Azken aste hauetan, Spanghero afera dela ta, Lur Berri kooperatibaren ibilmoldea zein nolakoa bilakatu den, denek dakigu.
Duela berrogeita hamar bat urte hasi ziren laborantza eta langile munduan gogoeta batzuk enpresen kudeaketa molde berri batzuei buruz abiatzeko.
Itxaropenez beterik, zenbaitzuk hasi ziren lantegi batzuen muntatzen, Lur Berri horietarik bat zelarik.
Ikusten dugularik, laborariek sortu tresna batzuk, zer bilakatzen ari diren eta gaur-egungo agintari batzuen jukutriak zein nolakoak diren, bada bi gogoeta egitekorik kooperatiba horien etorkizunari buruz.
Jakinez ez dela laborantza sektoreko kooperatiba bakarra beste bide bat hartu duenik.
Berria kooperatiba, berantago sortu zena, laborariek diru zama batzuk eman zituzten gasnategi baten sortzeko, beste multinazional batzuen parean, tupeta izan zuten, ez zezaten monopolo osoa ukan.
Ahantzi gabe, manifestazio gogorrak iragan zirela, esnetegi handi horien politika salatzeko.
Enpresa hori ere, gaur-egun, Andros multinazional baten esku dugu!
Ze pasatzen da?
Badakigu enpresen sortzen, merkatu batzuen irekitzen eta ohartu gabean eskuetatik eskapatzen zaizkigu.
Ze pena!
Enpresa horiek beste bide bat hartzen ari duten mementoan, jendarte zabal batean, gauzak aitzinatzera doa.
Kontsumitzaileek kontzientzia hartzen ari dute, jaten dutena inhala lekukoak izan daitezen, AMAP delakoak arrakasta handia daukate, etxeko ekoizpenak ezagutuak dira.
EHLGren inguruan sortu den dinamikak, zerbait ikusteko baduke.
Azken denbora hauetan, euskal moneta baten sortzea izan da beste pausu bat aitzinago.
Gauzak sentsu onera abian direnean, kasu egin beharko da, duela urteak dinamika azkar batzuen bidez sortu diren kooperatiba batzuk ez daitezen bakarrik ametsak gelditu.