Biziola, bizitzaren fabrika

Biziola dendaren irekiera ekitaldia Lazkaon, 2023ko urtarrilaren 20an. © Biziola

Biziola irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba da, Lazkaon (Goierri eskualdea, Gipuzkoa) kokatua. Besteak beste, Goierri eskualdeko herritarrak eta ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak saretu nahi ditu, eskualde burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak gauzatzeko. Bizitzarako funtsezkoak diren ahal bezainbat eremutan burujabeago izateko prozesu eta proietuak garatzea du xede bizitzaren fabrika adieraren laburdura den Biziolak! Enbataren galderei hainbat zehaztasunekin erantzun die Biziola kooperatibaren bazkide eta Kontseilu Errektoreko kidea den Andoni Mikelarena Urdangarin Beasaindarrak.

Andoni Mikelena Urdangarin

Enbata: Goierri eraldatzeko egitasmoa den Biziolaren erronkak ulertzeko, zuen eskualdearen azken hamarkadetako ezaugarriak kontuan hartzea komeni da…

Andoni Mikelarena Urdangarin: Goierri, Gipuzkoan kokatuta dagoen 45.000 biztanle inguruko eskualdea da, herri txikiz, ertainez eta handiz osatua (handienak 14.000 biztanle ditu). Ekonomiari dagokionez industria izan da azken hamarkadetan eskualdeko ekonomiaren motorra. Industriaren baitan azpimarratzekoa da kooperatibismoak duen pisua. Azken urteetan ordea, industriaren pisua pixkanaka bada ere jaisten ari da eta zerbitzuen sektorea indartzen. Bitartean, landa eremuan kokaturiko eskualdea izan arren, lehen sektoreak beherakada larria izan du azken urteetan.

Horiek horrela, Biziolatik hiru helburutan egin nahi dugu ekarpena eskualde hobea lortzeko. Alde batetik Goierri burujabeagoa nahi dugula diogu, bizitzarako funtsezkoak diren eremu ekonomikoetan kanpoko dependentziak murrizten joango dena pixkanaka. Hor azpimarra berezia egiten dugu elikaduraren eta energiaren arloetan. Bestetik, Goierri orekatuagoa nahi dugula diogu. Herri txiki eta handien arteko, klase, arraza zein genero arloko desorekak murriztuko dituena. Eta azkenik eskualde iraunkorragoa. Gure jardun ekonomiko eta soziala lurraren mugekin bateragarri egingo duena. Azken arlo horretan berebiziko erronka dugu gurea bezalako eskualde industrialean, gure ekonomiaren oinarria oso intentsiboa baita materialetan eta energian.

« Goierri burujabeagoa nahi dugu,
bizitzarako funtsezkoak diren eremu ekonomikoetan
kanpoko dependentziak murrizten joango dena pixkanaka.
Hor azpimarra berezia egiten dugu
elikaduraren eta energiaren arloetan. »

Helburu horiek erdiesteko berriz, lanerako hiru ardatz finkatu ditugu. Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuen arteko interkooperazioa lehenik. Ez soilik dagoeneko existitzen diren proiektuen artean elkarlanean aritzeko, elkarrekin dimentsio handiagoko proiektu eta erronkei heltzeko baizik. Bestetik, erronka edo hutsune zehatzei erantzuteko proiektu kolektiboak martxan jartzea. Ekintzailetza neoliberalaren markoari aurre egin, eta norbaiti nonbait ideia zoragarri bat sortu arte itxaron beharrean, gure gizartearen erronkak identifikatu, erronka horiekin lotura duten eragileak saretu eta elkarrekin proiektu eraldatzaileak sortu. Hirugarrenik heziketan jarri dugu begirada. Ekonomia ulertzeko eta bizitzeko modu bizigarriagoak daudela ikustarazteko eta gaur egungo eredu ekonomikoaren izaera ulertzeko ezinbestekoa baita pertsonak heztea epe luzeko ikuspegiarekin. Eremu estrategikoa da hau, epe luzera sakoneko eraldaketak lortu nahi baditugu.

Nolaz etorri zitzaizuen Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuagoaren bidean proiektu zehatzak martxan jartzeko egitasmo baten sortzeko ideia?

Biziola proiektua deialdi herritar baten bidez sortu zen. Goierrin Ekonomia Sozial Eraldatzailearen lehen topaketak antolatu zituzten, arlo horretan lanean zebiltzan bi kidek Olatukoop sarearen babesarekin. Topaketa horietan ia 40 lagun elkartu ginen, baita Goierrin dagoeneko lanean zebiltzan ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektu ugari ere. Ikusirik bazela jendea, gogoa eta ilusioa eskualdean etorkizunera begira funtsezkoak ziren auzietan burujabetzen ikuspegitik ekarpena egiteko, sare gisa funtzionatzen hastea erabaki genuen. Bi urteko jardunaren ostean, sare horrek Biziola Kooperatiban hartu zuen gorputza. Prozesu hori posible egin duten sakoneko baldintzak ere baziren ordea. Lehen aipatu dugu gure eskualdeko industrian kooperatibismoak pisu berezia duela. Bada, gure eskualdean duela 50 urte inguru egon zen bulkada komunitario eta kooperatibo handi bat, neurri handi batean gaur garen eskualdea izatea posible egin duena. Bulkada horretan sortu ziren kooperatibak, sindikatuen indartzea, euskalgintza… eta ordutik eskualde izaera sendoa du Goierrik. Nolabait Biziolaren sorrera prozesuan orduko bulkada horren gaurkotze bat planteatzen da. Gure eskualdeak dituen erronka berriei, autoeraketa komunitarioaren bidez erantzutea.

Zein izan ziren irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatibaren lehen pausu eta lorpenak?

Biziola Kooperatiba sortzeko bi prozesu paralelo gertatu ziren. Batetik, aurrez azaldu bezala eskualdeko ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak, mugimendu sozialak eta herritarrak batzen zituen sarea osatzen joan ginen pixkanaka. Eta bestetik, eskualdean elikadura burujabetzaren arloan erronka itzela genuela ikusita, elikadura kateko dozenaka pertsona eta eragilerekin prozesu bat abiatu genuen arlo horretan zeuden erronkei erantzuteko proiektuak elkarrekin martxan jartzen hasteko. Hortik sortu zen irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral bat martxan jartzeko beharra, zeinak herritarrak, eskualdeko elikagai ekoizleak eta ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak egitura beraren baitan antolatuko zituen. Elikadura burujabetzaren erronkatik abiatu eta pixkanaka bizitzarako funtsezkoak diren esparru gehiagotan burujabeago izan gaitezen proiektuak martxan jartzeko. Gaur egun 500 bazkide baino gehiago ditu kooperatibak: eskualdeko 30 elikagai ekoizle, ekonomia sozial eraldatzaileko 8 eragile, 5 erakunde laguntzaile eta 470 herritar bazkide inguru.

Biziolak bere aktibitateak kokatzen dituen gunea osoki erosteko xedearen nondik norakoak aurkez diezazkigukezu, baita erronka berri horren lortzeko jorratzen dituzuen bide berriak ere?

Biziolaren egoitza Lazkaoko fabrika ohi batean kokatuta dago. Orain arte denda, banaketarako biltegia, gozogintzarako obradorea eta hitzaldi zein aurkezpenetarako plaza kokatuta zeuden bertan. Orain, Koop57 finantza zerbitzuak lantzen dituen kooperatibarekin, Biziolaren egoitza erosteko apustua egin dugu. Epe ertainera nahi dugu Biziola Fabrika eskualdean lanean dabiltzan ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuen topaleku bihurtu. Elkarrekin lanerako espazioak ere partekatuta, eskualdean egin dezakegun ekarpena indartsuagoa dela uste baitugu.

Zer egiteko molde berezi praktikatzen du Biziolak lurraldearen eraldatzeko herritar gero eta gehiago kolektiboki eta eraginkorki ekitera animatzeko?

Anbizioa eta interkooperazioa. Bi osagai horiek funtsezkoak dira, Biziola gisako proiektuak aurrera eramateko. Alde batetik, komunitate zabal bat antolatzeko funtsezkoa da komunitate zabal horren kezka edo desioekin konektatzea, eta horiei erantzuteko moduko alternatiba edo zerumuga sinesgarri bezain anbiziotsuak proposatzea. Bestetik, funtsezkoa da ere, irudikatutako zerumuga horietarantz pausoak eman ahal izateko interkooperazioa estrategiaren erdigunean kokatzea. Horrek ematen baitu aukera, ezagutza eta esperientziak partekatu eta elkarrekin proiektua modu eraginkorragoan garatzeko. Gainera, proiektuaren parte ere sentiarazten gaitu, eta hori funtsezko osagaia da proiektuak epe luzera arrakasta izango badu.

Koop57 Biziolan.

Horrelako proiektu kolektibo baten oinarrian, militantzia ezinbestekoa da. Biziolan ere horrela izan da sorreratik. Gaur egun proiektuan lan egiten duten zenbait bazkide baldin badaude ere, proiektuaren hastapenetatik milintantziak garrantzi berezia izan du. Baina badakigu ez dela erraza jendea proiektua kolektiboetan engaiatzea, horregatik funtsezkoa izan da zenbait aldagai kontuan izatea. Alde batetik, ulertzea konpromiso maila ezberdinak egongo direla proiektuan, eta bakoitzak bere aukera eta desioen araberako ekarpena egiteko bideak antolatu zein aitortzea.

« Funtsezkoa izan da ulertzea
konpromiso maila ezberdinak egongo direla proiektuan,
eta bakoitzak bere aukera eta desioen
araberako ekarpena egiteko bideak antolatu zein aitortzea. »

Bestetik, bazkide komunitatea proiektuaren urrats garrantzitsuen parte sentiaraztea eta urrats horiek berak komunitatearekin batera ematea. Hor barne komunikazioak funtsezko funtzioa betetzen du. Baina proiektuaren identitate kolektiboa sortzea ere oso garrantzitsua da. Bazkide bakoitzak sentitu dezan bere ekarpen eta laguntzarekin proiektu eraldatzaile garrantzitsua ari dela garatzen.

2025. urtean zehar Biziolaren proiektuen ondorioen ezagutzeko parada ukaiteko Goierri bisitatuz, zein gune, iniziatiba edo hitzordu azpimarratuko zenieke Ipar Euskal Herriko herritarrei?

2025eko agenda oraindik lantzen ari gara. Hala ere ekain aldera Bazkideon batzar orokorra egin ohi dugu urtero eta aukera interesgarria izan daiteke, proiektua bere osotasunean ezagutu ahal izateko. Ildo horretan bereziki aipatzekoa da Itsason bertako herritar talde batek sustatuta eta Biziolarekin lankidetzan martxan jarri duen proiektu berritzailea. Herrian denda bat falta zutela ikusirik eta denda hori bideragarri egiteko une oro dendan egongo zen langile bat asumitu ezin zela ikusita (dendaren bolumenengatik), autogestioan oinarritutako denda bat jarri da martxan. Dendak, prozesuak ahalik eta automatizatuenak ditu. Alegia erosketa bat egiten duenean dendako bazkide den norbaitek bere kasa, aplikazio informatiko baten bidez zer erosi duen erregistratzen da, eta horrela astean behin denda hornitzen dute Biziolak eta ondoko herriko beste denda batek, falta diren edo gastatu diren produktuekin. Herri txikietara zerbitzuak eramateko eredu interesgarria da. Eta gainera herri horietan janariaren edo bestelako zerbitzuen inguruan komunitatea antolatzeko aukera ona eskaintzen du.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).