Ez da ez usteko haundirik izan prefetak, ekainaren 27-an, Hautetsien kontseiluaren aintzinean egin dituen proposamenetan.
Alabainan, zenbait aste lehenago, gobernuaren ordezkariak berretsia zuen Parisek ez zuela lurralde kolektibitate berezirik onartuko Iparraldekotzat.
Gaur egungo frantses legediak onartzen dituen antolakuntza posibilitateen barnean beharko zela aurkitu aterabidea, nolabaiteko ezagupen instituzional bat nahi bazen hiru euskal probintzientzat.
Prefetaren hitzen arabera, gobernuak ez dauka lurralde kolektibitate berezia egokitzat. Alta, ez hain aspaldi, beste lehen ministro sozialista batek, Lionel Jospin-ek, adieraztera eman zuen Iparraldeko hautetsien gehiengoaren onarpena bilduz geroz, euskal departamenduaren sortzea ez zela baztertuko.
Gaur egun, hautetsien gehiengo osoa Lurralde kolektibitatearen alde dago. Gainera, kontra ziren hiru hiri nagusietako auzapezak erretiratu dira martxoko hauteskundeetan, hiru aldekori tokia utziz.
Orduan, eskakizunaren legitimitate demokratikoa ez da zalantzan jartzekoa. Orain arte, baldintza bat bete orduko, Parisek beste baldintza bat ezartzen
zigun gure ezagupen instituzionala baztertzeko.
Orain berriz, ez da baldintzarik gehiago aipatzen, ezetza ez da justifikatzen: ezetz eta kitto.
Ezetza onartu behar da ala ez? Prefetaren herri elkargo bakarraren proposamena onartu behar da ala ez?
Lehenik, azpimarra dezagun prefetak deserdiratze prosesuaren 3. aktaren barnean kokatzen duela delako herri elkargo bakarraren sortzea. Hori da zinez jendea zozoarentzat hartzea, gaurko legediak herri elkargoen bateratzea onartzen baitu. Orduan, ez da batere legea aldatze beharrik herri elkargo batzuk bateratzeko bidea hartu nahi badute. Iparraldeko herri elkargo baten sortzeak ez du deus ikustekorik deserdiratze legearekin. Hautetsien nahikaria aski du. Behar diren tresna juridikoak hor dauzkate. Jadanik dagoena berrikuntza balitz bezala presentatzea gezurka aritzea da.
Herritar askok, abertzaleak barne, prefetaren proposamena aitzinapen bat bezala hartuko dute, « real politik »aren izenean. Prefetak dioen bezala « teknikoki egokia » da. Teknikoki behar bada bai. Politikoki ez. Iparraldeak behar duena ez da azpiantolakuntza instituzional bat, erdibideko eredu zerbait, beti goragokoen -eskualdearen edo departamenduaren- meneko izanen den zerbait. Zinezko nortasunik eta eskumenik ukanen ez duen zerbait.
Gainera, gaurko herri elkargoen buruzagiek beren feodalitate ttipientzat duten atxikimendua jakinik, elkargo bakar baten faboretan hara-kiri egitea
ez dute sekula onartuko. Orduan gertatuko dena da, arrabots mediatiko hau ixil du eta, ezer gabe geldituko girela.
Guk behar duguna da kolektibitate bat, demokratikoki hautatuak izanen diren biltzar eta agintariekin, eskumen propioak ukanen dituena, bere zerga iturriak segurtatuak izanen dituena, beste kolektibitateekin kontratatzeko ahalmena ukanen duena, hots herri hunen geroa hobeki segurtatuko duena.
Guk behar duguna da kolektibitate bat,
demokratikoki hautatuak izanen diren
biltzar eta agintariekin,
eskumen propioak ukanen dituena,
Hortakotzat, gobernuaren ersatz proposamenen aitzinean tinko eutsi behar diogu gureari. Frantses estatuak onartu behar du Ipar Euskal Herri hau berezia dela eta beraz eskumen bereziak behar dituela. Hortarako ez da lege berri beharrik. Frantses konstituzioaren 73. artikulua aplikatzea aski da.
Prefetaren herri elkargo bakarraren onartzea, urte eta urteendako, gure eskakizunari uko egitea litzateke, gure ametsa, hobeki erran gure eskubidea, ehorztea. Abertzale giren hainean, ez dugu zeporat erori behar. Ozen eta baturik aldarrikatu behar dugu hori ez dela nahi duguna. Hortakotzat EH Bai-k, sinesgarritasun izpi bat nahi badu, emazte edo gizon bat lehenbailehen izendatu behar du, ezkerreko abertzale guzien bozeramaile izanen dena. Bai eiki, ahots bat behar dugu, gobernuaren ordezkarien eta tokiko hautetsien mintzakide izanen dena, espazio mediatikoa okupatuko duena, herritarrek abertzaleen ahots bezala identifikatuko dutena.
Gaur egungo gizarte mediatizatua horrela martxatzen da. Pertsona bakar baten bidez boz bakar bat entzunarazi behar dugu. Bestenaz gure mezua burrunba mediatikoan itoko da eta gure eskakizuna gobernuaren jokotria sasietan galduko. Ahots bat, gure herria abots batentzat!