Angela Davis gutartean zen.
Angela Davis gure laguna da, errepikatu dugu. Gurea… norena ? Denena ?
Aberasgarriak eta ezinbestekoak, utzi dizkigun irakaspenak.
Hamaika opresio sistemek ingurutzen, kudeatzen eta bortxatzen gaituztela ; guztien barne girela, zapaldu ala zapaltzaile/pribilegiatu gisa. Ez girela sekula horietaz aparte.
AEBetako beltzek pairatu diskriminazioen aurkako borrokalari ezaguna da Davis. Black feminism pentsamenduaren gogoetari ospetsua ere da. Gizon beltzei ohartarazi zien emazte izateagatik beste motatako zapalkuntza batzuk gehitzen zitzaizkiela emazte beltzei. Feminista zuriei ere irakatsi zien zapalkuntza ala pribilegio batzuk gehitzen zituela larru koloreak. Generoa, arraza, klase soziala, kapital ekonomikoa, kapital kulturala, identitate sexuala… aldi oro zapaltzailea/pribilegiatua ala zapaldua. Batean zapaldua dena beste batean, berriz zapaldua ala pribilegiatua izan daiteke.
«Foutez le camp ! Vive les banlieues, vous avez du monde à taper là-bas!». Txakurrei oihukaturiko kontseilua zen, eta hori, iragan uztailean, Ortzaizen burutu atxiloketak salatzeko egin elkarretaratzean. Euskalduna zen gizona, abertzalea ere seguraski, edo behintzat aliatua. Nazio askapenaren borrokari doakionez, zapalduen aldean. Ni bezala, gu bezala. Bertakoa izateak dakarren pribilegioan untsa bizi haatik ; atzerritarra ala atzerritarraren larru kolore bera duena ezinbesteko duena pribilegio horretaz gozatu ahal izateko. Pairatu zapalkuntza arintzeko, zapaltzailea beste zapalduari so jarri nahi izan zuen.
Nazio askapenaren aldeko borrokan alde berean gira. Horretan geldi, haatik. Gizon zuri hori ez da nire laguna. Eta funtsean, hura ez da Angela Davisen laguna!