ELB Sindikata
2022ko uztailaren 8an Akitania Berria eskualdeak mendiari eta artzaingoari lotu 2023ko proiektu deialdiak aurkeztu zituen . Aldaketen artean bortuetan tropen zaintzeko laguntza atxemaiten da, orain arte «7-6-B Bortuko eremuen balorizatzea» izenarekin zena eta oraitik goiti «70.31 Predazio eremuetatik kanpoko tropen zaintzeko laguntza» deituko dena. Laguntza berdina da bainan prefetura agiri batek finkatzen dituen C0 eta C1 predazio eremuetatik kanpo bortuan ibiltzen diren laborariek dute bakarrik laguntza hau ukaiten ahalko.
C1 eta C0 eremuetako bortuetan ibiltzen diren laborariek «76.13 etxaldeek predazioaren kontra egiten dituzten inbestizamenduak» laguntza berezia beizik ez dute ukaiten ahalko. Laguntza hunen eskuratzeko tropen babeste neurriak plantan ezarri beharko dituzte laborariek, ondoko hiru hauetatik bi bederen: tropen zaintza azkartua (norbaiten presentzia bortuan gau eta egun); babeste zakurrak; inbestizamendu materialak (korrale elektrifikatuak).
Aski fite ELB sindikatak afera hau eskutan hartu du eta aldaketa hunen kontra joan da.
ELB sindikatak dio laborariek, orain arte bezala, bi laguntzen artean hautatzeko posibilitatea atxiki behar dutela. Bi laguntza hauek ez dute helburu berdina: batek biodibertsitatea eta mendian bizia atxikitzea eta bortuko eremuen balorizatzea ditu helburu; eta besteak etxaldeetan eta bortuan tropak predazioaz babesteko helburua du.
Azken urteetan «7-6-B Bortuko eremuen balorizatzea» laguntzari esker Akitania Berria eskualdeak azkarki lagundu ditu bortura joaitearen hautua egiten duten laborariak bai eta ere mendiak duen dinamika ona. Partez, laguntza huni esker dira gure mendiak hain entretenituak eta biziak. Akitania Berria eskualdeak hartu berri duen erabakiak ezagutzen dugun dinamika lanjerrean ezartzen du eta hori ezin ulertua da ikusiz zer nolako erronkeri buru egiten duen artzaingoak euskal mendietan.
Bestalde, ELB sindikatak dio harrapari eta artzaingoaren arteko kohabitazioa ezinezkoa dela eta mendian bizitzea predazioari baldintzatua egon dadin errefusatzen du. Gainera, ELB sindikatak dio «76.13 etxaldeek predazioaren kontra egiten dituzten inbestizamenduak» izeneko laguntzaren eskuratzeko plantan ezarri behar diren babeste neurriak eraginik gabekoak eta desegokiak direla euskal herriko bortuetako eremuetan atxemaiten diren praktikeri begira.
Badu zonbait hilabete orain ELB sindikatak aldaketa hunen kontrako boza Akitania Berria eskualdeko eta estadoko arduraduneri entzunarazten diela. Elgarretaratze batzuen ondotik, solasek segitzen dute batzu eta besteekin.
Hilabete zonbaitzuen buruan lehen tropak bortura iganen dira eta tropen zaintzari eta artzaingoari lotu laguntzen berririk gabe dira laborariak. ELB sindikatak eskualdeari afera huntan gibelera egin dezan galdegiten dako fermuki. Behar beharrezkoa da 70.31 laguntza laborari guzieri idekia izan dadin, bortua herri batean edo bestean kokatua izanik ere.
Laborariek eta tropek dituzte bortuko eremuak erakargarriak eta idekiak atxikitzen bai eta ere mendiko ekonomia azkarra segurtatzen, ondorioz laguntza beharrezkoa dute. Gure mendiak bizirik atxikitzeko, artzaingoa sustenga dezagun !