Anita Lopepe
Aurten ospatzen den Aberri egunak oihartzun berezia dauka. Alde batetik, Iparraldeko abertzaletasunaren lehen oinarriak pausatu zituen 1963ko Itsasuko ekintzaren 60. urteburua baita. Bestaldetik, abertzaletasuna berdefinitzeko ariketa kolektiboaren atarian kokatzen baita aurtengoa. Hara Iparraldeko abertzaletasunaren historiaren perspektiban ezarriz, irekiko diren orrialde berriek zer nolako garrantzia duten.
Duela 60 urte, Itsasuko harriarekin batera, abertzaletasunaren oinarriak pausatu zituzten. Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna guziz bazterrekoa zen garai hartan,
1963ko Aberri egunaren kari egin zuten adierazpena auto afirmazio ekintza ausarta izan zen. Ondotik, aldizkatu dira Aberri Egunen formatuak, testuinguru politikoei loturik.
1960 hamarkadan, hego Euskal Herrian klandestinoki antolatu Aberri Egunak errepresioak gogorki joak ziren. Ipar Euskal Herrian ere, prefetak batzuk debekatu zituen 1970 hamarkadan. Mugimendu abertzalearen zatiketa garaietan, Ipar Euskal Herrian bi hitzordu desberdin izan ziren ezkerreko abertzaleentzat, bakoitzak bere aldetik. Gero, Aberri Egun nazionalen garaia etorri zen. Aberri Egun bateraturako entseguak egin zituen ere Independentistak sareak zenbait urtez, mobilizazioak Iruñean antolatuz. Azken hiru urteetan, ospakizun horri ipar Euskal Herrian berean lurreratze bat eman nahian, EHBaik bere gain hartu du Aberri egunaren antolaketa. Azkenik, Covidaren garaian agertu zen Euskal Herria Batera ekimena.
Etorkizuneko Aberri Eguna marrazteko momentua
Hots, handik eta hemendik Aberri Egunak eztabaidak elikatu ditu, bere ospe eta dirdiratik anitz galduz bidean. « Aberri eguna ezin du alderdi politiko batek patrimonializatu »; « Aberri Eguna nazionala baizik ez daiteke izan« , « Ospakizun bat eta bakarra izan behar da, sentsibilitate politikoen gainetik », « Herritarrek bultzatu mobilizazioa izan behar da« , « Aberri eguna borroka eguna da. Ezin du kermeza izan! »… eta abar.
Iritzi guzi horiek dira zilegi eta beren tokia dute etorkizuneko Aberri Eguna marrazteko momentuan. Ipar Euskal Herrian, aurtengoak bihurgune bat markatuko du zentzu horretan. Berezia izanen da arrazoi desberdinengatik. Lehenik, Itsasuko lehen Aberri Egunaren 60 urtemuga delako. Bigarrenik, abertzale desberdinez osatu ekimen batek hartu duelako honen antolaketaren iniziatiba. Azkenik, atea ireki nahi diolako ipar Euskal Herrian sekula gauzatu ez den ariketa erraldoiari: abertzaletasuna berdefinitzeko ariketa kolektiboa.
1963ko Itsasuko agiriaren ideia batzuk gaizki zahartu dira : « arrazaren aldetik herri bat eta bakar bat gira » (sic)! Beste oraingotasun handia atxiki dute: « gure buruaren jabetasun osoa nahi dugu » « Gure nazionea guhaurek gobernatu nahi dugu« . Beraz, 60 urte pasa eta gero, ZER GIREN, ZER DIOGUN eta ZER NAHI DUGUN berriz adosteko garaia da; XXI. mendean abertzaletasuna definitzeko garaia.
Ariketa horretara lotu da Bagira gogoeta prozesua. Gibelera so egin eta urrats bakoitza zein testuingurutan egin zen ikasteko eta bergogoratzeko parada ukan dugu azken asteetan transmisio historikorako saioekin.
Euskal gazteriaren zerumugak zein dira?
Duela 60 urte, Enbata mugimenduko kideek Itsasuko agiria idaztean euskal naziotasunaren eta autodeterminazioaren printzipioak afirmatuz iraultza ideologiko bat gauzatzen zuten. Azken 60 urteak borrokaren gordintasunak moldatu ditu hainbat militante belaunaldiren sentsibilitate eta kemenak. Gaur egun aldiz, euskal gazteriak zein zerumugarekin amets egiten du? Zein barrikaden gainetik eginen du iraultza? Zein banderarekin? Hainbat galdera zeinei historiaren orrialde berriek erantzunen dieten. Baina orain arte egindako lanarekin harilkatzea izanen da erronka.
Hasteko gauza bat argi da, militantziaren bideak bere iniziazio-errituak ditu. Ez dakit zein diren gaur egungoak. Baina garai batez Aberri Egunean parte hartzea horietarik bat zen. Abertzale familietatik heldu ez ziren gazteentzat egun horretan parte hartzeak kolore biziki politikoa zuen, urrats bat suposatzen zuen. Urteen poderioz, eta testuinguruak aldatzen joan diren heinean, kolorea histu zaio erritual horri.
Anbizio eta indar berrituarekin antolatzen ari da aurtengoa. Besta eta aldarrikapena, gogoeta eta iruditeria uztartu nahi ditu, mintzaldi, herri kirol, ekitaldi, kontzertu, manifa, erakusketa, bazkari eta beste ani-mazio aldizkatuz. Bakoitzak bere harria ekar diezaioke esku ukaldi bat emanez.
Handiak dira etorkizuneko erronkak, handiak altxatu beharreko desafioak. Indartsu erantzun beharko diegu. Mugimendu egin dezagun beraz, horiei elkarrekin aurre egiteko.
Apirilaren 8 eta 9an Itsasun, eta biharamunetik goiti nork bere herritik, nork bere inplikazio edo borroka sailetik, elkarrekin gogoeta eta eraiki dezagun etorkizuna!