Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
1989ko azaroaren 20an gauzatu zen. Egun hartan, Nazio Batuen Erakundearen biltzar orokorrak dokumentu inportante bat onartu zuen, Haurren Eskubideen Aldeko Hitzarmena, helburu nagusia zuena mundu duin bat eraikitzea eta gauzatzea haurrentzat. Lehen aldiz Historian, 18 urtetik beherako gazteak gizakiak bezala kontsideratuak ziren. Dokumentuaren arabera, haurrek edo gazteek baitezpadako eskubideak merezi dituzte, izan sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak edo linguistikoak. Ez da sekula holako konbeniorik izan, munduko 197 Estatuk onartua baitute.
Hitzarmenak 54 artikulu kontatzen ditu eta azpimarratzen dituen eskubideen artean, nortasuna, hezkuntza, diskriminazio eza eta haurraren goreneko interesa agertzen dira.
Geroztik, azaroaren 20a bilakatu da Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna.
Artikulu guzien artean, batek problematika bat pausatu zion Frantziako Estatuari, hogeita hamargarrenak. Azken horrek dio « gutiengo etniko, erlijio arloko edo linguistikoa edo jatorri indigena duten pertsonak dauden Estatuetan, haur indigena bati edo gutiengo horietako bati berezko bizitza kulturala izateko, aitortzeko eta praktikatzeko, bere erlijioa edo norberaren hizkuntza beste kideekin batera erabiltzeko eskubidea ezin zaizkio kendu. »
Estatu batek hitzarmena bere osotasunean izenpetzea hauta zezakeen; aldiz « erreserbak » egin zitzakeen artikulu bat ez aplikatzeko. Frantziarentzat, konstituzioaren bigarren artikulua kontuan hartuz, gobernuak iragarri zuen ez zuela hitzarmenaren 30. artikulua aplikatuko. Frantziako hainbat ikastetxetan, nazioarteko dokumentu hau aipatzen da eta ikertzen azaroaren 20an, jakin gabe Frantziako Estatuak ez duela testua osoki berretsia.
Duela guti, Frantziako hezkuntza eta gazteriaren ministeritzak azaroaren 20a hautatu du (ohartu gabe seguraz ere data hortan erortzen zela agiria…) plazaratzeko dekretu bat non azpimarratzen duen gazteek brebetako idatziak tokiko hizkuntza batean pasa ditzaketela, konbenio batek onartzen duelarik. Aldiz, azterketa segurtatzeko eta ikasleen arteko berdintasuna errespetatzeko, gaiak eta dokumentuak frantsesez izan behar dira.
Aipatzen da erabakia hizkuntza gutituen aldeko europar kartaren kontra joaten dela, pentsatzekoa da errektoretzak plazaratu duen dekretu berri horrek alderdi politikoak edo gizartearen parte batzuk inarrosituko dituela; 64 departamenduko kontseiluaren presidentea baikor agertuko da dekretuarekin haren alde onak baizik ez baititu ikusiko, Bagira inkestari erantzun dutenek azpimarratuko dute urrats bat gibelera izan dela erabaki hau. Hezkuntza sailean, egunero euskara edo euskaraz irakasten duten irakasleak haserretuko edo etsiaraziko dira. Azken finean, heldu batzuen problematikak…
Azaroaren 20an hartua izan den dekretua beste maila batean koka daiteke, gazteriaren nazioarteko egunean, hainbeste goraipatzen den mendebaldeko demokrazia zahar batean… 14-15 urteko gazte batzuek dute pairatuko heldu batzuen eta Estatuaren izaera hetsia.