“Gure esku dago” hiru oinarri dituen mugimendu zibil bat da. « Herri bat gira, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da. » Hiru oinarri horiekin bat datozen ikusmolde guziak biltzen dituen sare bat da. Zernahi gai izan daiteke herritarrontzat kontsultagai, baina batez ere gure lurralde antolaketari dagozkionak, zein herritan edo lurraldetan bizi nahi dugun, eta nolako harremanak nahi ditugun inguruko lurraldeekin. Gogoeta horrekin bat egiten dutenak, eta gure herri izaera onartu, eta herri horrek erabakitzeko eskubidea behar duela pentsatzen duten guziak, deituak dira Baionara ekainaren 21ean. Ez dira alderdi politikoak, ez eta kargudunak, deituak, baizik eta pertsonak, banakabanaka, beren izen eta abizenekin, eta bakoitza bere pentsatzeko manerarekin, baina oinarri komun batekin. Eta oinarri hori da « gu herri bat garela, eta badugula gure etorkizuna, erabakitzeko eskubidea. »
Zer da “Gure esku dago” ?
“Gure esku dago” herritar orori zabalduriko proiektua da, ez da proiektu politiko zehatz bat. Beraz, ez da ideologia bat, “Gure esku dago” jarrera bat da, egin molde bat. “Gure esku dago”k herritarrek bizi politikoan eta erabakietan parte hartu behar dugula defendatzen du. Herritarrak beren eskubide politikoen jabe egin nahi ditu, herritarren indarra azkartu, haien boza entzuna izan dadin.
Orain arte gure ordezkariak hautatzera mugatu da gure eskubide politikoa, gure boza. Eta, guk diogu, gure tenorea heldu dela, herritarrena; Alain, Kattin, Christian, Dunya, Joana, Adherbal, Pantxorena… Herritarrek emanen dugu hitza, eta guhaur izanen gara berme, hitza errespetatua izan dadin.
Gure Esku Dago Iparraldean
Duela 2 hilabete Ziburun proiektatu zen Jostunak dokumentala kari bildu ziren herritarrek deliberatu zuten Baionan ere zerbaiten egitea, EHri buruzko erabakitze eskubideaz mintzatzean ezin baita iparraldea ez egon. Haatik, iparraldeak bere errealitatea du, Nafarroak berea duen ber, eta beraz bere gisara ehunduko du deliberatzeko dretxoaen problematika. Ekainaren 21ekoaren ondotik, Gure Esku Dagok iparraldean, erabakitzeko eskubideak zer erran nahi lukeen eztabaidatu nahi du, problematika iparralderat lotu, 21ekoa ez da helburua bidearen hastapena baizik.
Orain arte, Jostunak dokumentala 15 bat herritan emana izanen da 350 jende bilduz. Bertzalde, Joste egunak 10 bat herritan antolatu dira 400 bat jende bilduz.
Jin zu ere Baionarat, ekainaren 21ean
Egun horretan Euskal Herriko beste hiriburuetan ere elkartuko dira herritarrak, erabakitzeko eskubidea denon eskubidea baita, etorkizuna gure esku delako. Bertan erabiliko diren ohialen sinboloa hauxe da. Norbanakoak bere ideiak/ametsak irudikatuko ditu oihalean eta oihal horiek elgarri josiz, ideia ezberdinetako jendeak oinarri komun batzuen inguruan bilduz, « erabakia ehunduz » gauzatuko dugu deliberatzeko dretxoa. Helburua, herritarrak saretzea da, herritarrengandik jinen den mugimendua izatea.
Baionako 21eko ekitaldia, ez da ikusgarri bat, jendearen elgarretaratze bat baizik. Xumea bainan duina izatea nahi da. Oihalik ez duenak izanen du egunean berean oihala apaintzeko aukera: herriko etxean mahainak izanen dira 10.00 etatik goiti.