Mobilizazio egun azkarra irailaren 19 honetan, Bake Bidea eta Bakegileek deiturik, pareta baten aitzinean girela adierazteko, parketea aitzinamendu eta esperantza guzien kontra agertzen dela eta. Kartzela zigorra heriotzeraino bete? Ez eta ez berritsi dute parte hartzeaileek. Datorren hitzorduak aste honetan berean dira. Irailaren 24an Jakes Esnalen baldintzapekoaren erabakia emanen du dei auzitegiak eta egun berdinean Xistor Haramboure-k dei audientzia izanen du. Irailaren 25ean mobilizatzeko deia luzatua da arratsaldeko 7etan Donibane Lohitzunen Luis XVI plazan.
Mobilizazio eguna zen irailaren 19 huntan. Goizaldean, 1000 pertsona inguru bildu dira hainbat herritan antolatuak ziren 24 elkarretaratzeetan: Maule, Miarritze, Ortzaize, Uztaritze, Urruña, Bidarte, Ezpeleta, Hendaia… Ondotik, hiru auto zutabe Baionara buruz abiatu dira, Suprefetura aitzineko elkarretaratzeraino.
Bertaratutako jendearen aitzinean Anaiz Funosas eta Mixel Berhocoirigoin adierazi dute mobilizazio egun horrekin Bake artisauen dinamikak bihurgune garrantzitsu bat hartzen duela.
Egur taula eta harri blokez osatutako pareta sinboliko bat eraikia izan da Frantses Estatuaren egoitzaren aitzinean. 1300 pertsonek parte hartu dute ekintza sinboliko horretan, giro kartsu eta deliberatuan.
Iniziatiba hartu duten herritarren ondotik, hautetsi batzuek hartu dute parte ere, hauen artean Baionako auzapez eta Elkargoko lehendakari den Jean-René Etchegaray, Bruno Carrère Uztaritzeko auzapezak, Dominique Idiart Senpereko auzapezak, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, Daniel Olçomendy Izurako auzapezak…
Bukaeran, antolatzaileek beren determinazioa berretsi dute eta irailaren 25erako mobilizazio berria iragarri. Donibane Lohitzunen iraganen da, Jakes Esnal presoaren baldintzapeko askatasun galderaren azterketaren eta Frédéric Haramboure presoaren dei auziaren biharamunean.
Larunbata, irailaren 19ko hitz hartzea:« Gaurko eguna, irailaren 19ko egun hori, bihurgunearen eguna da.Denbora pasatzen uztera, pedagogia… ez dira aski!
Bere aniztasunean batzen den jendartea: ez da aski!
Iraganeko pisuak oztopatzen ditu etorkizuneko urratsak. Aldebakartasunak Estatuen esku hartzea derrigortzen du; arduragabea eta kriminala da inplikazioa errefuxatzea.
Bake prozesua aitzinatu behar da. Oztopoak gaindituko ditugu! Beste hauturik ez da!
Gaur, sinbolikoki, Estatuaren tokiko antenaren aitzinean pareta bat eraikiko dugu. PARETA BATEN AITZINEAN GIRELAKO ! Parketea aitzinamendu eta esperantza guzien kontra agertzen da. Kartzela zigorra heriotzeraino bete ? EZ ETA EZ!
Xixtor, Jakes, ION eta UNAI askatu behar dira!
Bizikidetzara eramanen gaituen bidea askatu behar dugu. Bide hori justizia trantsizionaletik pasatzen da, biktima guzien ezagupenarekin eta presondegia ez den beste perspektiba batekin, gaur giltzapeturik diren guzientzat.
Parketeak bere jarrera aldatu behar du. Ez dezala gehiago bakea oztopatu. Bake prozesuari egokitzen den politika penala behar da plantan eman. Hori baita Euskal Herriko jendarteak, bere aniztasunean, galdetzen duena.
Orain hasiko dugu ekintza sinbolikoa. Izan dadila parte hartzailea guziek gure ekarpena egiteko.
Eginen dugu lasaiki eta determinazioarekin. Ez dugu erantzunen izan ditezken probokazioei, Arrazaioa gure alde ! »