Larunbatean, martxoaren 17an, 9:30etarik 13:00k arte, Angelun (Notre Dame du Refuge gunean) erlijio komunitate, egoitza, eliza, parroki eta elkarteen konbertsio ekologikoa helburu duen Eliza Berdea Labela desmartxaren Euskal Herriko abiatzea iraganen da. Karia horretara, Alda!k elkarrizketatu du Maite Irazoqui, Baionako Elizbarrutiko hezkuntza zuzendari ohia eta Atxik Berrituz-eko kidea.
Zer da Eliza Berdea labela desmartxa?
Jende guziak gomitatuak dira gure mundu hau errespetatzera. Bada orain urte frango klima aldaketak ezagutuak direla, (onartuak ez beti) eta gure bizi moldeak ingurumena makurtzen duela edo makurtzen ahal. Duela hiru urte, 2015ean, Aita Sainduak idatzi du liburu bat “Laudato si”. Mundu hau “gu denen etxea” deitzen du eta zaindu behar dugula dio. Girixtino gisa, kreazioneari errespetua zor diogu. Beraz, ekologiaren alde, kristauek badugu zerbait egiteko eta ez dugu mugimendu horren bazterrean egon behar. Eliza berdearen desmartxa izan daiteke jendea iratzartzea eta arazoaz oharaztea, ondotik lehiatzeko zerbait egitera, funtski. “Deus ez da mundu huntan asaldarazi gabe uzten gaituenik” dio Frantses aita sainduak bere liburuan. Eliza berde labela ezagutaraztearekin, girixtinoek erantzukizun berezi bat badugula erakusten du. Hortarako jendeekin mintzatu behar da jakiteko zer eta nola egin dezaketen kreazionea errespetatzeko, ingurumena garbitzeko edo garbi atxikitzeko, bizi moldetan zerbait aldatzeko, etab. Ezberdinekin gurutzatzeak gogoetak aberasten ditu eta adimendua argitzen, begiak idekitzen. Denbora berean, denak elgarrekin lotuak girela erakusten du zeren denek galde berak eta kezka berak ditugu. Beraz, indar bat da. Idekidura horrek indarra eta sinesgarritasuna ekartzen ditu.
Nola parte hartzen duzu ekimen hortan?
Nihaurek guti parte hartu dut bilkuretan. Bainan eguneroko urratsetan izpiritua argi atxikiz, jokabideeri kasu emaiten diet: etxean : ura, argia, berogailua, janaria, soinekoak… xahutze gutirekin ibiliz. Oinez ibiliz ahal dutan aldi guziz biribila hartu gabe, bereziki karrikan. Elkartasuna zabalduz, bereziki haurren alde, eskolatuak izan diten mundu guzian, eskola baita ainitzen laguntza: jakin eta konpreni dezaten zer jokabide hartu mundu hau biziarazteko. Eskerrak emanez Jainkoari, holako kreazione ederra gure esku emanik.
Zer izanen da Eliza Berdea labelaren eguna?
Martxoaren 17an, Angelun, Mariaren zerbitzari seroren etxean, egun bat antolatua da Eliza Berdea desmartxa aurkezteko parropietan, eskoletan, taldetan ari diren guzieri. Katoliko, protestanta, ortodoxo, kristau guziak gomitatuak dira. Eliza berde labela zer den, kristaueri aurkeztuko zaiote andere Laura Morosini mintzaile. Eko-diagnostiko bat proposatua izango da “heina” neurtzeko. Talde ttikitan gogoetak eginen dira label hori bultzatzeko tokian tokikoekin.