Aurtengo Aberri Egunez ELAk aldarrikatu egin nahi du borroka sindikal eta sozialen balioa nazio burujabe, euskalduna eraikitzeko, zeinaren oinarriak izango diren genero-ekitatea eta pertsona guztientzako eskubide guztien aitortza. Badira halako borrokak iraungi direla esaten duten diskurtsoak, edota aurrerapiderako oztopotzat jotzen dituztenak, baina ELAk uste du sindikalismoa erresistentziarako funtsezko tresna dela, baita demokratizaziorako eta justiziarako faktore ere. Azken urtean hainbat borroka gidatu izan dugu –eta gehienak arrakastaz amaitu dira–; bada, ikusteak borroka haiei enpresek eta gobernuek zenbateko grinaz aurre egin dieten gure uste sakon bat indartzen du: sindikalismoa oraindik ere tresna erabilgarria dela sistema ekonomiko eta sozial horren aurrean, zeina gure helburu nazional eta klasekoen aurkakoa den.
Ospakizun honetan derrigor aipatu behar dugu Katalunia, gure etorkizunerako duen garrantzia dela eta. Joan den urriaren 1ean mugimendu independentistak egun historikoa burutu zuen, eta garaipen moral zein politikoa lortu zuen ukapenaren, errepresioaren eta inposizioaren kontra. Kontsulta egin aurreko erasoak nahikoa ez eta erreferenduma egin eta bi egunera Espainiako Erregeak agindu zuen botere guztiek (erreal nahiz faktikoak) elkar hartu behar zutela, zertarako eta indarrez inposatzeko sinesten eta defenditzen duten printzipio konstituzional bakarra: Espainiar batasuna. Gainerako arau guztiak printzipio honen menpe jarrita, oinarrizko eskubide eta askatasunak urratzen dituzte. Guztiok ezagutzen ditugu horren ondorioak: espetxeratzeak, autonomiaren etenaldia, erbesteratuak, etab. Indar independentistak gidaritzarik gabe uzteko estrategiaren azken urratsa Puigdemont presidentearen atxiloketa izan da, Alemanian. Benetako drama politiko eta humanoa , Europar Batasuna isilik dagoen bitartean.
Premiazkoa da gertakarietatik ondorioak ateratzea. Ikasgai nagusia da desberdinen artean ez dagoela aldebikotasunik. Hau aspaldian adierazi zuen Armada generalak, esan zuenean 1981ko estatu-kolpeak porrot ez zuela egin. Esan nahi zuena zen orduan finkatu zirela izatez garapen autonomikoaren benetako mugak, Estatuko eskualde guztientzat berdina eta uniformea izan zedin. Horregatik ez dute jasaten autogobernu maila areagotzeko edota aitortza nazionala aldarrikatzeko saio bat ere. Hori gertatu zen Ibarretxek defenditu zuen Estatutu Politiko berriaren proposamenarekin, eta orain Katalunian ere. Beraz, aldebakartasun bat besterik ez dago, Estatuarena, Katalunian eta Euskal Herrian indarrez inposatzen dena.
Testuingurua hain gogorra eta inboluzio betekoa delarik, estrategia egingarri, erakargarri eta potentzialki irabazleak behar ditugu. Hain zuzen estrategia horren erdigunea pertsonak dira. Horregatik, uste dugu premia handiena dela oraingo uneari zentzua ematea, luze joko duen borrokarako prestatzea eta lan-ildo ulergarriak marraztea, zeintzuk konpromisoa hartzeko prest dagoenari motibazioa eta ilusioa emango dioten.
Perspektiba emateak eskatzen du, hasteko, oraingo unea behar bezala definitzea, eta aho-bilorik gabe deskribatzea fase politikoa zein aktore nagusien posizioa. Hain zuzen, uste dugu euskal indar politiko nagusiek, batik bat Gasteizko eta Iruñeko gobernu- instituzioek, ez dutela laguntzen herritarrak kontura daitezen gure autogobernua eta demokrazia bera pairatzen ari diren gainbeheraz. Jaso gabeko eskumenen inguruko betiereko aipamena alde batera utzita, desinformazio bidez estaltzen digute estatuak gure botere politikoa nola narriatzen duen: parlamentuek erabakitako legeak errekurritzen ditu; transferitutako eskumen ugari higatu egiten dira edo berrikusi, Auzitegi Konstituzionalaren edo oinarrizko legeen bidez; jaso diren beste eskumen batzuren garapena ezarritako baldintza politikoek mugatzen dute; autogobernua galarazten duten beste erabaki batzuk estatuarekin hitzartzen dira, esaterako gastu-araua edo Aurrekontu-Egonkortasunerako Legea; eta hauekin lotuta, aipatu beharko genuke Itun eta Hitzarmen Ekonomikoa ere ahuldu egin dituztela, hauen potentzialtasuna bahituta baitaukate, modu “kontzertatuan” bada ere.
Horrenbestez, uste dugu burujabetza prozesu bat izango bada herritarrek ezagutu egin behar dutela autogobernua nola higatu diguten, eta zehatzago duela urte asko izatez aplikatzen ari diren Konstituzioaren 155. artikulua. Higadura horrek, gainera, xede bat du, errezeta ekonomiko eta sozial neoliberalenen ezarpen sistematikoa, oinarrizko legearen 135. artikulua aldatzea izan zen kolpe konstituzionalaren ondorioa.
Halaber, ELA kezkatuta dago Gasteizko gobernuak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak erabaki dutelako kosta ahala kosta eutsiko diotela estatu-itun uniformatzailea osatzen duten indarrekiko aliantzari. Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak –lehena gobernukide du, eta bigarrena, berriz, aliatua– mundu abertzalea larrituta duten auzien ardura dute, esaterako, Katalunian erabaki duten 155. artikuluaren aplikazioa eta autonomiaren etenaldia; akusazio sinestezinak leporatuta agindu diren espetxeratzeak; euskal presoen urruntze eta espetxeko lehen graduaren aplikazio orokorra (duela gutxi hil da euretako bat, Xabier Rey), edota arduradun politikoen atxiloketa arbitrarioak, esaterako joan den astekoak… Aipamen berezia egin behar da hizkuntz-politikaz, españolismoak bere barne- lehian darabilen argudioen artean funtsezkoa baita. Gainera, Kataluniako irakaskuntzan ezarri zen murgiltze eredua zalantzan jartzea euskararentzat ere ez da bat ere aurrekari ona. Aipatzekoa da ere torturei buruzko Etxeberria doktorearen txostenarekin… Halere, aipatutako ezerk ez du baldintzatzen Jaurlaritzaren eta EAJren ekintza. Aitzitik, EAJ, PP eta PSOEren arteko aliantzak bermatu egiten ditu politika antisozialak, murrizte-programa eta ELAk ordezkatzen duen sindikalismo irmoaren aurkako borroka. Horrenbestez, estatuarekiko aldebikotasunaren diskurtsoa baliabide erretoriko hutsa da, zeinak mozorrotu egiten duen birtualki nola txertatzen garen inboluzio betean dagoen Espainia horretan.
Politika antisozial eta antidemokratikoak direla eta, ELAk uste du ere premiazkoa dela ezkerrak oro har gauzei beren izenez deitzea, inposatzen diren politikak definitu eta alternatibak proposatzea. Ez dago ezker sozial eta politikorik dagokion pedagogiarik gabe eta sindikalismoarekin nahiz gizarte-mugimenduekin engaiatutako dialektikarik gabe. Hartara, gero eta zailagoa gertatzen zaigu EH-Bilduk eta gizarte-mugimendu batzuk EAJri egiten dioten deia, alderdi hau herri-itun batera bil dadin erabakitzeko eskubidearen alde. Badirudi jeltzaleen aliantza politika honi buruz ez dela aski argia, edota errealitatea ez dela aintzat hartu behar estrategia analizatu eta definitzeko.
ELAren irudiko, etengabe ituna eskaintzen tematzea hutsegite larria da. Lehenik, EAJko buruzagiek behin eta berriz ukatzen dutelako beren estrategiaren helburua batasun subiranista denik. Bigarrenik, pedagogia faltsua egiten delako, nazionalismo instituzionala indar benetan subiranista gisa homologatzen duen heinean. Hirugarrenik, Gasteizko gobernuak eta Aldundiek ezartzen dituzten politiken mami neoliberal eta antisoziala azaltzeko oztopoa delako. Laugarrenik, estrategia subiranistaren arazoa eliteen arteko balizko itun batetan kokatzen duelako, konpondu beharreko auzia balitz bezala alderdien zuzendaritzak ados jartzea. Eta azkenik, erronkaren gaitza desitxuratzen duelako. Katalunian agerian geratu da, izan ere, parlamentuak soilik ez direla nahikoa prozesu subiranista sostengatzeko. Prozesuarekin identifikatutako jendea behar da, jende asko.
ELA ez dator bat herri-ituna bilatzen tematzearekin, are gutxiago programa progresista bati lotu gabe badoa. Izan ere, horren emaitza baita kontu soziala erlatibizatu egiten dela, sakoneko politikak ez direla zalantzan jartzen eta gizarte-mugimenduekiko zein sindikalismo erreibindikatiboarekiko aliantzak gutxietsi egiten direla. Bestalde, ulertu ezinekoak dira Gasteizko Legebiltzarreko erabakiak, hala Negoziazio Kolektiboari buruzko akordioa (ahaztuz Jaurlaritza dela gurean ugazaba nagusia), nola soldata-arrakalaren ingurukoa (arazoa despolitizatu eta sindikalismoa eta patronala elkarrizketa sozialeko mahai batera deituz, hau alferrekoa dela dakiten arren); edo ulertzeko modu bakarra da beren xede bakarra homologazio instituzional hutsa dela.
Ezkerraren herri-itunerako deiak Nafarroan itxura berezia hartzen du, lurralde honetan beste artifizio batek ere pedagogia okerra darabilelako. Izan ere, gauza bat baita instituzioetatik “navarrismo” delakoa botatzea derrigorrezkoa zela –areago bere kutsu antieuskaldun eta antiabertzalea aintzat hartuta–, eta oso bestelakoa gobernu-ekintza bilatzen den aldaketa politiko eta sozialarekin identifikatzea. Noski, gauza batzuk egin dira, baina aldaketa sozial eta politikoa egiteke dago.
Esan dugu lehenago burujabetzaren aldeko prozesu baten kapital politiko nagusia jendea dela, eta askoz jende gehiago behar dugula: ahaldundutako pertsonak, zeintzuk defenditzen duten kontsultatuak izateko eta beren erabakia aintzat hartua izateko zor zaien eskubidea. Badakigu, ahalegina benetakoa balitz, kontutan izan beharreko aktiboa litzatekeela Gasteizko parlamentuan euskal nazionalismoak duen gehiengo zabala. Baina prozesu katalanean argi asko geratu da burujabetza iristeko aukera potentzial bakarra dela klase herritarrak ondorio batera iristea, ezen beren etorkizuna burujabetza prozesuarekin lotuta dagoela. Hots, mugimendu subiranista etorkizunean estatuaren politika uniformatzailea hausteko gauza izateko modu bakarra dago, autogobernu-politikak klase xeheen zerbitzura jartzea. Irakurketa hauxe egin du ezkerreko hainbat indarrek Katalunian bizi izandako urriaren 1aren ondoren.
Halaber, prozesu katalanetik ikasi dugu kapital handiak eta puntako enpresek nola alde egin duten handik, estatuaren estrategia indartuz. Haatik, enpresa handien jokabidea horrelakoa izanagatik ere, Rementeria Diputatu nagusia Madrilen haien aurrean belaunikatu da esanez etxeko lanak egin dituela eta eskatu zioten zerga-politika ezarri duela, eta Lehendakariak berak “famili-argazkia” egin du Ibex-35eko enpresekin. Uste dugu Katalunian korporazio horiek egin dutena ikusirik asmo oso konkretu bat finkatu beharko litzatekeela: Arrazoi ekologiko, klimatiko eta sozialengatik, baina baita helburu nazionalak medio, premiazkoa da tresnak eraikitzea (hainbat arlotan: finantzak, kooperatibak, elikadura, enpresak, energia…), zeintzuk lurrarekiko eta justizia sozialarekiko konpromisoa izango duten. Esperientzia konkretuak ditugu gogoan, adibidez Ipar Euskal Herrian euskoarekin gauzatzen ari dena eta beste asko. Finean, gure asmoa da kapitalismoak urte askotan ostu dizkigun tresnak birsortzea eta jendartearen esku jartzea. Bestela status quo-aren aldeko indar ekonomikoek eragindako etengabeko xantaiaren pean egongo baikara.
ELAk proposatzen duen moduko burujabetza prozesu sozial eta aldebakarrekoak eskatzen du ezkerreko, klaseko eta feminismoarekiko erreferentzia ideologiko eta politiko sendoak finkatzea, areago ikusirik eskuin muturra kontinente guztian indartzen ari dela. Horrenbestez, nabarmendu nahi dugu joan den martxoaren 8ko greba feministaren balio politikoa. Egun historikoa izan zen, eta emakumeok ozen adierazi genuen sistema honek ezin duela gure ekarpenik gabe funtzionatu. Kezkatu egiten gaitu aurrekaririk gabeko greba honen kapital politikoa sistemak berak indargabetzea edo bereganatzea. Orain da zehazteko unea: agenda politikoa, erreibindikazio konkretuak eta hurrena eman beharreko urratsak, feminismo autonomo eta antikapitalistan oinarrituta, zeinak klase perspektiba aintzat hartuko duen.
Bestalde, pentsiodunen manifestazio handiak ere borroka sozial eredugarria ditugu, eta irmo babestu ditugu. Gure ustez honi dagokionez ere erreibindikazioak zehaztu eta diskurtso benetan alternatibo eta solidario baten nondik norakoak definitu behar dira: ezkerreko diskurtsoa, alegia. Hala garatzen ari den borroka feministak, nola pentsiodunen mobilizazioek erakusten digute zenbateko indarra duen borroka eta interpelazio sozialak norgehiagoka politikoa baldintzatu eta honengan eragina izateko.
Aurten berriro aipatu nahi dugu Ipar Euskal Herrian abertzaleak egiten ari diren lana, kasu askotan Frantzia mailako militante eta indarrekin lan eginez. Iazko apirileko armagabetzeak eta ondoren presoen inguruan garatutako lanak –zeina espetxe-politikan funtsezko aldaketak eragiten ari den– agerian uzten dute posible dela lan partekatua egitea, helburu konkretuekin eta, Hegoaldean ez bezala, oinarritzat konfiantza duela organizazio sozial, indar politiko eta instituzioetako hautetsien artean. Horrenbestez, aipagarria da Etchegaray lehendakariaren ausardia eta eskuzabaltasuna, bere egin baitu bake eta garapen instituzionaleko agenda, zeinaren zutabeetako bat den gizarte- mugimenduaren aitorpena eta berarekiko lankidetza.
Sindikalismoak bat egiten du langileen helburu konkretu eta biziekin. Eta horretan jarraitu behar du. Gure proiektu abertzaleak beharrizan objektibo eta bizi horietan topatzen du leku egokia proiektu nazional erakargarri eta irisgarri bat proposatzeko. Maiz izan ohi dugu irudipena indar politikoei eta gizarte-mugimenduei kosta egiten zaiela auzi sozial eta sindikalei lehentasuna ematea prozesu nazionala bultzatze aldera.
Bestalde, badakigu sindikalismo abertzalearen apustu subiranista sinesgarria izango bada gauza izan behar duela, lan mundu prekarizatuari erantzute aldera, lehiaren logikak kutsatu gabeko lankidetza-guneak sortzeko. Dena dela, ELAk uste du zintzo jokatzen duela proposatzen duenean zeintzuk diren baldintza material eta praktikoak lan eta jendarte mailako prekarietateari aurre egiteko gai izango den aliantza sindikala iristeko. Gero eta eskenatoki prekarioagoan, egin daitekeen bakarra, aukera duin bakarra, borroka, gatazka eta greba eremuak identifikatu eta sendotzea da. Bitartekoak jarri behar dira hori posible izan dadin. Krisi urteen ostean, gainera, ikusten dugu borroka sozial eta laboral ugari ari dela aktibatzen. Lan munduan gero eta argiago ari da kontzientzia zabaltzen ziklo ekonomikoa aldatzen ari dela eta hau dela gure unea, langileon garaia. Sindikalismoak ezin du hitzordu honetan huts egin. Ez behintzat ELAk.
Euskal Herria, 2018ko martxoa
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Langileria!
Une réflexion sur « Aberri Eguna 2018 »
Les commentaires sont fermés.