Azken egunetako eta asteburuko eguraldi txarraren gatik EHZ Festibalaren 3 egunak ostiraletik goiti bertan behera uztea erabakia izan da. Sostengu mezu eta ekitaldi erauntsiak asteburu osoa markatu du. Antolatzaileek azpimarratu dute EHZ beti izan dela hiru eguneko festibal bat baino gehiago eta argi utzi dute dituen baloreetan oinarrituz, Euskal Herria Zuzenean elkarteak aitzina segitu behar duela, eta segituko duela… « bizirik, bat eginik eta geroari so indarrez beterik ».
EHZ festibala ezin izan baldin bada ospatu 3 egunez Lekornen, asteburu osoan elkartasun ekitaldiak antolatu dira Euskal Herri osoan zehar. Ostiralean Hazparneko Ttattola gaztetxean, larunbatean, Kanboko gaztetxean, igandean, Donostiako Bukowski aretoan musikariek antolatutako bestan, etab.
Zuen elkartasuna diruztatzearen bidez adierazteko, hara molde xinple bat : Creditcoop – Bayonne, IBAN : FR76 4255 9000 4421 0292 5040 639 / BIC : CCOPFRPPXXX
Pena handiarekin jakinarazten dizuegu aurtengo EHZ festibalaren 3 egunak bertan behera uztea erabaki dugula. Erabaki zaila izan da, baina egoerak horretara behartu gaitu.
Muntaketako azken egun hauetan eguraldia ez dugu alde izan eta astebururako are eguraldi txarragoa iragarri dute. Teknikariekin, aseguruarekin eta uxerrarrarekin mintzaturik, ondorio argi batera iritsi gira : laguntzaileen, festibalarien eta artisten segurtasuna ezin dugu bermatu.
« Sorgin zelaian, gurea asma » lemapean, EHZren 22. edizioa iragatekoa zen aurten. Arrosan hasitako ametsari jarraipena eman behar genion, gaurtik, Garroko gazteluan. Baina aurten ez da posible izanen. Urte guzi hauetan auzolanean eraikitako proiektu honek, nehoiz baino beharrezkoagoa du Euskal Herri osoaren elkartasuna. Elkartasun erauntsia behar dugu.
Gure proiektuan sinesten duen oro laguntza ematera deitzen dugu, bakoitza bere moduan: desmuntaketa lanetan laguntzeko esku kolpe bat emanez, bakoitzak bere herrian EHZren aldeko ekitaldi bat antolatuta, edo gure banku kontuan elkartasun ekarpen bat eginez. Antolatu dezagun EHZren aldeko auzolan erraldoi bat.Hau da gehienek ahotan izanen duzuen galdera : « Eta orain zer ? ». Galdera honi erantzutea denon ardura izanen da hemendik goitik. Euskal Herria Zuzenean elkartearen geroari buruz gogoeta abiatu dugu ikasturte honetan eta horrekin segituko dugu hemendik aitzina ere.
Festibalaren dinamika eta izpiritua bizi-bizirik direnean hartu behar izan dugu aurtengo edizioa bertan behera uzteko erabakia. Ehunka laguntzailek parte hartu dute muntaketan, eta ehunka laguntzaile prest ziren hiru egunetan antolakuntza lanetan aritzeko ; gure ohiko hornitzaile eta partaideak ere gurekin izan ditugu urte guzian zehar , eta crowdfunding kanpainan ere jende andanak babesa eman digu. Bihotz-bihotzetik eskerrak eman nahi dizkizuegu guziei.
EHZa beti izan da hiru eguneko festibal bat baino gehiago. Aurten, hiru egun horiek ospatzea ez da posible izanen. Haatik, gure baloreetan oinarrituz, Euskal Herria Zuzenean elkarteak aitzina segitu behar du, eta segituko du ; bizirik, bat eginik eta geroari so indarrez beterik.
EHZ-ren alde, elkartasun erauntsia !
Gora EHZ