Apirila eta apiril hondarra, hameka uhainek inarrosi duten hondarra. Estatu frantses eta españolen ezazolkeria, kozkorra uste ginuen harria, azkenean olatuek hare egin zutena. Guk ere, harri ttipien gisara errekak iragan ditzakegu, gainera korrontearen kontra. Gure izerdia ur azalean ageri da: gatzik gehitu behar ez zaion aparra. Aste baten buruan, apar naparra. Jakina da uhain mugimenduetan dugula indarra: itsasoaren arimak dakar ur gainean bitxa… eta bitxia izan den desarmatzea. Nork pentsatuko zuen etapa hau holakoa izanen zenik? RG-ari exek (=erregeari exek) eta orain guri xake, edo hobeki erran, R-ari S-k lekua hartu: armakuntzatik atera da asmakuntza. Fase berri honetan, ez dezagun ahantz orriz orri historia berri bat dagoela idazteko. Ez dadila istorio bat izan! Amalurretik atera daiteke amaluma? Eskriba dezagun tipi-tapa tipi-tapa lerroka… tipi-tapa tipi-tapa orrika! Izan gira artisau! Herri eriaren ostekoa izan da erien bostekoa … Harien jostekoa gelditzen zaukularik eukal herrien lotzeko. Izan giten artisau! Sor dezagun sarea, sare trinkoena, oihal bat izan arte. Etsaiak guraiziakin bereizi arren bakoitza bere aldetik, ezaguna da jantzi girela zazpiak oihal batetik. Hori al da Nafarroaren ehuna?
Lurrikarazko apiril huntako azken hitzak Baigorrin idatz ditzagun, lehen tinta tintoan ito barik! Bainan ez bar-ik gabe… Zigante, dantzari, musikari, makilari, … Sons of Kentucky, Broken Brothers Brass Band, Kiki Bordatxo, Huntza, Niko Etxart, Nina Coyote eta Chico Tornado, Tiri Ta Terry!!! Ene bihotzeko Nafarroa, hire egunean mundua dantzan jarriko hukek, Jainkoa ez bahintz ere! Nor da ba aski jainko zer nahi dugun hautatzeko? Oh Nafarroa, azken dantza hau maitia zurekin! Bezpera sinfo-nikoek dituzte biharamun armonikoenak eskaintzen!… Barka… apirilaren 8tik geroz, biharamun desarm-onikoenak behar ginuke erran… Bainan egun hau ez des-xarma! Hori guzia baita herriaren gaita-suna…
Frantses hauteskundeen (l)aparra baztertuz (haiek bage bagera), apirilaren 30ean Baigorrin, naparmen izan ditezela apar naparra eta napemea ! Uhainik gabe, bage, barik edo bagerik… ez baitut uste bitxarik badenik! Ordoki eta gailurretako euskaldunak hurbil ditezela, bainan itsas bazterrekoak ere, kosta ala kosta! Nafarroa Beherean egonen da zutik mendian gora haritza! Nafarroaren egurra! Kartsuki, alaiki, herria eraiki!