Bordaleko Akademiako Errektoretzak ez du onartu Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, Kanboko Xalbador kolegioan, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan 3.ean eskolatuak diren 157 ikasleek brebetako azterketak euskaraz segitzen pasa ditzaten eta bereziki zientzietako azterketa 2017ko ekainean euskaraz egin dezaten.
2016ko azaroan igorri genuen gutunari errektoretzak ekainaren 6an baizik ez dio erantzun, hots sobera berant, hunkiak diren 3 kolegioak behar diren neurriak hartu baitituzte urtean zehar beren ikasleek azterketak euskaraz pasa ditzaten prestatzeko.
Brebeta euskaraz aspalditik lortu den urratsa zen eta hori 90. Hamarkadan izan zen mobilizatze azkarrari esker, garai hartako 3.eko ikasleak BEPC diplomarik ez baitzuten erdietsi, euskaraz idatzi zituzten kopiak ez baitziren zuzenduak izan. Garai hori urrun iduritzen zitzaikun. Bainan egun zilegi eta ezinbestekoa iduritzen zaigu ikasgaiak ikasi dituzten hizkuntzan segi dezaten azterketen pasatzen batez ere DNBeko zientzia azterketa berrian.
Azterketa gehigarri hori aurten sortu da Kolegioko Erreforma berriarekin eta teorian tokiko hizkuntzak ez zituen kaltetu behar erreformak. Hezkuntza ministeritzari galdegin diogu behar diren neurriak har ditzan zientzietako azterketak euskaraz pasatuko dituzten ikasleak kaltetuak ez izaiteko, baina momentuz Errektorearen ezetza baizik ez dugu jaso.
Horregatik, hiru elkarretaratze antolatuko ditugu ekainaren 29an, arratsaldeko 13tan, azterketa guneak diren Garaziko Citadelle kolegioaren, Kanboko Errobi kolegioaren eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioaren aitzinean.
Ez, Euskara ez da familiarentzat bakarrik mugatua den hizkuntza bat. Gaurregun onartua da erakaskuntzarako hizkuntza dela euskara baina eta Hezkuntza ministeritzak ez du oraindik barneratu azterketarako hizkuntza ere badela.
Ministeritza abisatu dugu eta erantzun bat ukanen dugula erran digute. Bainan epeak ikusiz eta egoera sumindu aitzin, Errektoretzari eskatu diogu deituko dituzten zuzentzaileak, euskaraz idatziak diren kopien zuzentzeko gai izan daitezen. Gaurregun Ipar Euskal Herrian diren 28 kolegioetatik 13 kolegio publiko, pribatu eta Seaskan zientziak edo Biologia kurtsoak euskaraz emaiten dira.
Brebeta euskaraz duela 30 urteko lorpen bat da. Jendartean Euskara garatzeko eta azkartzeko borondate azkar bat delarik ez dugu halako gibelapenik onartzen ahal.