
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Heldu den apirilaren 20an, Aberri Eguna ospatuko dugu Donibane Garazin. Lan amankomun baten testuinguruan, Aberri Egun bateratu batera deituak dira aberri zaleak. «Elgarrekin, herria, burujabetasuna» leloaren inguruan antolatua da aurtengoa Ipar Euskal Herrian. Triptiko horrek ongi adierazten du azken hamarkadetan abertzaleek kausitu ez dutena; lemak edo leloak aldarrikatzen dira baina azken finean betiko edo erregularki agertzen diren trabak edo makurrak gauzatzen dira.
Iduri luke Aberri Egunak galdu duela bere erakargarritasuna edo indarra, gazteen artean bereziki ez du iduri besta horrek zentzu politiko handia duenik. Aberri Eguna zaharkitua den besta ote da? Sabino Aranak aberria hitza ekoiztu zuenean, bere garaiko prozesu batean kokatzen zuen bere burua. XIX. mendean, nazionalitateen mendean, euskaldunek arbasoen edo aitaren herria aldarrikatu behar zuten.
1932. urtean, lehen Aberri Eguna antolatu zenean, Bazko egunean finkatu zuten jeltzaleek ospakizun horren data. Kristautasunarekin lotua, euskal nazioaren berpiztea. Frankismoaren garaian eta abertzaletasun berriaren testuinguruan, Aberri Eguna aldarrikapen eta borroka eguna bihurtu zen, gero abertzaleen arteko zatiketaren ikurra bilakatzeko ere. Urte batzuetan, hainbat Aberri Egun desberdin ezagutu ditugu.
Donibane Garazin biltzeko aurtengo deiak haize goxo baten efektua du, nolabait azken denborako abertzaleen batasun berriaren arnasa eta segida. Antolatzaileek azpimarratzen dute oinarritzat hartzen dutela abertzaleen biltzea, baita beste mugimendu edo egitura batzuekin elkarlanean aritzea ere.
Gaur egungo egoera aztertuz, Aberri Eguna zalantzan ematen ahal ote da? Abertzaleek edo abertzaletasunak proposatzen duten proiektuak aberri bat behar duenetz galdera pausatzen ahal da. Euskal Herriko biztanleriaren parte handi batek ez du Aberri Eguna ospatzen; abertzaleen artean ere, urruntasuna edo gogo eskasa sentitzen da batzuetan. Jendeak beste maila bati identifikatzen ote dira? Auzoa, herria, komunitatea? Aterabideak non dira?
Beste egun bat hautatu behar ote da? Munduan edo Europan irekitzen den fase gibelkoiaren ingurunean, asmatu edo definitu behar dea egun bateratzaileago bat, integratzaile edo inklusiboagoa euskal herritarrak biltzeko edo bederen mugimendu abertzaleak proposatutako bidea aurkezteko? Asma dezagun… nazio egun bat? Mugarik gabeko eguna? Euskal Herriaren eguna?
Gogoetak edo buruhausteak utziz, deia zabal dezagun gure inguruan Donibane Garazira etortzeko eta kopuru handian biltzeko, euskal nortasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herriko biztanleei abertzaleen proiektua eskaintzeko, ezagutzen ditugun desafio guziak gainditzeko.
Egun on:
Esaten duzun bezala, deialdia zabal dezagun eta aitzinera ospakizunarekin. Baina birpentsatu beharko genuke Aberri Egunaren formatua. Hots, leku batean elkartu edo deszentralizaziorat jo behar da?
Bestalde, beste arazo bat:
-Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian bi deialdi. Nafarroan bi deialdi. Lapurdi, Baxenafar eta Xiberoan deialdi bat. Hau ez da batasuna, ez eragileen artean, ez lurraldeen artean