Eragile ezberdinek karrikan mobilizatzeko deia luzatu dute asteazken honetan, martxoaren 9an El Khomri lan ministroaren lege proiektuaren kontra, Baionan 11etan Santa-Ursula plazan trenbideko langileekin, eta 12.30tan suprefetura aitzinean gazte erakunde-ekin biltzea gomitatuz. Medef ugazaben mugimenduak lan kodearen erreforma aspalditik galdatzen zuela argi utzi dute mugimendu sozialek, Hollande presidenteak nagusiei nahi zutena emaiten ari zaiela gaitzetsiz, El Khomri deitu proiektu anti-sozial eta anti-ekologikoarekin hamarkada luzeetan eraman borroken ondorioz lortu lan zuzenbidea deuseztatuz.
El Khomri lege proiektuaren aurkako lehen erreakzioak masiboak izan dira. « Loi-travail-non-merci » petizioak milioi bat izenpetze baino gehiago bildu ditu jadanik. Borrokarako deialdiak biderkatzen dira sare sozialetan. Martxoaren 9ko mobilizazio eguna, ehun bat hiritan hedatua, horren ondorioz sortu da. Gazte erakundeek eta sindikatu sekzio batzuek deitutako elkarretaratze eta manifestaldi deiak ugarituz doaz.
Martxoaren 9an ere, greba eguna izanen da SNCF, RATPen eta trenbideko enpresa pribatuetan, Medef eta gobernamenduak prestatutako trenbideko dekretu/lan kodigoari ezetz errateko, egiazko dumping soziala antolatzen baitu.
« Denak karrikara martxoaren 9an, Baionan denetan bezala, 11etan Santa-Ursula plazan trenbideko langileekin, eta 12.30tan suprefetura aitzinean gazte erakunde eta CGT, FO, FSU, LAB eta Solidaires-rekin batera » mobilizazio deia luzatua izan da hedabideei ere. Bertan Medefek lan kodigoaren erreforma aspalditik eskatzen zuela azpimarratuz. « Hollandek nagusiei nahi zutena eman die El Khomri deitu proiektuarekin » dio agiriak, « hamarkadako borroken ondorioz lortu lan zuzenbidea deuseztatuz« . Dei egileek azpimarratzen dute « proiektu hau ezin dela zuzendu, ez daitekela negozia, kendu behar dela eta kitto« . Deiaren egileek martxoaren 9a hastapen bat bezala ikusten dute proiektua kendu arte mobilizazio orokorra antolatzeko kolektibo bat Euskal Herrian(*) sortzeko xedea aurketuz. Horren xedeak « informatzea, sentsibilizatzea eta mobilizatzea » izanen dira « eztabaida bultzatuz lan tokietan, sindikatu eta auzotegietan « .
Bestalde, Bizi! mugimenduaren agirian manifestaldietan parte hartzerat deia luzatzen da El Khomri lege proiektu hori errotik kokatzen delako altermundialisten arabera « aldi berean anti-soziala eta anti-ekologikoa den logika batean« .
Anti-soziala, zeren » lege hori pasatzen bada, lan baldintzen, soldaten, lan giroan alienazio harremanen eta bortizkeriaren mailan ezohizko gibelatzea ezagutuko da. Eta ororen buru, langabetuen kopurua goitituko da: alde batetik, errexago izanen delako, eta kostu guttiago beharko direlako kanporatzeko, eta beste aldetik gehiago lan eginaraziko delako jada enplegu bat dutenei, lan egin arazteko ordez enplegu gabe direnak. » Hots lege anti-soziala zeren 1970 hamarkadaz geroz beti behiti doan garapenaren itzultzeko ilusioa aintzinean emanez gizarte abantailen sakrfikatzeko hautua egiten du.
Anti-ekologikoa zeren « hazkundearen/garapenaren bilatze hori sinplea bezain tragikoa den logika batetan oinarritzen da: pobrezia eta langabezia borrokatzeko, ez omen da beste aterabiderik gehiago ekoiztea baino gehiago banatu ahal izaiteko, izan aberastasunak edo enpleguak« . Bizi!ren agiriak argi uzten du horrek arazo larri bat dakarrela : « ekoizpenaren emendatzeak ekartzen du lehengaien erauzketa gehiago, energia nuklear edo fosilen erretze gehiago eta ondorioz nahasketa klimatiko gehiago, ingurumena kaltetzen duten katastrofe gehiago, ondarkin ezin kudeatu gehiago eta jadanik azken mugetan den planetaren erreserben agortze gehiago. Hots, sendagaiak eritasuna larriagotuko luke. »
Agiriak Hollande-Valls gobernamenduaren politikaren arrunt kontrako logika bat gomendatuz bukatzen du : « langabezia eta pobrezia borrokatzeko eta ber denboran planetaren mugak eta gaurko oreka ekologiko eta sozialak errespetatzeko, lana banatzearn eta gaurko aberastasunen banatzearen aldeko politika haundi bat behar da » .
(*) Kolektiboaren kideak :
CGT Cheminots Hendaye et Saint Jean de Luz, CGT cheminots Bayonne, CGT hôpital, CGT territoriaux Biarritz, LAB, Solidaires, Aitzina, AKM (Amis de Karl Marx), ATTAC Pays Basque, EELV (Europe Écologie Les Verts), EH BAI, Ensemble Pays Basque, Indar beltza, La Commune, NPA Pays Basque, Parti de Gauche.