Elgarretaratzeak bihar, Ziburu, Lartzabale eta Kanbon Brebeta Euskaraz izan dadin.
Iaz bezala, Frantziako Hezkuntza ministeritzak ez du onartu Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, Kanboko Xalbador kolegioan, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan 3.ean eskolatuak diren 188 ikasleek, eta Etxepare Lizeoko 3.Profesionalean diren 5 ikasleek Brebetako Zientzietako azterketa euskaraz egin ditzaten.
Brebeta osoki euskaraz izatea (frantses azterketa salbu, bistan dena) aspalditik lortu den urratsa da eta hori 90. hamarkadan izan zen mobilizatze azkarrari esker, garai hartako 3.eko ikasleak BEPC diplomarik ez baitzuten erdietsi, euskaraz idatzi zituzten kopiak ez baitziren zuzenduak izan. Geroztik, azterketak euskaraz egin dira. Baina kolegioen erreforma dela eta, Zientzien azterketa gehitu zen 2017 ekainean lehen aldiz, eta azterketa hori frantsesez egin dezaten nahi du Jean-Michel Blanquer ministroak.
Ikasgaiak ikasi hizkuntzan aztertuak izan daitezen eskubide bat baita, 2017 eta 2018an debeku eta presioen gainetik, 157 ikasleek euskaraz erantzun zuten Zientzietako azterketa. 2017an euskaldunak diren zientzietako zuzentzaileek zuzendu zituzten kopiak.
Baina 2018an ez zen halakorik posible izan, Ministerioak aginduz zientzietako gure 179 ikasleen kopiak bahituak izan baitziren, ez zitzaten zuzentzaile euskaldunek zuzendu. Azkenean zientzietako irakasle zuzentzaile frantsesek zuzendu zituzten euskarazko kopiak, deus konprenitu gabe, zuzenketa « zifra eta grafikoetara » mugatuz, azterketek merezi zutena baino anitzez nota apalagoak emanik.
Aurten ere, 193 ikasleek eta familiek azterketa horiek euskaraz egiteko xedea dute, nahiz eta ez diren zuzenduak izanen. Azpimarratzekoa da gaur egun Ipar Euskal Herrian diren 28 kolegio publiko eta pribatuetatik Zientziak edo biologia kurtsoak euskaraz emaiten direla kolegioen erdietan, beraz euskaraz edo frantsesez egiteko hautua izatea, geroz eta kolegio gehiagoren eskaria dela. Hizkuntza politikan aitzinatuz segitu behar dugu, ez gibelazka.
Jakinez gainera, heldu den urtetik goiti Baxoaren erreforma dela eta lehen aldiz Baxoan zientziak ere euskaraz egiten ahalko direla, ez du neholako zentzurik Brebetako zientziak ez euskaraz egiteko parada izaiteak.
Horretarako, 3 kolegioek elgarretartzeko deia egin dute biharko, Xalbador kolegioaren aitzinean 11.15etan, 12.00tan Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren aitzinean eta Piarres Larzabal kolegioaren aitzinean 12.45tan.
Ez, Euskara ez da etxerako mugatua den hizkuntza bat. Bai gaur egun onartua da irakaskuntzarako hizkuntza dela eta hezkuntza ministeritzak ez du oraindik barneratu azterketarako erabiltzen ahal den hizkuntza dela. Hezkuntza Kodeak baimentzen duen heinean(*), Ministroaren borondatea baizik ez da falta.
Bestalde, azterketak asteazkenean Donibane Lohizuneko Ravel kolegioan zuzenduko dituztela eta, Piarres Larzabaleko burasoek goizeko 9etan elgarretaratzeko deia zabaldu dute, gure ikasleen kopiak babestera.
(*) L 121-3 II Code de L’éducation : La langue de l’enseignement, des examens et concours, ainsi que des thèses et mémoires dans les établissements publics et privés d’enseignement est le français, sauf exceptions justifiées par les nécessités de l’enseignement des langues et cultures régionales.