Enbata: Duela zenbait aste, aurkeztu duzu Aingeruekin solasean liburu mistikoaren itzulpena. Gaur egun horrelako lan bat egitea ez dea bitxia?
Gabriel Oyharzabal: Ez hainbeste! Liburu hau liburu mistikoen sailan sar daiteke, bere alde profetikoarengatik. Erran nahi du jende batzuentzat gertatzen diren gauzetan ikus dezaketela iraganean iraganak izan zirenak. Baina segidan gehitu behar da metaforen eta irudien bitartez erakutsiak direla. Horrengatik preseski liburu mistikoa da eta azpimarratu behar da liburu horren solasaldiak zuzen-zuzenean irakurlearen barnera doazela.
Liburu horretan Hannaren bitartez erranak diren solasak Hungariako historia larriari nolazbait lotuak dira zeren 1943-44etan gertatuak baitira. Garai hartan Europa su-tan zen eta gerlak lotuko ditu lau lagun minen patuak (Hanna, Josepe, Lili eta Gitta) eta haien zorteak mundukoari.
Irakurketa metafisikoa eta metaforikoa egitea ez da beti erraza, bere burua engainatzeko irrisko handia baita.
Enb.: Ematen ahal diguzu zenbait adibide?
G. O.: Hona bi adibide uste dut aski argiak direnak:
Liliren 19. solasladitik hartua:
… Zenbat indar ur sorta bat lurpetik ateratzeko!
Alta euria bera erortzen dun!
Iturriek agortzen ditun,
Lurra lehortzen, ura lurruntzen.
Su-armek tiroen bidez
gezurra botatzen diten
eta bizia erailtzen.
Begi guziek beherera so egiten diten.
…
Eta beste bat 20. Liliren solasalditik hartua:
… Galipotezko (gudronezko) bide sareek
norabide guzietan lurra zeharkatzen dute.
Erokeriak bide zabal eta leun horiek erabiltzen ditu.
Anitz bide bada. Anitz!
Ez harritua izan gizakiak ahantzi baldin badu
bide ttipia, hertsia, bakarra!
Erokeriak indar guziak irensten ditu.
…
Enb.: Ororen buru Aingeruek ez dute Lili, Hanna eta Josepe heriotzatik salbatu. Beren baitatik hautatu dute heriotza haien «betebeharrean» betetzeko?
G. O.: Egia da! Anitz jendeenzat hori ulertezina eta onartezina da. Irakurlea ohartuko da gure lagun judu dohakabe horiek beren kabuz hautatu dutela heriotza-zelaietara joaitea. Hautu hori askatasun osoz egin zuten. Alta, mundu etsigarri horretarik eskapatzeko paradak ukan zituzten.
Hautatu zuten beren populuarekin joaitea (1). Guretzat onargarri ez dena, haientzat ezinbestekoa zen. Baina hor fede eremuetan sartzen gara.
Enb.: Aingeru horiek giro girixtinoan murgiltzen dira.
G. O.: Bereziki liburuaren bigarren partean, Budapesteko solasaldietan. Halere ohar gintezke moldea berezia dela. «Jainkoa» hitza bakan baizik ez dute erabiltzen. Na-hiago dute izendatu «Hura, Hark,…», gizakiek mendeen zehar hainbeste hitz hori zikindu baitute «Gerla Saindua», «Inkizizio saindua» eta abar.
Enb.: Ez baldin bada erraza ere, labur bilduz, zer da zuretzat liburuaren funtsa?
G. O.: Gizakia! Zeru-lurren oinarria da. Hark bakarrik du Munduko indarrren -Harria, Landarea, Aberea- eta Zeruko indarren -Aingeruak, Serafinen mundua, Jainkoaren mundua- arteko lotura izateko eta egiteko ahalmena.
Bakarrik gizakiak dugun mundu hau salba dezake baina lurperatu ere.
Nahiz eta aski argi gorri piztuak izanik, munduak bere erokerian segitzen du. Jean-Marie Pelt jakintsua bezalako lekukoek ez dute diruaren indarra gelditzen ahal eta diote nolazbait apokalipzan sartuak garela, desafio guziak —ekologikoa, zoziala, ekonomikoa- metatzen ari baitzaizkigu. Eta gu, gure xoko ttipian, zer egiten dugu geroa ederragoa eta bizigarriagoa izan dadin?
Aingeruekin solasean liburua salgai da Mattin megadendan, Baionan, 20 eurotan.
(1) Bederen 400.000 judu hungariarra hilen dira heriotza-zelaietan.