Atherbea Ipar Euskal Herrian langabezia, baliabide eta aterberik gabe zailtasunetan diren pertsonei, bergizarteratzeko xedearekin harrera segurtatzen dien elkartea da. Pantxika Ibarboure, Atherbea elkarteko Zuzendari Ordeak aurkezten digu elkarte horren ibilbidea eta migranteei buruz daraman lan berezia. Apirilaren 20 eta 21ean, ostiralean eta larunbatean, Atherbeak, Bizi! eta Etorkinekin kolektiboarekin antolatzen duen « Immigrazioa bestela pentsatu, hemen berean ekin » Foroan lan horren hurbilagotik ezagutzeko parada ukanen dugu ere.
Atherbea elkartea, 1954 urtean sortu da aterperik ez duten jendeari harrera egiteko. Garaian gizonak soilik errezibitzen zituen, eta 1983 urtean, «Les Mouettes» (Antxetak) zentroa ideki zen, bakarrik ziren emazteak eta beraiekin zitezkeen haurrak aterpetuz. Ondoko urteetan (1980-1990), elkarteak zentro berriak ideki ditu Baionan, besteak beste gizarteratze helburua dutenak eta haietarik bat babes eskaera egiten duten migranteei harrera egiteko dena. 2000 urtetik goiti, Atherbearen garapena laguntza sozialen dibertsifikazioa bultzatuz joan da. Pertsona bakoitzak dituen behar bereziei eranez, laguntza sozialaren eredu estandarra baztertuz. Atherbeak, sare zabal batekin osagarritasuna bilatuz, elkarlana eta kooperazioa sustatuz tokiko elkarteekin partaidetzan. Orotara, 140 langileen parte hartzearekin eta hainbat boluntarioekin animatzen dira Atherbeako zerbitzuak: aterpe eskaintza, karrikako heziketa den «Prebentzio Berezitua» zerbitzua, karrikan daudenei zuzendutako Baionako harrera gunea, Miarritzeko larrialdi zentroa, bortizkeria jasaiten duten emazteen larrialdi bizitokiak, migranteen harrera zentroak eta jatetxe soziala, besteak beste. Izan, emaztea, gizona, gaztea, adinduna, migrantea, bakarrik, bikotean ala haurrekin, urtean zehar, Atherbea elkartera 3000 pertsona hurbiltzen dira eta gauero 300 pertsona aterpetzen ditu.
Gaurko demografiaren aldetik, Ipar euskal herria Akitaniako bigarren bizi eremua bilakatu da, 308 000 biztanleekin eta %12.2 ko pobreziaren tasarekin. Hots, 37 000 mila jende dira pobrezia egoera batean bizi. Pobreziaren masifikazio baten aurrean gaude, pobrezia isila itsuski normalizatzen delarik (norbaiten etxean biziz, gaindika beteak diren bizitokietan, squat batean, hotelan, oihalezko etxean, autoan, akanpalekuan…). Jendetzaren babesarako sozial politikak, hiru desafio nagusi ditu bere aurrean: bizitoki soziala, gabetuak direnentzat babesa soziala, eta migrazioa.
Azken hilabeteetan, ikusi da nola Frantses estatuak babes eta migrazioaren politikak larriki gogortu dituen. Abenduaren 12ko legedian, Gérard Collomb barne ministroak azkarki jo du larrialde zentroetan dagon baldintza gabeko harrera printzipioa. Pertsonen kontrola administratiboa baimentzen du, nazionalitatearen arabera, jendartearen bereizketa eta kanporaketaren helburuarekin. Mugimendu azkar bat antolatu da Frantses Estatuan eta Estatu Kontseiluan legedi horren kontra dei egin da.
2015 eta 2016 urtetan, Frantses Estatuan izan diren atentatuen ondotik eta azken urteetako migrazio mugimenduarekin, mehatxupean zegon migrantea, «mehatxatzailea» bilakatu da! Testuinguru horretan, Atherbeak migranteen bi harrera toki ideki ditu, 2015ean Baigorrin eta 2017an Baionan. Bi esperentzia horietan, Herriko Etxeen engaiamendua baikorra izan da. Duintasunezko baldintzak segurtatzea izan da helburua (baldintza materiala egokia, segurtamen psikologikoa zainduz eta eskubideen bide administratiboa profesionalki eramanez). Elkar bizitza, ingurumenaren ezagutza, gizarte zibilan integratzea prozezu osoan sartua da. Horretan, 100 bat boluntariok/militanteek eraman dute lana gurekin, baita tokiko hamar bat elkarteek. Gurekin genuen migrante lagun batek adierazi zuen bezala, Baionan iritsi zenean “migrante bat baizik ez zen” eta orain “gizaki bat baizik ez da”. Aldiz, migrazio politikaren gogortzeak behartu ditu, genituen 20 migrante zentrotik joaitea, dublinatuak zirela aitzakian. Gertakari horren salatzeko, tokiko militante sarea oldartu da, migranteen aldeko kolektiboa azkartu da. Salaketa urrats juridikoak antolatu dira tokiko abokatuekin. Ipar Euskal Herrian, espero zuten ezaxolatasuna ez da gertatu! Zentroetan harrera egiteaz gain, hamarnaka etxe ideki dira migranteei harrera eta babesa emateko eta hori hainbat elkarteei esker.
Gaiaren sakontzeko parada, « Immigrazioa bestela pentsatu, hemen berean ekin » Foroan, ostiralean eta larunbatean, apirilaren 20 eta 21ean: