Mila biztanletik goitiko herrietan EH Bai-en babesarekin aurkeztu diren zerrendetarik bat da Jean-Michel Coscarat karguan zen auzapezarekin berriz aurkeztu den « Aintzina Baigorri » zerrenda bakarra. Zerrenda buru den Antton Curutcharry baigorriar hautetsiari Baigorri eta Garazi aldean herriko bozetako presentzia abertzaleari buruz hainbat galdera luzatu dizkio Enbata.Info-k.
Nola iragan dira Baigorrin herriko bozak?
Baigorrin, zerrenda bat baizik izanki, emaitza ezin hobea ardiesten dugu. Halere, parte hartzea %51,17koa izan da, eta 538 boz ukan ditugu. Ez da gaizki. Konparaketa baten egiteko, duela 6 urte, bozkazalegoaren %85a mobilizatu zen herriko bozak kari eta 615 boz eskuratu ginituen, aurtengoari konparatuz, 77 gehiago. Aurtengoa, emaitza ona da orduan, guretzat. Halere, azpimarra nezake zerrenda bat baizik ez delarik, bozkazalegoa desmobilizatzen dela pixka bat, eta gure militante munduan ere!
Zer dira Aintzina Baigorri zerrendaren ezaugarriak?
Aintzina Baigorrik zerrenda idekia izaiten segitzen du, ezkerreko, jendarte zibileko, etiketarik gabeko, laborari sindikateko eta ezker abertzaleko kide desberdinekin. Bakotxak atxeman du bere lekua eta guri, abertzale taldeari, iduritzen zauku ainitz irabazi dugula talde huntan lan eginez. Esperientziak trukatu, dozier ainitz aintziean eman. Guretzat inportantak diren gaiak kondutan hartuak izan dira (euskara, laborantxa iraunkorra, gure barnekaldeko herri ttipiaren garapen ekonomikoa, elkartasuna ahulenekin, EHren instituzionalizatzea, etab.)
Zure izenaren zerrenda buru ikusteak harridura sortu du…
6 urterendako berriz abiatu gira, eskema original batekin. Jean-Michel Coscaratek auzapez gisa segituko du 6 urtez, eta ni, izanen niz herriaren ordezkaria Euskal Elkargoan. Horrengatik lehen lerroan agertu niz, legez, gure herrian, elkargorat joaiteko, eta hautatua izaiteko, zerrenda buru izan behar baitzen. Horrek enganatu du prentsa pixka bat, bainan ez Baigorrin. Esplikatu eta, denek ulertu dute nola jokatu nahi ginuen, errolak partekatuz.
Zer erraiten ahal da Baigorri-Garazi eskualdean lehen itzuli honen biharamunean?
Baigorri bere eskualdean kokatzeko, erran nezake Baigorri-Garazi eskualdean izan dela aldaketa frango!
Lehenik, Donibane Garaziko emaitza azpimarratu nahi nuke. Xabi Larren abertzale-berde zerrenda idekiak ikaragarriko emaitza egiten baitu, joan den aldikoa kasik 10 punduz hobetuz. Esku zartak zinez! Testuingurua ez dute errexa bainan aintzina doatzi.
Bertze sorpresa eder bat Ortzaizekoa! Ekipa berri bat plantan emaiten da gazte, abertzale eta aurrerakoiez osatua, 800 biztanle pasako herri batean! Gure eskualdeko 3.a edo 4.a da, ez da gutti.
Orokorkiago, auzapez abertzale frango egoiten dira lekuan (Behorlegi, Bidarrai, Lakarra, Mendibe, Gamarte, Anhauze, Lekunberri, etab.), eta berri batzu heldu dira (Urepele adibidez).
Bainan abertzaleek ez dute dena eginen bakarrik, eta zerrenda edo auzapez progresistak aurkitzen ditugu ere gure inguruan. Heiekin lan egiteko parada ukanen dugu heldu diren hilabeteetan (Banka, Aintzile, Azkarate, Izpura, etab.).
Uste dut abertzaleek konfientxarekin jokatu behar dugula, hegemonikoa izaiteko ideia erabat baztertuz, gure lurraldearen onerako. Eta Baigorri-Garazin, badugu lan!!