Bake Artisauak aske, herri aske batean

Urtero egiten duen bezala, ELAko Nazio Batzordeak Aberri Eguna baliatzen du une politikoaren irakurketa egiteko eta oraintxe nazio garen aldetik ditugun erronka nagusiak aipatzeko.

Luhusoko epaiketa eta Bagira prozesua

Egunotan Iparraldeko bi prozesu politikok garrantzi berezia hartu dute ELArentzat. Batetik, aipagarria da Bagira prozesua: hainbat sektoretako jendek urte eta erdiz lan egin dute bide-orri bat definitzeko; honetan datozen bi urteetarako aldarri partekatuak jaso dira. Lan hau, zeinaren garapenean milaka militantek parte hartu duten, Aberri Egunean bertan emango da ezagutzera, eta abertzaletasunaren historian mugarri nabarmena izango da.
Bigarrenik, apirilaren 2 eta 3an, Parisen epaituko dituzte Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry (azken hau duela gutxi arte ELAko Nazio Batzordeko kide izan dena). Epaiketaren arrazoia, 2016ko abenduan Luhuson ETAren armagabetzea burutzeko agertu zuten borondate irmoa. Armagabetze hau gauzatu zen ehundaka militanteren parte hartzearekin eta Euskal Herriko milaka lagun, hautetsi eta organizazioren babesa zutela, Molle-Haran eta Etcheverryren ahalegina izan eta zenbait hilabete igaro zirenean.

ELAren ustez, auzibide hau benetako epaiketa politiko bat da. Akusatuak, honez gero hilak diren Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Michel Bergouignanekin batera, Iparraldeko aktibista ez bortitzak ziren. Zer egin zuten? Berez estatuen, eta ez beste inoren, eginbeharra zena beren gain hartu: modu ordenatu eta seguruan armagabetzea zenbait urte lehenago armak alde batera utzi eta entregatzea erabaki zuen erakunde bat. Arrisku bat bada: epaiketa baliatzea estatu horien arduragabekeria estaltzeko eta gizarte zibilaren ekintza mugatzeko; horregatik, premiazkoa da une politiko indartsua bilakatzea akusatuen errugabetzea galdegiteko eta estatuen agenda errepresiboa salatzeko.

Abertzale izatea, gaur ere, militante izatea da

Egungo egoeran, Bagira prozesua eta Parisko epaiketa mugarriak dira, oraingo unetik eta Iparraldeko lurraldetik haratago doazenak: unibertso abertzale osoari eragiten diote. Batetik, adierazten dute herri baten irauteko borondatea eta, bestetik, hala jarduteko nahia oinarrizko balio jakin batzuen arabera: militantzia, gizarte zibilaren konpromisoa eta bortizkeria eza.
ELAren iritziz, Aberri Eguna ospatzeak batez ere esan nahi du milaka lagunek gure nazioa eraikitzeko egunero egiten duten ekarpen militantea aintzat hartzea. Konpromiso horrek hainbat adierazpide ditu: abertzaletasunaren zutabe historiko kulturalen defentsa (euskara, nazio nortasuna, kultura, lurraldea, burujabetza, demokrazia, etab.), nahiz beste borroka asko, esaterako ekosozialismoa, feminismoa, antirrazismoa, justizia sozialaren aldeko borroka edota herrien eskubideen defentsa. Mende luzea duen historia politikoaren buruan ere abertzale izatea, maila guztietan, militante izatea da.

Burujabetza espazioak irabazi behar ditugu

Eremu administratiboaren araberako gorabeherekin bada ere, premiazkoa da Euskal Herri osoak plano instituzionalean urratsak egin ditzan, burujabetza handiagoa emango duen marko juridiko eta politiko batera iristeko. Herri gisa garatzeko eskuduntza materialak izan behar ditugu, estatuekiko gure posizioari berme juridikoa eman eta gure errealitate nazionalaren aitortza lortu.

Iparraldean mugimendu abertzaleak 2017an iritsitako aitortza instituzionaletik haratago joan nahi du, eskuduntza eta gobernantza aldetik helmuga berrien bila. Hegoaldean, berriz, 40 urteotan Foruaren Hobekuntzak eta Gernikako Estautuak ezarritako markoak ez ditugu eguneratu. Sektore abertzaleen parte handi batek aldebikotasunari garrantzia ematen dio, baina benetan autogobernua higatu egiten dute politika zentralizatzaileek, transferentziak ez dira burutu (hortxe dugu orain dela gutxi gertatu den Nafarroako trafikoaren inguruko afera) eta gure izaera nazionalaren aitortzak ez du aurrera egin.
Agenda sindikalari dagokionez, hogeita hamar urte bete dira sindikalismo abertzaleak lan-harreman eta gizarte-babeseko esparrua aldarrikatu zuenetik. Ordutik hona gertatu denaren irakurketa zintzoa eginez gero ondorio bat atera beharra dago: ez dugu aurrera egin; aitzitik, gure lan-baldintzei eta babes sozialari buruz erabakiak hartzeko ahalmen gutxiago dugu. Honen isla da Foruaren Hobekuntza ez dela bete; pentsio- eta lan-erreformak ezarri dizkigutela, eta horiekin batera estatu mailako hitzarmenen lehentasuna; sektore publikoko negoziazio kolektiboaren usurpazioa eta, azkenik, patronalak eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek parte-hartze sozialeko organoak desitxuratu izana. Zinez, gaur lan-harremanen geure espazioari itxura ematen dion errealitatea esku-hartze sindikala eta grebak ditugu.

Autogobernuaren auzia eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean kokatu behar da. Hain zuzen ere, ELAk galdegingo du, besteak beste, arlo soziolaboraleko eskuduntza-marko zabal bat, euskararen benetako ofizialtasuna aitortzea, Euskal Herriko lurralde guztien artikulazio instituzionala gauzatzeko ahalmena eta erabakitzeko eskubidea. Uste dugu eskubide hau dela, izatez, gure esparru politikoari segurtasun juridikoa eman diezaiokeen tresna bakarra. Aldarri hauek eta beste batzuek euskal gizarteko gehiengoaren helburuak islatzen dituzte, eta errepublika subirano batera iristeko bitarteko urrats koherenteak dira. Eskuduntzak baliatu behar dira politika sozialak ezartzeko eta injustiziei ekiteko. Eta kezkatuta gaude zenbait talde politikok, beren burua subiranistatzat jotzen dutenak, autogobernuaren defentsaren aitzakia erabiltzen dutelako eliteak gero eta aberatsagoak izan daitezen; halaxe gertatu da duela gutxi Estatuko gobernuak Etxebizitzaren legea onartu duenean.
EAEn, Legebiltzarra desegin delarik, ezinbestekoa da bi indar abertzale nagusiak, bien artean gehiengo parlamentario handia dutelarik, esparru juridiko-politikoaren berrikuspena egiteko konpromisoa hartzea; hau aspaldidanik agindu izan dute, baina legegintzaldi batetik bestera atzeratzen dute, behin eta berriz.

Euskara

Egungo egoeran nabarmentzekoa da, bestalde, euskarari auzitegietan egiten ari zaizkion erasoak; gainera, eremu horretatik kanpo kontakizun gezurti bat egiten da; horren arabera diskriminazioa pairatzen duen jendea erdal hiztunak omen dira. Makina bat auzibide izan da, esaterako funtzio publikorako sarbidean hizkuntz-eskakizunak murrizteko asmoz. Gogoratu beharra dago CCOO eta UGTren moduko sindikatuek jotzen dutela eskakizun horien aurka, diskriminazioa argudiatuz, horrela euskararen normalkuntza eragozten dutelarik. Gainera, kezkatzekoa da agenda honetan Hegoaldeko hedabide espainolista hegemonikoen jokoa: euskarari gogor erasaten diote, baina urte askotan ez dira gauza izan euskal hiztun direnen edo izan nahi dutenen kontrako hizkuntz-eskubideen urraketarik aitortzeko. ELAren iritziz konplexuak alde batera utzi behar dira: euskara hizkuntza nazional gisa aldarrikatzeko unea dugu.

Halaber, behar-beharrezkoa da euskararen benetako egoera zein den nabarmentzea; bere biziraupena ez dago inola ere bermatuta, batik bat Nafarroan eta Iparraldean. Bestalde, hizkuntz-eskubiden aldeko borroka justizia sozialari lotutako kontutzat hartu behar dugu.
Euskal hiztunek bere hizkuntzaren oso aldeko jarrera dute, baina euskarak arlo instituzionalean ahulezia nabarmena pairatzen du. Beraz, ezinbestekoa da jasaten ari garen zapalkuntza kulturalari buruzko pedagogia egitea eta hizkuntzaren auzia politizatzea, nahiz eta zenbait abertzale eta euskaltzalek hau saihesten duten. Nekez egingo dugu aurrera politika ausartagoak erabakitzen ez baditugu; muga argiak marrazten ez baditugu, baita aliantzei dagokienez ere, zenbait eskubideren defentsan. Jakina, konpromiso irmoa eta mobilizazio sozial handia behar dira erakundeak mugiaraziko baditugu orain saihesten dituzten leku batzuetaraino iritsiko badira.

Borroka sindikala indartu beharra

ELAren eginkizun eta izateko arrazoi nagusia da euskal langile klasearen borroka antolatzea, herri eta klase gisa dituen helburuak gauza daitezen. Datu makroekonomikoak, esaterako BPGa edota langabezia-tasa, itxuraz positiboak diren arren, ikusten ari gara desberdintasunak areagotu direla eta etengabeko prekarizatze nahiz pobretze prozesu bat ari dela gertatzen. Ez da harritzekoa lan-gatazkak pandemia ostean berriro han eta hemen piztu izana, 2019ko antzeko mailatara iristeraino.
ELAk lanean jarraituko du lan harremanen eta babes sozialeko euskal esparrua sendotzeko, eta lehenetsiko du negoziazio kolektiboan emaitza hobeak lortzeko aukera ematen duen esparru bereizia. Datuek indartzen dute baieztapen hau: lan-hitzarmen gehiago negoziatzen dugu, eta ELAk sinatzen dituen akordioen edukiak beste organizazioek babestutakoak baino askoz ere hobeak dira. Ahalegin honek ekarpen paregabea egiten dio eraikuntza nazionaleko prozesuari: beharrizan materialekiko konpromisoa adierazten du, eta honek sinesgarri bilakatzen du subiranismoa ikuspuntu politiko eta kulturaletik anitza den langile klase baten baitan.
Hain zuzen, beste organizazio batzuekin batera lanean jarraituko dugu gure herriko borroka sozialetan: zaintza-sistema publiko, doako eta unibertsalaren aldarrikapena (halaxe egin dugu mugimendu feministak duela zenbait hilabete deitu zuen greba orokorrean), pentsioena edota etxebizitzari buruzkoa.

Alternatibak eraiki

Borroka instituzional eta sozialaz gainera garrantzia eman nahi diogu prozesu nazionalean alternatibak eraikitzeari. Oraingo honetan bereziki nabarmentzen ditugu elikadura burujabetzaren ereduari atxikita dauden nekazaritza sektoreko alternatiba eta langileak; izan ere, eredu honek errespetuz jokatzen baitu ingurumenarekin eta oro har gizartearekin. Alternatiba horietako asko gurean ez ezik Europako beste hainbat herrialdetan ere mobilizaten ari dira agendan kokatzearren topatzen dituzten izugarrizko oztopoak. Horregatik, hil ala bizikoa da merkataritza askeko akordioak salatzea eta bidezko prezioen alde lan egitea, beste hainbat konturen artean.
Horrekin batera, Euskal Herrian alternatiba ugari dago martxan eredu produktibo eta sozial berrien alde, alor desberdinetan: energia, finantzak, ondasun eta zerbitzuen trukea, telekomunikazioak, software askea, komunikazioa, birziklapena eta konponketa, baita sormen artistikoa ere, edota ekonomia sozial eraldatzaileko kooperatiba eta organizazioak. Alternatiba hauek baldintza materialak eta bizimodua hobetzen dituzte, gizartea ahalduntzen dute eta honen esku jartzen dituzte ostera ere kapitalak parasitatuta zeuzkan ekonomiaren arloak, hartara klase xeheen burujabetza hedatuz. Zenbait kasutan proiektuok ekinbideak eta borrokak bateratzeko potentziala dute, eta horrek lurralde nazional guztia materialki konfederatzen du.

Mobilizazioak

ELAk bere afiliatu eta militanteei dei egiten die Euskal Herrian zehar izango diren Aberri Eguneko jarduera eta ekitaldi politikoetan parte har dezaten. Bereziki aipagarria da Uztaritzeko ospakizuna, non Bagira prozesuari amaiera emango zaion Iparraldeko mugimendu abertzalearentzako datozen urteetako bide-orriaren aurkezpenarekin.
Gainera, ELAk eskatzen dio jendeari parte har dezala Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren agerraldietan, errugabetzea eskatzeko Pariseko auzitegian epaituko dituzten Txetx Etcheverry gure lankide eta Béatrice Molle-Haranentzat.

Jarraian, ELAren 2024ko adierazpena :

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).