Milesker egun Baionako karrikak bete dituzuen guziei! Milesker guziei Korsikako herriari euskal herritarron sustengua eta babesa helarazteagatik! Dolu egunak dituzte Korsikan eta Euskal Herrian ere bihotz-bihotzez sentitzen dugu hango arreba-anaien dolua.
Agur eta ohore Yvan!
Zutik utzi zuen Yvanek Korsika atxilotu zutelarik baina hilkutxa batean etxeratu dute.
Ghjustizia è verità! Justizia eta egia!
Estatuaren mespretxuak, itsukeriak eta ukoak erail dute Yvan. Legedi eta neurri antiterroristek eragindako biktima bat gehiago. Ekidin zitekeen heriotza da. Ekidin zitekeen heriotza bat gehiago. Aski da euskal zein korsikar preso politikoen biziarekin jolastearekin. Etxean aske eta bizirik nahi ditugu, orain!
Yvan Colonnari gertatuak, kezka eta zer gogoetatu ematen digu.
Kezka, Yvan Colonnaren heriotzarekin, preso politikoak txanpon truke gisa kontsideratzen direla konfirmatzen delakotz. Azken momentuko urratsak (DPS, hurbilketa Borghorat) haietarik baten biziaren truke eman ditu frantses estatuak. Onartezina eta mingarria da!
Kezka, Frantses Estatuak, Euskal Herria eta Korsika iraganean eta gatazka politikoan kateaturik nahi dituzten fiskaltza eta presondegietako admnistrazioaren gain uzten dituelako gure presoen geroa eta bizia.
Hilkutxen bakerik ez dugu onartuko! JON, JAKES eta UNAI eta gainerateko euskal preso eta iheslari politikoak etxean nahi ditugu orain. Eta ez dugu amore emanen. Hor izanen gira, preso, iheslari eta haien senide eta lagunen ondoan. Jendarte zibila eta eraiki den gehiengo politikoarekin behar den indar harremana eraikitzen segituko dugu, Parise erabaki politikoak hartzera behartzeko!
Azken 3 asteetan Frantses Gobernuak egindako kudeaketaren aintzinean zonbait erakaspen:
- Hala nahi izanez gero, Frantses Gobernuak korsikar zein euskal preso politikoen auzietan berebiziko erabakiak har ditzake. Etxeratze prozesua auzi politikoaren baitan ezarri behar du eta elkarrizketaren bidez konponbide politikoa bururaino eraman.
- Gatazka politikoen erroak konpontzen ez direno, ukazioaren bizipena belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Eta gatazka politikoaren oinarria non dagoen argi da: Herrien aitortza politiko eza.
Korsikako instituzioek aspalditik aldarrikatzen duten autonomiaren gaia azken egunetako giroan mahai-gainean jartzeak gatazkaren arrazoi politikoak agerian utzi ditu. - Frantses estatuaren aurpegia denen bistara argi gelditu da. Kortsikan Estatuaren kudeaketa urte luzeetako ukazio eta mespretxua izan da, abertzaleak Korsikako kolektibitatean gehiengoan izanik ere. Eta orai bapatean, karrikako erantzunen presione pean, kontestu elektoralean, elgarrizketa politikoetarako keinuak egiten ditu.
Argi da arazoa ez dela Korsikar arazoa, edo euskal arazoa, frantses estatuak du arazo bat, ezintasun bat, hetsikeria eta itsukeria arazo bat. - Herri bezala erantzutearen indarra. Yvan Colonnaren erasoari lehenik eta bere heriotzari ondotik, herri gisa erantzun diote.
Korsikan, Euskal Herrian bezala gure geroa denen artean eztabaidatu eta eraikitzeko prozesu demokratiko bat behar dugu. Konponbide demokratikoa da giltza!
Korsikan, Euskal Herrian bezala, urteetan eraiki diren adostasun eta aldarriak errespetatu eta gauzatu behar ditu Frantses Estatuak. Horretarako, adostasun zabalak eta herri mobilizazioa dira giltza.
Horregatik, PNAT-a eta gobernuaren itsukeriaren aitzinean, datorren apirilaren 2an, Bakegileen deialdira batzeko deia luzatzen du EHBaik. JON, JAKES, UNAI eta gaineratiko presoak etxeratzeko gakoa garelako! Etxean nahi ditugulako!
Horregatik, bestalde, gure herri aldarrikapenak egiten eta eraikitzen segituko dugu. Apirilaren 17an Azkainen ospatuko dugun Aberri Egunean, Euskal Herriak burujabetza behar duela argi eta ozen adieraztera deitzen zaituztegu.
Historia, herriek egiten dute! Irabaziko dugu! Bakea eta askatasuna lortuko ditugu Euskal Herriarentzat zein Korsikarentzat!
Agur eta Ohore Yvan, eviva o populu Corsu! Gora Euskal Herria Askatuta!
Colonnaren kontrako epaia ez zuzena izan da. Erignac prefektua erail zuelako froga azkarrik ez zegoen, dakigunez, baizik eta susmoak. Pertsona bat ezin daiteke zigortu susmoengatik.Haren heriotza zerbait konplotutatako bat izan dela pentsatzen dut. Colonna zena eta eraildako preso djidahista « sekuritate handiko » presoak ziren eta dira. Hortaz ezin zuten kartzelaren barnean hain libroki ibilli. Oroitzen naizenez, kiroltegira sartu zen Colonna, zaindaria kanpoan zegoela, eta gero djidahista sartu zen, beti zaindaria kanpoan eta atea itxita. Eta horrela 10 minutu. Une horretan preso bien arteko borroka hasi zen, eta Djidahistak serioski zauritu zuen Colona. Kirol gunearen barnean kamara bat bazegoen ,baina bideoa beste toki batetik begiratzen zuen zaindariak « beste afera batean zegoen, hierakiak aginduta » . Hots bi zaintza oso eskasa denbora berean, eta « leku segur batean zerratuta egon behar zuen preso bat nahi zuena egiteko une batean libro ». 1977 ean Alemanian gertatu zen Baader « fin gaixto » egitea tristeki gogoratzen didate Colonnaren kontrako erasoaldiak eta heriotzak. Colonaren hiletan eta omenaldian Korsikan CRS dalde batek « La Marseiilaise » abestu izanak probokazio hutsa deritzot. Korsikan abertzaletasuna baztereko erokeria bat ez dala kontutan hartu behar dute agintariek. CES ekegindakoa probokazioaz gainera, errespetu falta da.