Aurten brebetaren zientzia azterketa euskaraz konponsatzeko eskubidea beste behin ukatua zaie Seaskaren 4 kolegioetako ikasleei. Hezkuntza Ministeritzari Seaskako hezkuntz komunitatearen desadosatuna adierazteko eta eskualdeko instituzioen buruek arazo honen konponketan eskua har dezaten eskatzeko asmoz, jende kate bat antolatuko da datorren asteazkenean, maiatzaren 19an 12:15 etatik 12:30arte Ipar Euskal Herriko 4 gunetan.
Brebeta osoki euskaraz izatea, frantses azterketa izan ezik, aspalditik lortu den urratsa da eta hori 90. hamarkadan izan zen mobilizazio azkarrari esker. Orain bezala, garai hartan euskaraz idatzitako kopiak ez ziren zuzenduak izan eta ondorioz 3.eko ikasleek ez zuten BEPC diploma erdietsi. 1994 urteaz geroztik, Matematika eta Historia Geografiako azterketak euskaraz idatziak eta zuzenduak dira legearen babespean.
Dakizuenez, 2016ko kolegioaren erreformaren ondotik, zientzia arloko gaiak (Fisika-Kimika, Teknologia eta Bizia eta Lur planetaren zientziak) idatzizko Brebeta frogaren parte dira, Frantsesa, Matematika eta Historia-Geografiarekin batera.
Alta, ez da zientzietako azterketaren kasua. Izan ere, gai hauek ikasten duten hizkuntzan pasatzeko eskubidea urratua zaie gure ikasleei. Lehen urtean azterketa horiek zuzenduak izan baziren ere, ondokoetan kopiak bahituak, Bordalera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoengandik zuzenduak izan ziren. Irizpide gisa, zenbakiak hartu zituzten eta latinezko erroa zuten hitzak…
Hezkunde Nazionalaren sisteman lanean diharduten ikasleak ditugu, euskaraz ikasten dutenak, baina DNB froga pasatzera haien ikas-hizkuntza ez den mintzaira batean behartzen dituzte. Ikasleentzat kaltegarria eta injustua da, haien gaitasunak mugatzen zaizkielako.
Egoera hau are errabiagarria da hizkuntza gutxituen eskubideen eta aniztasun aldeko Molac legea frantziar Parlamentuan onartua den momentu honetan.
Horregatik, aurten berriz ere, “Brebeta euskaraz” leloa aldarrikapena zabaldu beharra dugu. Gure herriko haurren eskubideak gehiago ez urratuak izateko, gure hizkuntzari zuen sostengua adierazteko eta gure ikastoletako ikasleek pairatzen duten injustizia eta zentzugabekeria deitoratzeko, heldu den maiatzaren 19an, asteazkenez, 12:15etan antolatuak izanen diren elkarretaratzeetara deitzen zaituztegu.
• Baionan, Santi Izpiritu zubian
• Kanbon
• Lartzabalen
• Urruñan, Euskal Hirigune elkargoaren aitzinean
Gutun bat helarazia izan da gure eskualdeko auzapez eta udal-hautetsiei “Brebeta euskaraz” aldarrikapenarekin bat egin dezaten, gure haurren eskubidea babes dezaten.
Era berean, hauteskunde kanpainian diren hautagaiei dei egiten diegu, egoera honen aitzinean haien posizioa azal dezaten.
Dei zabal bat egiten diogu euskal gizarteari gurekin bat egin dezan “Brebeta euskaraz” aldarrikapenarekin eta bil gaiten elkarretaratze egunean. Brebeta ez baita erronka bakarra: baxoa euskaraz eta orokorrean gure hizkuntzan ikasteko eskubidea jokoan baita ere.
Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateak
Berriz ere Frantziako hezkuntza agintarien fede eta borondate txarrak erakusten digu horrek. Matematika euskaraz egiten ahal bada, beste gai zientifikoak zergatik ez? Uste ahal dute euskeraz ezin daiteke biologiaz, botanikaz edo geologiaz idatzi? Hala bada, benetan ezjakinak dira. Arabako Ananako Gatzagak bisitatu nituelarik, euskaraz idatzitako geologi liburu bat erosi nuen. Frantziako administrazioa presionatu behar da brebeta osorik euskaraz egin ahal izateko.