Daniel Landart-en memorio liburu berri bat abertzaletasunaz eta euskaltzaletasunaz mintzo
“Ahularen indarra » liburuan Donoztirin iragan bere haur denbora eta inprimeriako lana aipatu ondoan, Elkar argitaletxeak plazaratu dion bigarren honetan, Daniel Landart abertzaletasunaz eta euskaltzaletasunaz mintzo zaigu, bere oroitzapen pertsonalak argitara ekarriz.
«Enbataren zirimolan» liburuari esker, Enbata barne-barnetik ezagutu zuen norbaiten lekukotasun zuzena badugu, Daniel Landart hamar bat urtez egon baitzen mugimendu hartan, 1965tik 1974a arte.
Funtsean, aitzinsolasa egin dion Jean-Louis Davant idazle eta historialariak hauxe dio : «Milesker Daniel zure lan guzien ekarpen eta emaitzez. Gainera zure oroitzapen horiek argitaratuz, garai hartako historia ikertu nahi luketenei laguntza baliosa ekartzen diezu.»
Liburuko lehen kapituluko aipagaiak hauek dira : zein ziren Enbatako militante soil baten eginbeharrak, Aberri Egunak, deputatu eta kantonamenduko bozak, militanteen arteko tira-birak eta urrakoak, Francoren diktaturari ihes etorri errefuxiatuak, gose grebak, hainbeste manifestaldi turismo politikaren salatzeko, edota laborarien eta langileen sustengatzeko…
Bigarren kapituluaren funtsa aldiz : euskalgintza. Lehenik militante gisa, antzerki, bertsulari eta literatura alorretan eraman dituen urratsak. Gero, hogeita bost urtez, euskal kultura sustatzeko sortu egitura profesionaletan, eta bereziki, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde izanez nolako aldaketak ikusi dituen.
Liburu honen bidez, Daniel Landartek eskertu eta omendu nahi ditu, lehenik, Enbatako bere lagun ohiak, baita ere, euskal populuaren eskubideak suharki zaintzen dituzten guziak : “Horietarik bakar batzuk baizik ez dira herritarren memorian geldituko, baina bakoitzak merezi zuen aipatua izatea, ekarpen ttipienak berak, osatzen eta handitzen baitu Euskal Herriko historia”.