Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu

Txerra

Txerra RODRIGUEZ, Argia-tik.

Joseba Barriolak Kontseiluari buruzko hausnarketa plazaratu du. Zer pentsatua eman dit, desadostasunak desadostasun. Eta hauxe nabarmenduko nuke batez ere:

Ez dugu aurrera egingo dauden espazioak okupatuz euskararekin. Kalitate berria duten espazio berriak sortu behar dira. Bizitza lantzen duten espazioak sortuz. Eta bizitza duina lantzeko espazioak. Ez bizitzari buruz diskurtsoak soilik egiteko eremuak, eremu biziak eta bizigarriak.

Hori dela eta, bizitza duina euskaraz lantzen duten 50 proiektu blogeratzea bururatu zitzaidan. 50 hauek dira edo izan daitezke, baina guztiak lokatzarekin daude zikinduta, kontraesanek zeharkatuta, arrakaletan sustraiak bota gurean. 50 hauek dira edo izan daitezke, eta beste batzuk geratu zaizkit aipatzeke, eta edonork beste edozein gura badu aipatu, ba libre:

  1. Gure zirkua: Bakion birritan ikusi dut eta bietan barrurainoko poza eta estimua hartu diot zirku apal eta gutar honi. Guretik abiatuta eta zirkuaren balioekin bat, jakina. Helduentzako ohartxo bat: galdu lotsa eta joan ikusten, ez zaizue damutuko.
  2. Aiaraldea faktoria: Laudion ireki berri dute proiektu honen etxea. Gartzen Garaioren berba hauek ederto laburbiltzen dute faktoria, nire ustez: “Ohartu ginen ez zela nahikoa euskalduntzeko egiten ari ginena eta bizitzaren esparru guztietan ekimen eraldatzaileak abiatzea erabaki genuen, proiektu integral batean eta burujabetza printzipiotik”.
  3. Kafe Antzokia: hutsune nabarmena dago Bilbo erdigunean, itxita jarraitzen duelako gure tenpluak. Baina, gauzak ondo bidean, urrirako berriro irekiko du arnasgune eraldatzaile honek. Ea hala den, beharra dugu-eta.
  4. Argia: txikitik eta behetik eragiten duen proiektu komunikatiboa (hori baino gehiago da, nire ustez). Ezinbestekoa den proiektu horietako bat.
  5. Gaindegia: euskararen lurralde osoa (euskal herriak) aintzat hartzen duen behategi sozioekonomikoa dugu edo genuen Gaindegia. Erein eta haziarazi behar dugun mundu berrirako beharrezkoak zaizkigu mapak, beharrezkoak zaizkigu datu hauek guztiak. Ea laster horri ere buelta emateko gai garen.
  6. Pasa zaite: argitaletxe apala da hau, itzulpengintzari emana. Beste herrialde eta galaxia batzuetako paperezko uzta erakargarria eta ezberdina dakargun proiektua.
  7. Dinamoa: euskaratik eta euskaraz sormen lanketa dakar dinamoak, lau diziplinatan: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Sormen kontuetan aipatuko nuke, horrez gain, Udabiltzak bultzatutako Geuretik sortuak beka eta egonaldi programa.
  8. Emun: lan mundua euskalduntzetik, euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten bidegurutzeetan eragitera pasatu da Emun, izaera kolektiboa, berritzailea eta komunitarioa bazterrean utzi barik.
  9. Berria: gure periodikua. Hizkuntza komunitatea aintzat hartzen duen egunkari bakarra, gure ahalduntze eta harrotasunerako ezinbesteko pieza.
  10. Irrien lagunak: balio eraldatzaileek eta euskarak bat egiten duten gune horretan batzen dira Irrien Lagunak, ikuskizunetan, aldizkarian edo beste hainbat elkarterekin batera lantzen duten proiektuetan (Bizipoza aipagarrienetakoa, nire ustez).
  11. Laba: Iruñeko bihotzean sortuko den proiektua dugu Laba: oholtza, kafetegia, erakusleihoa, elkargunea eta laborategia izan nahi duena. Diru kopuru bat ari ziren eskatzen eta helburua lortu dute. Biba zuek!
  12. Bilgune Feminista: erakunde feminista eta abertzalea da Bilgune Feminista. Euskaraz funtzionatzen du eta euskaraz bizitzeko lana egiten du euskal feminismoaren barruan (besteak beste, hori ez baita euren lan ildo bakarra inondik ere).
  13. Xabiroi: euskal komiki aldizkaria izateaz gain, euskarazko komikigintzaren oraingo egoeraren erantzule nagusienetako bat dela ausartuko nintzateke esatera. Komikigileen sarea eraiki du eta abar.
  14. Libertimenduak: Baxenafarroan xaxatu eta sortutakoak (edo biziberritutakoak) dira. 2020an, esate baterako, Luhuson, Garazin, Amikuzen, Irisarrin eta Esnazun egin ziren, baita Iruñean ere (Iruinkoko izenarekin). Parte hartzaileak dira, inperfektuak, pobreen antzerkia eta euskaratik eta euskaraz.
  15. UEU: herrigintza eta akademia uztartzen maistrak dira UEUkoak. Udako izena aspaldi gainditu eta urte osoan jarduten du: ikastaroak, gradu-ondokoak, material pedagogikoa, topaketak, kongresuak (biba Ikergazte!) eta definizioetan zail sartzen diren beste hainbat eta hainbat lantxo.
  16. Arrosa sarea: euskal herrietako irrati libreen sarea da Arrosa. 20 urte bete berri ditu, baina ezaugarri batzuk mantentzen ditu: elkar laguntza, irrati bakoitzaren independentzia mantentzea, behetik gora antolatua, eta euskaraz.
  17. Euskal Herria Zuzenean: programazio musikal eta kultural alternatiboa ekartzeaz gain, festibal honek baditu beste ezaugarri batzuk ere: komun idorrak, plastikoa desagertzeko hautua, brigada berdea, bertako ekoizkinak jatekoan zein edatekoan, euskoaren erabilera eta abar. Eta aurten 25 urte bete ditu.
  18. Errigora: auzolana, elikadura burujabetza, euskal herriak eta euskara du oinarri Errigorak. Interes handikoa izango da etorkizunean Agerraldia izeneko ekimenarekin lantzen ari direna. Lehen fruituak ematen hasi da dagoeneko, haien artean, Union Tutera futbol taldea.
  19. Susa: argitaletxe historikoa dugu Susa (beste batzuk ere ager zitezkeen, Pamiela, Denonartean, Alberdania, Erein, Elkar, Igela edo Maiatz) eta euskarazko liburuen pozik handienak eman dizkidana pertsonalki (oso interesgarria da Lisipe kolekzioa, feminismoari buruz).
  20. Izarkom: euskal telekomunikazio operadore kooperatibo eta herritarra. Bertatik bertara, ekonomia sozialean oinarritua eta hizkuntza politika ausartarekin.
  21. Soziolinguistika Klusterra: 2004an sortu zen euskal soziolinguistikaren ikertegi hau. Sortzeko hainbat unibertsitate ikertegik, aholkularitzak eta euskalgintzako elkartek bat egin zuten ezagutza soziolinguistikoa ikertu, zabaldu eta aplikatzeko. Beti ere, euskara biziberritzeko prozesua elikatzeko.
  22. Bidehuts: bizirik balego, duda barik, Esan Ozenki aipatu beharko nuke, baina ez da horrela. Eta, zelanbait, Bidehutsek hartu du erreleboa (ahaztu barik, adibidez, Taupaka elkartea). Autogestioa, independentzia eta euskarazko sorkuntza.
  23. Olatukoop: ekonomia modu eraldatzailean ulertzen duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute sare hau (guztira, 58 kideko sarea da). Horietako asko euskaraz bizi dira eta ia guztiek euskaraz zerbitzuak emateko gai dira.
  24. Mimukai: Larraun-Leitzaldean sortu berri den proiektu komunitarioa da Mimukai. Bertako ehun ekonomikoa indartu gura du, lehen sektorea eta industria bultzatzeko asmoz. Momentuz, coworking espazioa irekiko du eta obradore bat, bertako produktuak transformatzeko eta saltzeko.
  25. Garabide: nazioarteko kooperazioa egiten du bai, baina modu berri batez. Izan ere, dirua ez ohi dute eman (ez dute egiten lan asistentziala). Horren ordez, ezagutzak trukatzen dituzte, euskararen biziberritzean pilatutako ezagutzetatik abiatzen dira garapena egiteko.
  26. Jakin: aldizkari historikoa da Jakin, euskara, kultura eta herria oinarri duena. Baina hori baino gehiago da gaur eta hemen: feminismoa, filosofia eta kronika lantzen duten liburu bildumak ditu, euskarazko liburuaren behatokia kudeatzen du, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti edo Txillardegiren obra osoa digitalizatu dute, Lokatza izeneko podcast zeharo gomendagarria egiten dute eta abar.
  27. Teatreroak: euskarazko antzerkiaren inguruan azken urteotan mugimendua dago. Artedrama eta Aulestiko topaketak, Metrokoadroka, Oreretako Eztena jaialdia, EHAZE eta bere argitalpenak, Fuchs anaiak eta abar, eta abar.
  28. Goiener: energia burujabetzaren bidean, kooperatiba honek energia elektrikoari dagokionez energia berriztagarrien alde egiten du. Horrez gain, kontsumoa jaisteko aholkuak ematen ditu eta bezero/kooperatibistekin tratu zuzen eta egokia du. Ipar Euskal Herrian ere bada I-ener izeneko tankera bereko beste kooperatiba bat.
  29. Hik Hasi: euskal heziketarako proiektua da. Aldizkari pedagogikoa argitaratzen dute, gurasotasunari buruzko beste aldizkari bat, formazio ikastaroak egiten ditu, baina hori baino gehiago da Hik Hasi. Euskarazko heziketa integral eta integratuaren bidean ezinbesteko erreferente dugu Hik Hasi.
  30. Librezale: software librea euskaratzen duen talde irekia da librezale, sarea da librezale eta orain gutxi 18 urte bete ditu. Nabigatzaileak, irudiak manipulatzeko programak, posta zerbitzuak, sare sozialak, P2P sareak, multimedia, hezkuntzarako programak eta abar. Asko dago itzulita, asko, eta guri ere tokatzen zaigu erabiltzen hastea (jarri Ubuntu euskaraz zure ekipoan).
  31. Kanaldude: euskarazko herri telebista parte-hartzailea da Kanaldude, Ipar Euskal Herrian ardaztua. Denetariko programazioa du eta nahieran zerbitzu duina ere bai.
  32. Herri hezitzaileak: zazpi kontzeptutan oinarritzen dira herri hezitzaileak. Euren berbetan, “jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”. Eta sarea osatzen ari dira herriz herri.
  33. Armiarma: sareko liburutegi zabala da armiarma, baina, era berean, entziklopedia ere bada. Gaur eta hemen ez dugun liburutegi nazionalari zerbait hurreratzen bazaio, hori armiarma dugu. Aldizkariak, euskarara ekarriak, kritika literarioak, euskal prentsaren lanak, teatro testuak, idazleen argazkiak eta abar, eta abar.
  34. Badok: aurrekoa literaturari buruzko liburutegia bazen, oraingo hau musikari buruzkoa da, euskarazko musikaren bilgunea dugu badok, entziklopedia izaerakoa ere honako hau. Badira beste bi biltegi ere, ganbara eta zinea, bi hauek ikus-entzunezkoei buruzkoak.
  35. Euskarazko wikipedia: eta biltegi nagusirik bada, hori da, hain zuzen ere, euskarazko wikipedia. Entziklopedia libre, kolaboratibo eta parte hartzailea, eta mugimendu handikoa, eta txikipedia umeentzako, eta abar.
  36. Ahotsak: eta bada beste biltegi bat, ahotsak. 369 herrietako euskarazko grabazioak daude ikusgai, 6259 pertsonetakoak. Eta denak lizentzia libreekin. Eta erabilgarri. Euskal herrietako ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea du helburu azken biltegi honek.
  37. Biba ardoak: euskal mahastizainen ardo ekologikoak saldu eta banatzen dituen kooperatiba da honako hau. Ardogile txiki eta artisauak batzen dira, euskal herrietakoak eta agroekologian dihardutenak. Eta, jakina, euskaraz.
  38. Ikaselkar: euskal curriculumaren garapena sustatzeko argitaletxea da hau, Elkar eta Ikastolen Elkartearen artean sortutakoa. Euskara, euskal kultura, izaera globala eta tokian tokikoa, ekimen soziala. Hori guztiaren batura izan gura du argitaletxe honek.
  39. Aroztegia: bizitzaren aldeko hainbat borroka daude gurean (baso biziak edo azpiegituren kontrakoak edo …). Aroztegiaren proiektuaren kontrakoak batzen ditu ekologia, lurraren defentsa, herri txikien defentsa baita euskararen garapena ere. Aroztegia bizirik!
  40. Euskal encondings: euskarazko film eta telesailak doan eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko komunitate irekia da. Ehunka film, telesail eta abarrak daude hor eskegita, zuek noiz ikusteko zain (azpititulatuak edo doblatuak).
  41. Azpitituluak: baina horiek ikusi ahal izateko, askotan film edo telesail horiek azpititulatu behar dira. Auzolanean eta modu boluntarioan egin nahiko baduzu, azpitituluak izeneko webgune honetan badituzu hori egiteko argibideak eta ikusteko argibideak.
  42. Korrika: euskararen alde herririk herri bi urterik behin egiten den lasterketa herrikoia da Korrika, irakurle gehienek dakizuen bezala. Euskarazko kontzientzia suspertzea du helburu baita euskaltegietarako sosak batzea ere. Korrika kulturala ere badakar, eta Korrika beka, baina hori beste kontu bat da.
  43. Durangoko azoka: Gerediaga elkarteak antolatzen du urtero Durangoko azoka 1965etik. Bereziki nabarmenduko nuke azken urteotan egileei ahotsa eman izana (Ahotsenea) eta azoka hutsa izateaz aparte, kulturaren plaza bihurtzeko egin duen ahalegina.
  44. Iparra-Hegoa: Urruña eta Segurako lagun-talde batzuek sortutako ekimena da, 26 urte egin dituena. Goierrin eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak sustatzeko jaio zen eta ordutik bide ederra egin du (nabarmendu behar da, adibidez, Euskal Herriko Mus Txapelketa ekimen honen ondorioz sortu zela). Eta aurten Kutxabira antolatu dute hainbat eta hainbat euskal herritatik.
  45. EHKOlektiboa: kolektibo hau ekarri dut, baina, tira, agroekologia mugimendu osoa aipatuko nuke (herrietako kontsumo kooperatibak, lurzaindia, haziak berreskuratzeko Aleka elkartea eta abar). EHKOlektiboak agroekologia praktikan jartzen du, herrigintza eta auzolana lagun. Euren asmoen artean, identifikagarri bat bultzatzea dago.
  46. Puntueus: nazioarteko aitortza ematen dion domeinua dugu puntueus, euskara eta euskararen herriari ikusgarritasuna emateko. 2014an hasi zuen ibilbideak eta gaur egun (2020ko abenduan) 12.000 domeinu izen daude erregistratuta.
  47. Astra: sormen fabrika Gernikan, edo Abadetxea, edo Hori bai, edo Bira, edo Oihaneder, edo San Agustin, edo Azebarri, edo Mullerenea, edo Borderline, edo Kalostrape, edo Gasteizko gaztetxea, edo Faktoria, edo Laba, edo Bonberenea, edo Lekuona, eta beste hainbat eta hainbat. Hau da, euskarazko bizitza kulturala biziarazten duten eta irabazi-asmorik ez duten gune horiek guztiak.
  48. Euskarabentura: errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezina da Euskarabentura. Espedizio katartikoa izan da orain arte, eta gazteen artean euskara sustatzeaz gain, bestelako balio batzuk ere jartzen ditu erdigunean: naturarekiko errespetua, bizi-ohitura osasuntsuak, bizikidetza, parekidetasuna, ardura eta autonomia, eta turismo jasangarria. Euskarabenturan!
  49. Tokikom: herririk herri eta eskualderik eskualde sortu ziren 90. hamarkadatik aurrera hainbat herri komunikabide. Aspaldi elkarrekin lanean hasi ziren, baina orain dela urte batzuk pauso garrantzitsu bat egin zuten: Tokikom sortu eta euren artean zero kilometroko hedabideen sarea ehundu (momentu honetan 76 hedabidek osatzen dute elkartea).
  50. Bertsozale elkartea: 1987an sortu zen bertsolariak eta bertsozaleak batzen dituen elkarte hau. Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu, transmititu eta etorkizuna bermatu: horiek dira euren helburu nagusiak. Autonomiaz eta mugimendu sozialen tankerara antolatua du bere burua elkarteak eta fruitu emankorrak izan ditu historian zehar (eta izango ditu, Mintzola adibidez).

Hauek dira nire 50ak (edo), baina egon daitezke beste horrenbeste …

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Une réflexion sur « Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu »

  1. Badira, bai. Oraintxe, botelasterrean, Euskal udalekuak gogora, baina gehiago izango dira.
    Eta ez dakit Bai Euskarari Ziurtagiria, Hamaika telebista edo horrelakoak sar litezkeen. Akaso, interesgarri liteke bidean geratu direnak aipatzea (Euskaltube?,…) ere.
    Edonola ere, lan bikaina Txerrarena, osatzea eta zabaltzea merezi duena, nahi lukeenak nahi eta ahal duen indarra emankorren eta gustukoen duen ildoan eman dezan. Hala bedi.

Les commentaires sont fermés.