Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energiaereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren proiektuen garatzea premiazkoa da, Europako Parlamentuak berak definitzen dituen “Energia Berriztagarrien Komunitateen” eta “Energia Herritarren Komunitateen” kontzeptuak lagun.
XX. mendearen hastapenean, Ipar Euskal Herrian, eiherazain batzuek turbinak ezartzen zituzten beren eiheretan, elektrizitatea ekoizteko. Lurraldeen elektrifikazioa hastapenetan baizik ez zen garai haietan, eiherek ekoizten zuten energia horrek auzoko etxeak, saltokiak eta berdin ostatuak ere hornitzen zituen. Baigorrin kontatzen dute eiherazain horietako bat aski bestazalea zela eta, auzoko ostatuan gehiegi luzatzen zelarik bertsotan eta zurrutean, gaua jin ondotik haren emazteak, senarra itzultzen ez ikusteaz asperturik, etengailu nagusiari eragiten ziola, auzotegi osoa eta bereziki ostatua ilunpean utziz. Oso sistema eraginkorra ostatuko nagusiak eiherazaina etxera berehala igor zezan!
Eredu zaharkituak
Historia horrek erakusten du, garai batean, elektrizitatea etxean eskuratzeko aukera zuten bizilagun horiek bazekitela zehazki nondik zetorren. Gaur egun, oso bestelakoa da egoera: etengailu bat sakatzea keinu hutsala da, eta horren ondorio bakarra faktura merkeagoa edo garestiagoa izanen da. Usatu gara erraztasun eta arduragabetasun horretara. Gutariko gehienek ez dakigu energia- ekoizpenaren gibelean zer dagoen, gure elikadura ekoizteko moduaz edo gure eguneroko gauzak egiteko moduaz gutxi dakigun bezala. Hala ere, energia- ekoizpen orok badu eragina: kliman, bioaniztasunean, osasunean… Bestalde, azkenaldiko krisiek erakutsi dute gure energia-ereduen hauskortasuna, bai erregai fosiletan oinarritutako energiarena, bai nuklearrarena: baliabideen agortzea eta garestitzea, burujabetasun eza, arrisku oso handiak, maila anitzetan. Aldiz, energia berriztagarriek, neurritasun-neurri indartsuekin batera garaturik, egokiagoak direla erakutsi dute. Multinazional batzuek ez dute huts egin, eta masiboki inbertitzen ari dira megaproiektuetan, irabazi ederrak izanen dituztelakoan. Proiektu horiek, bistan da, ez dute neurritasunaren aldeko apustua egiten, eta lurraldeko beharrak kontuan hartu gabe abiatzen dira.
Horrek bizilagunen oposizio masiboak sortzen ditu, zeinek usu, azpiko logika kapitalista baztertu ordez, energia berriztagarriak blokean baztertzen baitituzte. Ahanzten dute proiektu horien aurka egiten baldin bada beste aukerarik proposatu gabe, energia fosilen edo nuklearraren alde egiten dela.
XXI. mendeko energiaren zirkuitu laburra
Aterabidea energia herritarren proiektuak garatzetik etorriko da: « energia horrek herritarren eta kolektibitateen parte-hartze zuzena ahalbidetzen du, proiektuaren ustiapen denbora osoko erabakietan, eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zirkuitu laburrak sortzea du helburu, beharren eta ekoizteko bideen arteko loturaz jabetzeko. »(1) Bizilagun talde batek (kolektibitate batek lagundurik ala ez) bere beharrak eta lurraldeko baliabideak ebaluatzen ditu. Ondotik, energia sortzeko unitate batean inbertitzen du, zeinak, nahiz eta sare global bati loturik egon, bere beharrei erantzungo baitie.
Eredu honek abantaila anitz baditu:
– demokrazia eta gardentasuna: hunkiak direnek erabakiak kolektiboki hartzen dituzte.
– neurritasuna eta ingurumena errespetatzea: erabiltzaileek ekoizpenaren eraginak zuzenean ikusten dituzte eta beren kontsumoarekin lotura egiten dute. Horrek neurritasuna sustatzen du. Eragin saihestezinak ttipitzeko indar eginen da eta, gainera onartuagoak ere izanen dira.
– sozialak: sortzen den aberastasuna tokiko komunitatearen esku gelditzen da eta elkartasuna ahalbidetzen du. Energia herritarra sortzeko eredu hori ez da idealista batzuen amets hutsa. Europako Parlamentuak «Energia garbia europar guzientzat» izeneko lege-pakete bat bozkatu zuen 2019an, Energia Berriztagarrien Komunitateen eta Energia Herritarren Komunitateen kontzeptuak definitzeko.
Komunitate energetikoak honela definitzen dira: « Energia berriztagarria ekoiztu, kontsumitu, biltegiratu eta sal dezaketen entitate juridikoak, non tokiko eragileen arteko lankidetza sustatzen baita. Irabazi mugatua eta gobernantza demokratikoa dute ezaugarri ».
Ipar Euskal Herriko energiaren ekosistemak tirabirak bizi dituen garai hauetan, on da gure borroken funtsa buruan atxikitzea: Euskal Herriaren energia burujabetza lortzea, eta horrela bertako bizilagunen oinarrizko behar energetikoak asetzea, ingurumenean eragin kontrolatua izanez.