6:35 minutaz Baxoa Euskaraz pasatzearen garrantzia ulertzeko parada eskaintzen du behereko bideoak.
Egungo hezkuntza sisteman, baxoaren bidez neurtzen da lizeoan iragan hiru urteetan, eta zabalago, ikas prozesu osoan zehar ikasleek lorturiko maila. Hala, baxoak baldintzatzen du lizeoko irakaskuntza, eta azterketak frantsesez pasa beharrak, aldiz, euskaraz ikasteko eskubidea.
Estatu frantseko legediaren arabera Iparraldean bizi diren ikasleek ez dute Baxoa euskaraz pasatzeko eskubiderik, historiako eta matematikako ikasgaietan ez bada.
Urtean zehar ebaluaketa eta etxeko lan anitz frantsesez dira, azterketei begira, euskararen kaltetan. Areago, hainbat ikasle eta gurasok beste ikastetxe batzuetara jotzen dute euskarazko ikasketak baztertuz. Kolegiotik Lizeora nabaria da ikasleak “galtzen” dituela Seaskak, arrazoi bakarra baxoa ez izanik ere (urruntasuna, gastu ekonomikoa, eskaintza mugatua…).
Aldi berean, oraindik ere baxoak duen garrantzia ikusirik, oztopo sinboliko izugarria da euskarazko ikasketentzat: “Euskarak ez du baxorako balio, ez ikasteko, ez…”.
Baxoa euskaraz pasatzeak euskaraz ikasteko eskubidea bultzatuko du, “elur-bola” eragina sortzen ahal duela pentsatzen dute aldarrikapenaren gibelean diren eragileak. Ikasle gehiagok egingo du lizeoan ikasketak euskaraz jarraitzeko hautua eta Seaskaren eskaintza hedatuko da (lanbide heziketa, 2. lizeo bat…). Euskarazko ikasketak baldintza hobeetan burutuko dira eta ikasleak euskaraz trebatuago egongo dira.