Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Mundua berotzen ari dela-eta, zabaldu zaigun mezua da gutariko bakoitzaren ardura dela ingurumena zaintzea, gutxiago kontsumitzea, argindarraren erabilera murriztea, ez hainbeste ur isurtzea, hondakinak mugatzea…
Garrantzirik kendu gabe gure eguneroko bizian eta ohituretan egin behar ditugun aldaketei, bista zabalduz gero, ohartzen gara norbanakoen ur kontsumo guztia ez dela heltzen munduan erabiltzen den uraren %10era.
Ur gehien-gehiena laborantzak eta industriak xahutzen dute. Gauza bera gertatzen da hondakinekin ere: etxeko hondakinak %10 baizik ez dira. Ekologista batzuek kritikatu dute azkenaldian zabaltzen den mezua (Al Gore-ren dokumentalaren haritik), hala nola, ekologia norbanakoen esku dela. Mezu hori da arreta desbideratzea, jende xeheak ez dezan ikus industriak eta azpiegitura handiek dutela eragin kaltegarriena, mundu honetan.
Norbaitek erabaki dezake ahal bezain plastiko gutxi erabiltzea erosketak egiterakoan; egiazki, ordea, hautu hori egiten duenari trabak baizik ez zaizkio ezarriko. Ordainlekuetan ez dutela gehiago plastikozko zakurik ematen? Itxurakeria da. Erosten dugun produktu bakoitzak zenbat gain-estalki dauzka? Eta etxera eramaten ez dugun plastiko guztia, baina supermerkatuan erabiltzen dutena gure begien aitzinean?
Autoari uko egitea eta garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea erabaki liteke. Baina zer egin, erakunde publikoek garraio publikoa murrizten badute, autobusez edo trenez ibiltzea abentura bat baldin bada, edo maiz ez badago horretarako modurik ere?
Hirigintza politikak autoarentzat pentsatuak badira, bizikletentzako bideak urriak eta txarrak diren bitartean, nork dauka erantzukizuna?
Gisa berean, hizkuntza politikaren ardura daukaten agintariek erraten dutenean euskararen geroa bereziki erabiltzaileen esku dagoela eta herritarren atxikimendua behar duela, filosofia beraren menpe gaude.
Bistan da euskarak bizirik irauteko, euskaldunek erabili behar dutela.
Haatik, kultura politikek ez dutenean euskarazko sorkuntza behar bezainbat babesten, euskarazko komunikabideak ez direnean aski laguntzen, bizitza publikoko hizkuntza espainola edo frantsesa direnean, ez da laguntzen euskarari prestigioa ematen.
Bistan da euskarak bizirik irauteko,
euskaldunek erabili behar dutela.
Haatik, kultura politikek ez dutenean
euskarazko sorkuntza behar bezainbat babesten,
euskarazko komunikabideak ez direnean aski laguntzen,
bizitza publikoko hizkuntza espainola edo frantsesa direnean,
ez da laguntzen euskarari prestigioa ematen.
Eskuragarriago eta “erakargarriago” bihurtzen da erdara. Euskararen kaltetan. Baina erantzukizuna norbanakoarena omen da, erdal mundu batean bizitzera kondenatzen duten norbanako horrena.
Autopistaz inguratutako eskualdeetan, garraio publikoa murritzegia den lekuetan, erakargarriago eta erosoago da autoa erabiltzea. Plazer gehiago eman lezake autobusean ibiltzeak… zerbitzua kalitatekoa balitz. Kontrara, automobilgintzaren iragarkiek “gidatzeko plazera” saltzen dute. Autobusean ibiltzeak ez dauka prestigiorik, eta kasik nehork ez du erabili nahi.
Erdarak eskubide eta zabal bide guztiak dauzkan herrian, EAEko administrazioan euskaraz mintzatzeagatik oraino ere erantzun txar bat ukan dezakegun herrian, Nafarroako funtzionario bihurtzeko, euskalduna izatea zigortzen den herrian, Ipar Euskal Herrian euskarak oraino presentzia publiko hutsala duen herrian, nola animatuko da jendea euskaraz bizitzera?
Ekologiak bezala, euskarak ere politika behar du.
Boterea dutenen erabakiak. Botere ekonomikoa edo politikoa dutenek norbanakoen bizkar botatzea munduaren edota euskararen osasuna, herriari trufa egitea da, herritarrak bidegabeki hobendun sentiaraztea, eta ez hartzea beren gain, daukaten zinezko erantzukizuna eta ardura. Eta, bereziki, jarrera horrekin lortzen dutena da arazoa ez konpontzea.