Jean Haritschelhar, euskal kultura mugimenduko aitzindaria ukan dugu mende erdi batez hurbil, gure gidari eta aterpezalea, bide berriak barnatuz, nagusiki Euskaltzaindian, Euskal erakustetxean, Unibertsitatean eta Ikasen, baina ez hor bakarrik, orokorkiago ere biltzar eta bilkura ezberdinetan; zuberotarren adiskide handia genuen ber denboran.
Etxahun Barkoxekoaren egiazko historia paper zaharretan ikertu zuen auzitegiz auzitegi eta herriz herri, gero bi liburu gotorretan agertu. Ondotik Etxahun Irurikoaren laguna izan zen, eta bi aldiz bederen ohoratu du plaza betean. Lehen aldia 1977ko uztailaren 24an, igandekari, Atharratzeko errebotean, «Xiberuko Zohardia» alkarteak gure poetari egin zion omenaldian, Jeanek hitzaldi hunkigarri batez goretsi zuen jende oste handi baten erditan, beti bezala paperik gabe mintzatuz. Bigarren aldia 1979ko urriaren hiruan, Pierre Bordazarre horren ehorzketan, Iruriko eliza mukuru betean: Haritschelharrek azken agurra egin zion, bere mintzaldia Irurikoak Barkoxekoari «Etxahun koblakari» pastoralean onduriko «bertset sarkor eta maitagarri» batez burutuz. Bi hitzaldi horiek ondoko egunetan agertu ziren Herria astekariko zenbakietan.
Orokorki ere, pastoralaren maitale suhar eta fidela zen, eta aurtengoa salbu, ez du bakar bat ere entzun-ikusi gabe utzi. Aldiro horien berri eman du lumaz, bereziki Herria astekarian. Artikulu eta mintzaldi anitz egin du antzerki mota horretaz, hots gure trajeriaren, euskal opera horren aditu hoberenetarik izan da, eta horretaz ere eskertzen dugu zuberotarrek, gure teatro zahar eta beti berriari noblezia bat eman baitio denen aurrean.
Beti euskaraz mintzatu naiz Jean Haritscheharrekin, eta euskaraz badakiten guziekin euskaraz elakan entzun dut beti. Hori bera, etsenplu ederra, jarraiki behar duguna.
Azkeneraino buruz azkar, argi eta zuhur ikusi dugu. Duela berri, oraindik osagarritan zegoela, bere karguetan ez gehiago agertzeko deliberoa hartu eta bete du. Gorputzez bezain gora zen espirituz, eta beti baikor, beti jo aitzina, gutiz gehienetan umore onean, behar zelarik araberako bizitasun indartsuarekin. Haritza erori da, bizia ongi beterik. Horren arima bakean dabilela Nafarroako bortuen gaindi, eta esperantzaz bete gaitzala euskararen aldeko borrokan.
Jean-Louis Davant