Abertzalizmoaren eragile eta ikona nagusi baten bizi aberatsa pastoral batean labur biltzea ez da lan erretxa. Alta desafio hori dute Larraintarrek altxatu nahi izan Johañe Bordaxar-ek Telesforo de Monzonetaz idatzi pastorala antzeztea hautatu dutelarik, abertzale enblematikoaren heriotzaren 30. urteburu kari.
Bergara Olasoko semea hurbiletik edo entzutez ezagutu duten lagun ta jende guziek, baita ere haren ibilbidea miretsi duen abertzale andanak, ikusmin haundia zeukan. Xuberotar horiek nola ber-biziaraziko zituzten Telesforo eta haren bizilagun sutsua? Nola marrazkituko zuten bere bizi osoan Euskal Herriarentzat zuen su-garra, egin zituen harat-hunatak, bizi izan zituen gora-beherak? Bai, zinez, ikusmin haundia. Aroaren mehatxu beltzeri kasurik egin gabe eta Larraine Euskal Herriko beste puntan izana gatik, jargiak mukurru beteak ziren hastapena baino oren erdi bat lehenago.
Zinez itxaropentsu etorriak ziren ikusleak. Lau oren berantago, gozaturik, begi beharriak beterik, gogoa aserik, abiatu direa etxerat, aratsalde osoa tente entzuten eta ikusten egon ondoan? Hala hola. Lehen partea aski luze iduritu zaigu. Bizitasun eta erritmo falta. Monzon-en biziaren lehen zati hori, 36-ko gerlaren garaia, laburzkiago aipa zezakeen Bordaxar-ek, beste gertakari batzuk, Iparraldean Monzonek luzaz eraman duen bizitzakoak adibidez, sakonkiago aztertzeko.
Espainiako gerla zibilaren garai hori 1995-ean, Agirre Presidenta pastoralean ederki marraztu zuen Jean-Louis Davant-ek. Nahiz garrantzitsua eta aski minbera izan, gure historiako zati horren aipamena luzexkoa iduritu zaigu Larrainen, behar zuen tratamendua ukana baitzuen Arrokiagan. Ikusiz zein diren are ta gehiago tratatzen diren gaiak eta garaiak, pastoral idazleek gogoan atxiki behar lukete, nahi ta ez, antzekotasun edo kidetasun zerbait dutela azken urteetan eskainiak diren pastoralek. Batzutan, besteek jadanik eginaz oroitzeak ez du kalterik egiten.
Bizitasun eskas hori nabaritu zaigu. Ateraldien arteko tarteak luzexkoak. Hori errijentak errexki zuzen dezake larunbateko. Nahiz gaia ez den irri karkailaka aritzekoa, antzezleak seriosegi aurkitu ditugu, eta une batzuetan aski pasiboak, lehen parte horretan.
Beharrik gauzek hobera egin dute bigarren zatian. Testoa bera hobea, dinamika gehiago eta Monzonek berak ondu kantuek erritmo erneagoa eman diote ikuskizunari. Ikusleak pixka bat pixkortu dira, sei kantu horiek behar zen kartsutasunarekin
eta fedearekin emanez taula gaineko kantariekin batean. Molde berean, bi taldekako dantzek ere, lehenik mutikoenek, gero neskenek, eskuzarta za-parrada ederrak eragin dituzte. Jendea prest ze-goen gogo onez ikuskizunean parte hartzeko, bere partaidetasuna eta laguntza eskaintzeko. Beste horrelako bi talde dantza gehiago sartu ba-lira, freskotasun ederra ekarriko zuten. Aintzineko pastoral batzuek es-kaini ziguten modernitate hartarik.
Pastoral batean ikuslegoari bere partaidetza galdatu behar zaio. Galdatu eta probokatu. Hortarako joaten gira ere pastoralen ikustera. Ez gaitu sekula luzetasunak lotsatzen eta aspertzen. Bainan baldintza guttiengoa da publikoaren parte hartzeko inbidia hori nolazbait piztaraztea. Aski zen entzutea nolako hixtu ta oihuak eragin dituzten Espainolen (Turkoen) eskarnio, mehatxu eta ele tzarrek. Pena da Larraineko publikoak ez baitu bere sentipenen agertzeko parada etsaien kontra baizik izan. Azken unea idurikatu behar izan da, hil aintzineko abestiaren bukaera hain xuxen, jendearen sustengu kartsu hori senditzeko. Eguzkiak lanoak urratzen zituen memento berean.
Dena dela, pastorala beti da ikuskizun ederra, ikusleak elkartasunez gozatzen duena. Eskas batzuk izanik ere, Larrainekoak ez du hori huts egin. Badute merezimendu Larraintarrek horrelako lana bururaino eramanik. Eta horrengatik gure eskerrak eta goresmenak merezi dituzte.
Urdamuno