Maritxu Lopepe, Laborari-ko kazetari ohia, EHLG, pièces à convictions liburuaren idazletakoa
Kirolaria izan balitz decathlonlaria izanen zen menturaz Mixel. Antikitateko soldadogai greziarrek hamar jokotan lantzen zuten beren trebetasuna, gerlarako hoberenak izaiteko. Berrokok ere bazakien borroka baten aintzinarazteko alde batetik pusatzea ez zela aski, inplikatu den arlo guziek bazuten lotura, eraiki nahi zuen puzzla horren piezak denak.
Naturalki, logikoki, laborantxako borroketan arizan da gehienik, laborantxa iraunkorraren beharraz laborariak ohartaraziz. Gero behar hori gizarteari sendiaraziz. Behar horren betetzeko, erabaki guneak behar zirela azalduz. Erabakigune horiek, laborantxa baino haratago, beste sektoretan ere eta herri gisa oro har, behar zirela argi ukanez. Bere gain nahi duen herri batek bakean behar duela kondutan hartuz eta gogoan atxikiz bakerik ez dela preso eta sofrimenduak izanki. Berrokoren inplikazioa ez da arlo batean bakarrik murgildu, ibaia haz-ten duten erreka gehienetan arraun ukaldiak eman ditu.
Hala nola, gaztetik, “Herrian lan eta bizi”lema zuen Euskaldun Gazteria mugimenduan inplikatu zen lehenik. Gero ELB sortu eta urte luzez eraman zutenetan izan zen. Laborari kaseta sortu zutenetan ere, komunikazioa, sentsibilizazioa, inportantak izan baitira beti Mixelendako. Diskurtsoetarik haratago joaitea ere: ELBren ekintzekin edo berantago Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzearekin.
Saretzean sinesten zuen, kanpoko harremanean ere, horregatik izan zen Confédération paysanne sindikataren sortzaile eta lehen arduradunetarik bat. Denbora berean, gizarteko beste eragileekin engaiatu da ainitz. Euskal departamendu baten aldeko borrokan, Batera plataforman, instituzio berezi baten eskuratzeko urratsetan. Ahantzi gabe Garapen Kontseiluan eman duen inplikazioa.
Mixelek zuen gaitasun haundiari esker
eta eramaiten zuen lanagatik,
inplikatu den leku guzietan
presentzia inportanta — edo baitezpadakoa— izan du.
Azken urteetan, euskal gatazkari buruz luzatu du bere engaiamendua, hemen ere buru belarri lan egiten zuela. Mixelek zuen gaitasun haundiari esker eta eramaiten zuen lanagatik, inplikatu den leku guzietan presentzia inportanta — edo baitezpadakoa— izan duela erran daiteke. Leku desberdinetan bainan beti bide berdinari segi, aintzina hesien gainetik, pizu haundiko ametsak urrun bota nahiz, iraupen lasterketan ere zalu, kolektiboa zuela ahal bezain gora joaiteko haga…
Decathlonean ez bezala, punduak ez ditu sekula beretako kondatu baizik eta herriarendako bildu.
Egin duzun guziarendako, milesker Mixel.