21. Korrika apirilaren 4an hasiko da Garesen, eta 14an Gasteizen bukatuko. Non eta noiz parte hartzen ahal den errex ikusteko, Berriak mapa interaktibo bat prestatu du ibilbidea osorik azaltzeko. Jarraian, mapa horren berri eta ondorioz Apirilaren 7 eta 8an Ipar Euskal Herrian gaindi pasatuko den Korrikan parte hartzeko bide bat!
Hara Ipar Euskal Herriko zonbait hitzordu… eta xehetasunen biltzeko, beste lotura bat : www.korrika.eus/ibilbidea/ibilbideabilaketa.html
Apirilak 7, igandea. Gauean igaroko du Nafarroa Behereko hiriburua, Donibane Garazi: 02:40an. Zuberoara joko du gero, eta goizean goiz iritsiko da Maulera, 07:10ean. Lapurdira joko du arratsaldean: 17:50 aldera Baionan izango da Korrika, eta segidan igaroko ditu Angelu (19:00) eta Miarritze (19:45). Kostaldeko herrietatik joko du Gipuzkoa alderantz.
Apirilak 8, astelehena. 01:30ean sartuko da Korrika Gipuzkoara, Irundik, baina berehala hartuko du Nafarroara, Bortzirietara (Bera, 02:50). Lapurdira joko du handik, eta Azkainen izango da astelehen goizean, 08:00etan. Lapurditik Nafarroa aldera berriz, Baztandik: Elizondon izango da 13:20 aldera. Malerrekatik (Doneztebe, 15:00), Leitzaldetik (Leitza, 18:00) eta Basaburutik (Jauntsarats, 21:15) igaroko da arratsaldean.
Zer da Korrika
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 20 Korrika eta 39 urte igaro dira. 2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 21. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika edizioetan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. Ekimenean parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia izan arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.
Mezua
Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea
Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.
Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.
Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.
Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.
Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin.