Idazleen 28 garren biltzarra egin da joan den astelehenean Saran. Beti bezain arrakastatsua, giro goxoan iragan da herriko turismo bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu 28 garren edizioa. 150 idazleren lanak ezagutzeko parada izan dute han ibili direnek.
Liburu batzuen estreinaldia izan da. Horien artean, Joxemiel Barandiaranen Bosquejo etnográfico de Sara, Euskal Kultur Erakundeak, Sarako Herriko etxeak eta Barandiaran Fundazioak elkarrekin argitaratua. Barandiaran 1940an joan zen ihesi Sarara, eta 1953an itzuli zen bere sorterrira —Ataunera. Saran bizi izan zen denboran landu zuen ikerketa etnografico hori, Espainolez idatzia. Frantseserako itzulpena egiteko proiektua Jean Aniztobehere Sarako auzapez ohiak abiatu zuen eta, ondotik, Kattalin Totorikak segitu zuen. Gaurko edizio berri hau Xabier Elosegik landu eta adaptatu du, euskarara eta frantsesera itzulirik. Mikel Duvert-ek Aita Barandiaranen omenez egin duen hitzaldi bikaina izan da aurtengo Biltzarreko unerik hunkigarrienetarik.
Goizean, Eusko Ikaskuntzako arduradunek aurten ikasle/ikerleeri eman dizkieten diru laguntzak banatu dituzte. Saridunak hauek dira: Amaia eta Eneko Bidegain, Anais Darguy, Isabelle Duguine, Txomin Haran, Irène Ithursarry, Pablo Marticorena, Mikel Petuya, Valérie Steunou, Eneritz Zabaleta. Goresmenak gazte haueri.