Oraiko eran, iduri luke Irun eta Hondarribiako alarde tirokariek bi etsai badituztela zizpen begian: emakumeak eta Iparraldekoak. Iparraldetik hasiko naiz. Eiki, zer ospatzen da bi jai horietan? Frantziaren aurkako garaipen pare bat. Eta noren alde? Espainiako inperioaren zerbitzuko. Abertzaleak ere horretan buru belarri. Baina funtsean, noren aurka? Frantsesen aurka dirudienez. Haatik frantziar horien artean bazeuden Iparraldeko euskaldun batzuk, bereziki Lapurdiko miliziak, baita hasieran bederen Nafarroako erresuma berriz eskuratu nahiz zebiltzan nafar eta gaskoin batzuk ere. Espainia garaile, Probintzia urgazle. Frantzia galtzaile, Lapurdi eta Nafarroa barne. Hori da Gipuzkoako bi hiritan alardez ospatzen dena.
Haatik bestalde, historiako gertakizun haietarik urrunduz, bi jai horiek beregaintasun bat hartzea baliteke, jai herritar petoak bilakatuz. Herrian elkarrekin alaitzeko eta jolasteko aitzakiek eta estakuruek ez dute halako maiztazunik: aukera bat gertatzen delarik, zeren ez baliatu? Bai, baliteke. Baina larriena da emakumeen parte hartze zuzenaren aurka dirauen itxikeria gogorra.
Herrialde islamista batean ote gaude? Emakumeek ez omen zutela bi guduka haietan parte hartu…Eta zuk, jauna, zenbat tiro bota zenituen han? Gainera pentsatzeko da gizonak borrokan ari ziren bitarte hartan, emakume gehienek etxeaz, haurrez eta xaharrez arta hartzen zutela, gudarien itzulerako behar ziren apailuak eta apairuak egiten zituztela. Eta ni neuk orain berean, lerro hauek idazten ditudan ber denboran, emazteak bien otordua prestatzen digu. Bestela, luma utzirik, zartagina hartu behar nuke, trebetasun handirik gabe, denbora puska bat laga, bazkari txarra egin, izkiriatzeko kemena ere galduz.
Berthol Brecht aleman idazle sonatuak olerki batean idazten zuen bezala: « (…). Alexandro gazteak Indiak konkistatu zituen. Bakarrik ote? Zesarrek galiarrak garaitu zituen. Sukaldaririk ez ote zuen berekin? Espainiako Felipek nigar egin zuen itsas armada hondatu ziotelarik. Beste inor ez zen horrekin nigarrez ari? Federiko II.ak Zazpi Urteko gerla irabazi zuen. Beste nork irabazi zuen? Orrialde bakoitzean garaipen bat. Oturuntza nork apailatu zuen? Hamar urtekal gizon handi bat. Gastuak nork ordaindu ditu? (…).”
Berdintasuna noizko
Arren, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna noizko? Jaietan bederen? Sukaldetik ateratzen direnean? Gainera, aldatuz ez dabilen ohitura, tradizioa, laster zaharkitzen da, gero fosil egiten, eta hiltzera doa. Hori bera aitzinikusi genuen Zuberoako trajeria edo pastoralean. Antzutzera zoan, akerren artean ezin baita pittikarik ez ahuñerik ez antxumerik egin. Bizi berri baten emateko, emakumeak oholtzara deitu genituen duela hogeita hamabost urte. Hastean guti ziren, bizi publikoan ere toki eskasa baitzuten. Orain gizonek bezainbeste leku hartzen dute tauladan, “türk” armadan ere, eta sekula baino indartsuago dugu Zuberoako antzerti zaharra.
Ber bilakaera baikorra opatzen diet Irun eta Hondarribiako alardeei…datozen hauteskundeen ondotik. Bitartean alarde tradizionalaren hobestea hitzemanen dute udalerriko agintera hupatu edo han egon nahi dutenek, hauteskunderik ezin baita irabazi demagogiarik egin gabe, gehiengoa lausengatu gabe. Baina gero, beroan bero, hautetsi berriek berdintasun legea bete behar lukete. Herritarren artean batasuna berriz lotzeko ere balio luke, diplomazia pixka batekin bidea irekiz. Haatik franko laster behar luke, gauzak berriz hoztera utzi gabe. Pirinio bortuko ibar estu eta tradizionalista batean erdietsi dugun aurrerapausoa, ezin lortua ote da itsasaldeko bi hiri progresistatan? Uste dut hein hori egin daitekeela, borondate on puska batekin…adibidez bi alardeak elkarren ondozka ibilaraziz, inori beste baldintzarik inposatu gabe? Iduri zait posible izan behar lukeela XXI. mendeko Euskal Herrian.