Espainiako auzitegi gorenaren aginduz, duela bi aste Ertzaintzak Donostian Segiko sei gazte atxilotu ditu inguruan zeukaten giza harresiari bortizki jaurkituz. Gertakari okaztagarri horren ondotik egin dituen gogoetak helarazi dizkigu Jakes Bortayrou-k.
Kasko gorriek eraman dituzte udaberriko goiz batean, kostata, bi orduz borrokatu ondoren. Sei gazte, SEGIko militante izandakoak eta beste hamarka militante politiko gisa beren jarduera politikoagatik kondenatuak. Duela zonbait urte kale borrokarekin erantzunen zen holako atxiloketei, hainbat sabotaia edota poliziaren kontrako enfrentamenduekin. Aldi honetan borroka taktika berri bat erabili da errepresioa eta injustiziari buru egiteko. Duela bi urte Baionan, Auroren atxiloketa trabatua izan zen bezala. Bainan Aurorena erreakzio espontaneoa izan bazen, polizia sorpresaz harrapatu zuena, Donostiakoa pentsatua, prestatua eta antolatua izan da. Eta ehundaka lagun biltzea lortu du egun eta gauez, poliziaren lana ederki oztopatuz.
Etikoki beharrezkoa
Norbaitek eska lezake : eta hori guztia zertarako ? Azken finean, ez ote dira atxilotuak izan, Auroreri gertatu zitzaion bezala ? Segur baietz bainan ekintza horien bilana egiterakoan datu gehiago kontutan hartu behar dira. Lehenik injustizia bat deus egin gabe egiten uztea aukera okerrena litzateke. Injustiziaren kontra oldartzea etikoki beharrezkoa izaiteaz gain, ezinbestekoa da estrategikoki. Bestenaz normaltasun itxura hartzen du, eta hain zuzen hori da leku eta alor frangotan gertatzen dena, injustizia handiagoei atea irekiz eta erresistentzia oraino zailago bilakatuz. Bi esperientzia horiek ondorio berdintsuak izan dituzte. Arrakasta mediatiko handia alde batetik, irudiak, soinuak eta intentsitate handiko emozioak sortuz. Injustizia jasan dutenekin edota oldartu direnekin elkartasuna lagundu eta errextu dute, sustengu motak eta esparruak zabalduz, Auroren kasuan argi gelditu zen bezala. Politikoki zentzu azkarra ere badute autoritateari desafio larria bezain kudeatzeko zaila irudikatuz. Oldartu direnak zigortzea beti posible da bainan arazoa hanpatzen du eta amaigabeko gurpil zoroa elikatzen. Nehor zigortu gabe gelditzeak bere kostua ere badu poderearentzat, “ohitura txarrak” sortzen baititu, hurrengo batean errepikatzeko arriskua emendatuz. Hots poderearen jokamoldea maila batean bederen baldintzatua da. Eta hori da edozoin borrokatan xerkatzen dena.
Ekarpen berri eta ederra
Ez da lehen aldia holako desobedientzia ekintzak antolatzen direla Euskal Herrian. Tradizioa sakona eta luzea ere badutela erran daiteke. Borroka horiek eta Euskal Herritik kanpo ezagutzen ditugunak, NDDL-eko aireportuaren kontrakoa dugu momentu honetan ikusgarriena, beren arrakasta eta mugak badituzte, beren garaipenak eta porrotak ere. Ez baita borroka molde perfektu eta emankorrik leku guztietan eta betirako. Borroka bat prozesu dialektikoa da, enfrentatuak diren bi aldeen arteko indar harremanak baldintzatzen, moldatzen eta aldarazten duena. Ez da borroka molderik tabu edo totema bilakatu behar denik. Kasu bakoitzean, egoera bakoitzean, pragmatikoki eta zintzoki eragin eta ondorioak baloratu behar dira, finkatutako helburuei begira eta beti ere askapen eta emantzipazio baloreak gogoan. Gazteek ekarpen berri eta eder bat egin dute Donostian. Alferkeria intelektuala bazter utzirik, irudimena lagun, gure esperientzietatik, munduko beste guzietatik bezala badugu zer gogoetatu, zer ikas eta zer transmititu.
Injustiziaren kontra oldartzea etikoki beharrezkoa izaiteaz gain,
ezinbestekoa da estrategikoki.
Ez da borroka molderik tabu
edo totema bilakatu behar denik.