Maiatzeko artikuluan, «Gora Napoleon» delakoan, aipatu nituen Frantziako armadak duela bi mende Lapurdin eginiko desmasiak. Oraikoan oroitaraziko dut mugaz haraindian gertatu zen itsuskeria bat, hau frantsesen etsaiek egina : 1813ko abuztuaren 31an, Donostia suntsitu zuten Wellingtonen tropek, hots britainiar eta portugaldar soldaduek.
Iparralderunzko erretiroan, Napoleonen armadak Gasteizko guduka galdu zuen 1813ko ekainaren 20 eta 21ean. Egun gutiz Wellingtonen gizonak Donostiara zeuden. Beraz ekainaren 26an hiriaren setioa hasi zuten itsasoz eta lurrez. Bi hilabetez iraunen zuen. Inguruko gainak aldizka harturik, britainiar artilleriak hiria bonbardatu zuen, bereziki harresia. Uztailaren 23an «bretxa» bat ireki zuen, eta 25ean eskoziar oinkariak horren erasora igan ziren. Laster atzera egin zuten, izigarriko galtzeak jasanez : hilak eta zaurituak ehunka – 1500 bat omen orotara – eta presonerak ere franko. Gainera ondoko gau batez frantsesek ustekabeko ateraldi erasokor bat egin zuten lo zauden etsaien aurka, beste triskantza bat eraginez.
Baina gero britainiarren artilleriak, frantsesen muniziotegi bat zartaraziz, harresian gaitzeko «bretxa» ireki zuen, eta oinkariek eraso handia hortik burutu zuten abuztuaren 31an. Nagusiki eskoziar infanteria sartu zen, portugaldarrak lagun, eta karriketan laster aurrera joan ziren. Azken frantsesek gaztelura ihes egin zuten. Ber egunean San Marcialko guduka irabazi zuten britainiarrek eta Castaños jeneralaren espainiarrek.
Arratsalde hartan, gauan eta ondoko egunetan, Donostiak infernua jasan zuen garaileen partetik. Hiriaz jabetu orduko, eguerdi ondoan, britainiar eta portugaldarrak biztanleen erasotzen hasi ziren, gizon batzuk hilez, ikusiriko emakume guziak bortxatuz, 10 urteko neskatxak eta 60 urteko amamak barne, zenbait hilotzik utziz. Etxeak arpillatu zituzten, eta gero su eman zieten. Hiri guzia erre zen, salbu orain Abuztuaren 31koa deitzen den karrika, ofizieren egoitzak hor baitzituzten. Hauek ez bide zuten deus egin soldaduen zentzarazteko, alderantziz berek urdekerian parte hartu omen zuten.
Manua nork eman ote zuen ? Zurrumurua berehala hedatu zen, Castaños espainiar jenerala salatuz, nahiz ez zen Donostian agertu. Portugaldar presonerek aitortu zuten triskantzaren obratzeko manua berak emana ziela. Castaños Espainiako Armada guziaren burua zen.
Jarraian espainiar buruzagiek, frantsesen lana izan zelako gezurra hedatu zuten. Wellingtonek gezur hori beretu zuen. Bera ez zegoen hor, baina Lesakatik espainiarren bertsioa errepikatu zuen. Laster Lapurdin oroitarazi beharra zuen nolako diziplina gogorra atxiki ohi zuen bere armadetan. Baina Donostia egun eta gau zenbaitez infernuan utzi zuen, zaldiz ordu gutiren bidean. Bakarra izango zen deus, ezer, fitsik ez zakiena. Mezularirik ez ote zuena berrien une oroz jakiteko, eta manuen helarazteko? Hain jeneral txarra ote zena, hain luzaz gor eta mutu egoteko? Alderantzizkoa frogatu du askotan, bereziki erran berri dudanez Lapurdin.
Adituen arabera, Donostia traidoretzat ikusten zuten espainiar buruzagiek, 1794an Konbentzioko frantses armadari errexegi errendatu zelakoan, Michelena alkatea buru. Funtsean Gipuzkoa osoa hola ikusia zen, frantziarrekin tratu bat egin nahi ukan zuelako. 1794an gipuzkoar hautetsiek Probintziaren independentzia bilatu zuten. Frantsesek ezetz, aski zutela Frantziako Errepublikan sartzea. Azkenean ez bata, ez bestea : 1795ean Frantziak Espainiarekin bakea egin zuen, Gipuzkoa bere saltsan utziz.
Aldi bat gehiago, euskaldunek kario pagatu zuten bi Estatu handiren artean gertatzea. Horien gerlek mugaren bi aldeetarik egin dituzten kalteak, ezin erranak dira. Duela bi mendekoek, 1813koek, samina berpizten digute 2013 urte honetan. Napoleonek ez badu gureganik esker onik merezi, Wellingtonek berdin guti. Are gutiago, itxura guzien arabera, Castañosek. Horien alderako edozein omenaldi, zinez iraingarria litzaiguke.