde nabarmendu dituzte manifestuan: sexu-erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxista kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa… Indarkeriok erro bakarra dutela argitu dute.
Komunikabideak eta instituzioak
Hainbat hedabideren jokaerak salatu dituzte, besteak beste, eraso den pertsonari errua egoztea, tertulietan iritzia ematea zilegitasun osoa irudikatuz, eta informatzerakoan xehetasun morbosoak ematea. Hedabideez gain, sare sozialak ere aipatu dituzte. Espazio birtualean indarkeria forma berriak hartzen ari dela azpimarratu dute, eta nola defendatu pentsatu beharko dela.
Erakunde publikoei eskatu diete prebentzioan eta kontzientziazioan inbertitzea, eta ez Polizian eta kontrolean.
Manifestuaren amaieran, antolakuntza eta militantzia feminista ezinbestekoak direla aldarrikatu dute, “gizonen jarrera gero eta oldarkorragoen” aurrean.
Mobilizazioak
Baionan, herriko etxearen aurrean, 18:30ean.
Donostian, Bulebarrean, 19:00etan.
Gasteizen, San Anton plazan, 19:00etan.
Bilbon, Jesusen Bihotzean, 19:00etan.
Iruñean, Gazteluko plazan, 20:00etan.