Bergarako besarkadarik ez

Mario Zubiaga Garate (Politika eta Administrazio Zientzia Saila, UPV-EHU)
Mario Zubiaga Garate (Politika eta Administrazio Zientzia Saila, UPV-EHU)

Gatazken konponbide arrazionalaren ereduan hiru mekanismo dira azken faseetan usu agertzen direnak: “putreen betoaren gainditzea”, “arrakastaren jabetza partekatua” eta, azkenik, “kanpoko eragileen bazterketa”.

Kanpoko eragileen bazterketa

Azkenak ez du oraingoz eragin handirik gure inguruabar politikoan.Gatazkaren adierazpen historiko jakin bat gainditzeko unean, akordiotik kanpo geratzen diren eragile edota diskurtsoen bazterketa, kontsentsu berria sendotzeko modu eraginkorra izan ohi da. Aldaketaren bultzatzaile izan direnen arteko zatiketa dakar mekanismo honek. Zatiketa zinez lazgarria. Izan ere, une horretan, sistemaren barne/kanpo muga birdefinitzen den unean, bezpera arte bidaideak izan direnak, etsai amorratuenak bilakatzen dira. Gordinki ikusi zen mekanismo hori Espainiako Trantsizio politikoan: PCE-k sistemaren atea itxi eta gero, ezkerreko indar anti-sistemikoak jazarpen gogorra jasan behar izan zuten. Kanpoan geratu zirenentzako ez zen gupidarik egon.

Putreen betoaren gainditzea

Lehen mekanismoa, berriz, ohikoa da gurea bezalako gatazka luzeetan. Egoera liskartsu iraunkorrek beti elikatzen dituzte bizkarroiak, gatazkatik onura sinboliko, politiko edota ekonomikoa jasotzen duten eragile “putreak”. Eragile hauek ez dute inongo interesik izango gatazkaren konponbidean eta norabide horretan emandako urrats guztiak oztopatzen, zapuzten saiatuko dira.

Euskal gatazkari dagokionean, biktimen elkarte desberdinek, batez ere kutsu eskuindarra hartu dutenek, konponbide zentzuzkoa lortzeko ahaleginak betatzen saiatu dira urteotan, ederki asko nahastuz haien aitortza-eskaera bidezkoak eta horren garbiak ez diren errebindikazio politikoak, Espainiaren lurralde antolaketa jakin bati lotutakoak. Alderdi sistemikoetan euskal gatazkaren irakurketa gotortuena defendatzen dutenekin aise lerrokatu dira eragile hauek, posizio inmobilistenak hauspotuz. Oraindik orain, “putreen betoa” ez dago gaindituta gurean.

Arrakastaren jabetza partekatua

Dena den, gatazkaren une honetan, hirugarren mekanismoa –arrakastaren jabetza partekatua–, aktibatzeko dauden zailtasunak dira kezkagarrienak. Izan ere, edozein gatazka modu egokian kudeatzen hasteko, aurreko aldi “desegokiaren” gainditzea guztion arrakasta bailitzan ulertu behar dute eragile nagusiek. Horrek ez du suposatzen gatazkari buruzko kontakizun guztia partekatu behar denik, baina oinarri komun bat, gutxienekoa izanda ere, ezinbestekoa da konponbide egonkorra lortuko bada. Orube komun horretatik abiatuta eraikiko ditu eragile bakoitzak bere burua zuritzeko behar dituen “arrakasta” kontakizun partikularrak.

Gure kasuan, ez dirudi “arrakasta” partekatzeko inongo oinarri komunik dagoenik. ETAren uztea “terrorearen aurkako demokraziaren erabateko garaipen” gisa azaldu nahi dutenek, nekez onartuko dute “amaierari” buruzko partekatutako diskurtsorik. Musu truk –nolabait esatearren–, lortu du Estatuak etsaiaren aldaketa estrategikoa, eta gatazka politikoa ez denez horrekin amaitu, aitzitik, gordindu egingo denez, ez du aurkaria aintzat hartzeko inongo interesik izango. Horixe izango bailitzateke arrakasta partekatzearen lehen ondorioa, independentismoa sendotzea, alegia.

Beste aldetik, eragile armatu batek porrotaren diskurtso hori ezin du aise irentsi, baldin eta honekin batera iraganaren ukapena eta arbuio etikoa badatoz. Beldur da ETA estrategia politiko-militarraren porrota onartzeak ez ote duen baldintzatuko etorkizuneko estrategia politikoaren balizko arrakasta.

Aldebiko eredu politikoaren mugak

Halere, mugak muga, ETAren planteamenduak ez du hautsi aldebikotasunarekin. Alde bakarreko erabakia –bere jarduera etetea–, aldebiko fase baterako urrats bezala planteatu du funtsean, presoen, armen eta marko juridikoaren inguruko aferaz negoziatzen hasteko abiapuntu gisa. Hala, XIX. mende amaierako “Bergarako besarkada” ez da egungo euskal mundu-ikuskeratik desagertu: orduko karlisten porrot militarra, armen uztea, amnistia eta 1839ko legea, “erreinuaren batasunaren baitan foruak aitortzen zituena”, egunera ekarri nahi baita: ETAren porrot militarra, armen uztea, preso eta erbesteratuen itzulera… Eta, azkenik, “erabakitzeko eskubidea aitortuko duen hegoalderako autonomia estatutu berria...”.

Alabaina, aldebiko eredu politikoak muga nabarmenak ditu. Lehenik eta behin, aldebikotasun hori, borroka eremuan ez bada irabazi, ez da etikaren mahaian ebatsiko. Horregatik, azkenaldian ETAk defendatzen duen “interpelazio” ereduak –besteen jarrera aldaketa eskatuz, doilorkeria morala salatuz, edota herriaren konpromisoa exijituz–, muga larriak ditu: aurkarien moralitatea eskatzea antzua da, eta herriaren aktibazioa –aldebikotasunari atea zabalduko liokeen giltza–, ez dirudi negoziazio mugatu eta atzera begirako horren inguruan oso sendoa izango denik.

Bigarrenik, “arrakasta” partekatzeko beharrezkoa den “letra txikiko” negoziazioa konponduko balitz ere –ETAren desegite militarraren unea gorabehera–, azkenean, eredu hau Kataluniak 2005tik aurrera jarraitu duen ibilbidearen errepikapena izango litzateke, ez besterik. Estatut-ak izan dituen oztopo berberekin, eta indar-baldintza okerragoetan lortuta gainera, gurean normalizazioaren afera aldi berean bideratu beharko zelako, eragile eraldatzaileen kalterako.

Aldebakartasunaren bidetik

Horregatik, badirudi benetako aldebikotasun emankorra, etortzekotan, aldebakartasunaren bidetik emandako urrats sendo eta erabakitzaileen ondotik etorriko dela. Urrats bat baino gehiago eman beharko da ziurrenik. Hasteko, ETAren aldetik, jarraian, euskal gizartearen eskutik, indar harreman eraberritu bati bide emanez.

Armak herriarengandik jaso zituen ETAk, armak herriari itzuli beharko lizkioke, herria bera arma bilaka dadin. Porrotaren eszenatokian dago eserita ETA, armak jasotzeko presarik ez duen Espartero garailearen zain… Garaitua otzandu orduko, akaso jasoko ditu, baina Esparterok inoiz borondatez onartuko ez duena herri honen erabakitzeko eskubidea da. Herriaren erabakiaren aurrean egon arte, noski.

Mario Zubiaga Garate (Politika eta Administrazio Zientzia Saila, UPV-EHU), Durangon, 2013ko maiatzaren 2-an. 

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).