ENBATAk 60 urte
Pantxoa Etchegoin, kultura eragilea
Lehen lehenik goresmenak Enbata abertzale aldizkaria hain luzaz biziarazi duzuen lankide guziei. Hain zuzen, Enbata agertu zen urte berean, 1960an, sortu nintzen Jatsun, Baxenabarren, laborari etxetiar familia batean. Aita-amek eman zidaten amodioaz gain, ez ditut sekulan aski eskertuko eskaini opariarentzat: euskaldun sortzea eta euskaraz bizitzea, oroz gainetik kantuaren bitartez.
1980ko hamarkada garrantzitsua izan zen enetzat, orduan gurutzatzen nituen lagun batzuei esker, ni baitan neukan euskaltasuna barnatu bainuen abertzale giroa partekatuz.
Kultura alorrean, erran gabe doa azken 60 urte hauetan, abertzale mugimenduak xendra, bide eta autobide frango iragan dituela, euskararen transmititzeko eta euskal kulturaren zaintzeko bezainbat garatzeko. Ez ditut hemen aitzinamendu guziak aipatuko, luzeegi bailitzateke, bainan ez ditut ahanztekoak ene abertzaletasuna finkatu zuten mementoak: zortzi urtez, euskara erakatsi nuen Baionako eta Hiriburuko gau eskoletan. Hor ohartu nintzen zenbatetako xantza nuen euskararen jabe izatea eta zein garrantzitsua zen gure hizkuntzaren transmititzea ahal bezainbat jendeei. Urte haietan, erakatsi bezainbat ikasi nuen eta lehen aldikoz 1978an Bai Euskarari kanpainan parte hartu!
Euskaldunentzat urte latzak izan ziren 1960/80ko urteak, gure nortasuna zangopilatua zen, gaitzetsia, euskal errefuxatuak trumilka etorri ziren Iparraldera, bainan ber-denboran zer-nolako urte joriak euskara eta euskal kulturarentzat.
Lehenik goraipatzekoak dira ikastolak sortu zituztenak, ondotik eskola elebidunak. Halaber, euskal kulturaren arraberritzen ari izan direnak, hala nola kantuan, antzerkian, bertsularitzan, literaturan, dantzan, arteetan…
Ene euskal gogoaren hazleak izan ziren adibidez kantu eta musika mailan Ez dok Amairu taldekoak, El Fuego dantzaldi orkestra, Peio ta Pantxoa, Etxamendi eta Larralde, Guk, Errobi, Itoiz taldeak, eta Iparraldean sortu hiru Euskal Irratiak. Euskal antzerkia gozatu nuen ere, Daniel Landartek galdeginik, lau obra desberdinetan jokalari izan bainintzen.
Orohar, urteetan, euskal jendeek eta elkarteek biziarazi dute euskal kultura, frangotan ahalbide gutirekin ikuskizun ederrak eta hunkigarriak eskainiz. 80ko urte haietan ere, egoera konplikatua zen, abertzaleek bultzatu zuten Euskal departamendua ez zen egin, eta nolazpait kontsolatzeko bezala, agintariek Euskal Herriko Kultur Etxe bat sorrarazi zuten.
Laster, ezadostasunak agertu ziren eta ez zuen luzaz iraun. Pizkundea osatzen zuten euskal elkarteen eskutik eta botere publikoen laguntzarekin sortu zen 1990ean Euskal kultur erakundea. Horra beste lorpen garrantzitsu bat!
Gaur egun, Euskal kultur erakundeak darrai bere 160 elkarte kideen laguntzen eta bere ekintzak garatzen; Euskal Herriko eta urrunagoko kultura entitateen ikusmiran da. Abertzaletasunaren aitzinamendu horietan, azpimarratu nahi ditut ere Hegoaldearekiko harremanak. Bistan dena, zorionez, ez gara bakarrak sail horretan lan egiteko bainan EKEk egiazko sare iraunkorrak sortu ditu euskal kulturaren bideetan partaide ezberdinekin, nola Eusko-Jaurlaritzarekin eta Aldundiekin, hala udalekin, elkarteekin eta artistekin. Harreman horiek zazpi probintzietako Euskaldunen baitezpadako erronkak dira!
Eta bihar zer?
Erran gabe doa Euskal Herria biziki aldatu dela, halaber euskal kultura. Hor dira xokomoko guzietan herri dinamikaren indarra, kultura eragileen aberastasuna eta ikuskizunen aniztasuna bainan ber denboran Ipar Euskal Herrian aldaketa demografiko, sozial eta instituzional ohargarriak baditugu. Ondorioz, euskal kulturak erreferentzial komuna osa dezake Euskal Herriko biztanle guzientzat, haien artean loturak finkatzeko.
Kosta ahala kosta, hainbat bide urratuak izan dira eta beste hainbeste baino gehiago gelditzen da urratzeko. Uztar ditzagun gure egitasmoetan euskara eta euskal kultura – biak bereizezinak baitira –, oroz gainetik transmisioarentzat egiten dugunari egiazko zentzuaren emateko.
Euskal Hirigune Elkargoaren sortzeak tokiko paisaia politikoaren birmoldaketa handia dakar. Euskal kulturaren eta jendarte proiektuaren arteko harremanak galdezkatzen ditu: zer-nolako tokia euskal kulturarentzat, zer-nolako bizipena?
Euskaldunok, garen tokitik parte hartu behar dugu gogoeta horietan, hitzetarik obretara pasatuz, lehen-lehenik herri mailan eta herritarrekin, hortik jalgiko baita euskal kulturaren loraldia.