Hazparneko mediatekako erakusketa gela bete betea zen joan den ortzirale iluntzean Antton Pochelu-ren bigarren erakusketaren estreinaren kari. Adixkidez eta obraz betea. Antton-en lana ez zauku arrotza. Elkarreko gelan egin zuen bere lehen agerraldia. Orduan ikusi genituen obra nagusiak bildu ditu berriz ere Hazparneko zizelkari bikainak ortziralean ideki den erakustaldiko. Eta bospasei obra berri lehen aldikotz agertu.
Alberto Giacometti-ren hitzak gogora-arazi ditu Antton-ek estreinako mintzaldian: «cha-que œuvre de l’artiste est un échec, une insatisfaction, car pour lui le chef d’œuvre est toujours à venir». Hara hor agerian Antton-en umiltasuna. Bainan guk dakiguna eta preziatzen duguna hauxe da: Anttonen lanaren originalitateak —hezurra eta zuraren arteko ezkontzak— toki berezia emaiten diola euskal artisten lerro oparoan Hazparneko ezkultoreari.
Giacomettiren gisa, gizakia da Antton-ek behin eta berriz zizelkatzen duena, zaldi hezurrean edo zurean. Bainan haren ametsa haratago doa: gizakiaren arimaren sekretua, bizi nahi mina, dauku partekatzerat emaiten. Anttonen obratik bi lan hautatu behar bagenitu: bertsolaria (zur eta hezur) eta karrika kantoia (zur, hezur, burdin). Ez da ez zurean ez hezurrean gezurrik.
Antton Pochelu, (He)zur erakusketa Hazparneko mediatekan.
Herriko Etxeak lagundurik.