Deiadar manifan zen giroa ez zait zinez gustatu…
Ez naiz errugbizale amorratu bat bainan egia da nunbait nahiago nuela telebistaren aintzinean pasatu nere larunbat arratsaldea.
Horrez gain, ez nuen nere inguruan senditu alimaleko giro bat eta « rutina » bat bezala ikusten nuen hamaikagarren manifa hau.
Eguraldia xarmanta zen bainan ez aski bero ere garagardo batzu goxatzeko manifaren ondotik.
Irakurle maitia, senditzen duzu beraz begi ezezkorrez etortzen nintzela Deiadarrari erantzuteko.
Ibiltzen nintzen manifaren barnean eta hor eguzki izpi batek argitu nau eta argitu aldi berean ilunean nituen elementu guziak.
Sorpresa eder bat izan da ikustea manifan agertzen ziren banderen artean, Okzitaniako bandera; segidan pentsatu dut usaiako lagun biarnesak zirela, duela hamarkadak orain elkartasuna erakusten digutenak okasione ainitzetan. Bi hitz trukatu eta gero, harritu naiz ohartzean Angeluko eta Baionako kaskoin batzu zirela. Aitortu behar dut kasu batzuetan madarikatu dituztala ohartu bainintzen heien kaskointasuna euskalgintza edo euskaltasunaren herra bat baizik ez zela. Iduri luke ideiak edo pertsonak kanbiatu direla. Nunbait hunkitua egon naiz ere ikusten nituelarik kaskoin horiek (gehienak adineko pertsonak) irriz ari eta kontent entzutean haur andana bat euskaraz mintzatzen ari heien aintzinean.
Emeki emeki manifa burrunba ezaren erdian, gogoratu zait maite dutan kantu bat, Nadau taldeak partikulazki kantatzen duena eta erraiten duena kaskoinez « la libertat es el camin ».
Hor ginen, euskaldun edo kaskoin, denak bonetadun, borroka amankomun batean gure duintasun linguistikoa aldarrikatzeko eta baita ere gure bi identitateak batzen dituen Euskal Herri « entité » bat galdegiteko urrun den estado bati.
Azken finean, gure departamendu zaharkituaren lema bat hobekiago ulertzen dut orain, lema horrek zion frantsesez « bi aldiz bat baino hobe », bi hizkuntzetan, batean baino hobe beraz…
Okzitaniarrak eta Euskaldunak borroka berean sartu gara: geure hizkuntza jatorraren defentsa alegia. Okzitanieraren defentsa Baiona Angelu eta Biarritzeko hiriguneari bakarrik ez dagokio, baizik eta Euskal Herriak bezalaxe zazpi probintzik osatzen duten Okzitania guztiari. Okzitanierazko Noble Saria lortu zuen Frederic Mistralelek zera aldarrikatu zuen:
« Lurrera aurpegia emana, eror bedi herri bat morroitzapean; bere hizkuntzari badatxekio, bere kateetatik askatuko dituen gakoa badu. »