Enpresako demokraziaren gezurra

Sophie Béroud, Zientzia Politikoetako irakasle titularra, Lyon-II-Triangle unibertsitatea (artikulua 2016ko apirileko Le Monde diplomatique-n argitaratu da)
Sophie Béroud, Zientzia Politikoetako irakasle titularra, Lyon-II-Triangle unibertsitatea (artikulua 2016ko apirileko Le Monde diplomatique-n argitaratu da)

[Artikulu hau 2016ko apirileko Le Monde diplomatique-n argitaratua izan da eta Manu Robles-Arangiz Institutuak  bere webgunean bertsio euskaratua agertu du]

Enpresako eremu sozialean ez da informazio ahalik osoena jaso eta eztabaida baten ondoren erabakitzeko eskubiderik. Lan-kontratuak ez du enplegatzaile eta langile baten arteko berdintasun harremanik ezartzen, erlazio asimetriko bat baizik, menpekoa alegia. Enpresa ez da inola ere beldurretik libre den eremu publiko bat. Lana mantentzea jokoan bada, ez da benetan boto librerik emateko aukerarik, zinez ez baitago zer hautatu.

 

Myriam El Khomri Lan ministroak aurkeztu duen Lan Kodearen erreforma proiektua aurkeztearekin batera komunikazio kanpaina handi bat egin zen. Esaten zenez, elkarrizketa soziala “erraztu” beharra dago eta langileak kontutan izanik akordioak bultzatu, enpresa eremuan zuzenean kontsultatuz. Hiru eratako argudioak erabili dira. Lehenik, txarretsi egiten dira lan-harremanak gaur direnetan; honen arabera, elkarrizketa sozialak porrot egin du. Bigarrenik, hurbiltasunaren erretorika erabiltzen da: langileekin gertutik negoziatzeak halabeharrez leku gehiago, botere handiagoa emango lieke. Azkenik, enplegatzaileek autonomia eta askatasun gehiago izanik, enpresako negoziazio bidez, posible litzateke enpleguak sortzea.

“Langileengandik ahalik hurbilen” dagoen negoziazioaren diskurtso ederra ez da berria; bere xedea da “fabore printzipioa” saihestea. Printzipio honen arabera enpresako akordioa sektoreko lan-hitzarmeneko edukia baino hobea izan behar da

Alabaina, ezarritako ideiak gorabehera, enpresa mailako negoziazioa asko hedatu da 90eko hamarkadatik hona, eta Frantzian honez gero leku garrantzitsua du. Ordezkari sindikalek ia beren denbora guztia ematen dute horretan, eta sarri eginbehar horrek beren lankideengandik urrundu egiten ditu, eurek esaten duten moduan. 2014an enpresako 36.500 akordio sinatu ziren. Lehenago ere puntu ugari enpresetan urtero negoziatu beharrekoak dira, batik bat soldata, lanaldiaren iraupen eta banaketa, berdintasun profesionala, soldata-aurrezkia, desgaituen laneratzea… Baina salbuespen dira oraindik derrigor ezarritako [enpresentzako] betebeharrak, eta negoziazioak nekez gauzatzen dira jokoan dagoena soldata igoera edota langileen aldeko erabakiak direnean.

“Langileengandik ahalik hurbilen” dagoen negoziazioaren diskurtso ederra ez da berria; bere xedea da “fabore printzipioa” saihestea, hots, Frantziako lan-zuzenbidearen eraikuntzaren erdigunean izan dena alde batera uztea. Printzipio honen arabera enpresako akordioa sektoreko lan-hitzarmeneko edukia baino hobea izan behar da, eta hitzarmena, berriz, Lan Kodea baino mesedegarriagoa. Langileak babestea da helburua, guztiei, edozein dela ere enpresaren neurria, gutxieneko komun bat izateko aukera emanez, gehi sektore mailan negoziatutako edukiak. Hala da; maila honetako akordioek sektore bat arautzeko bidea ematen dute, enpresa guztiei arau berberak ezartzen zaizkielarik; hau enpresa txiki eta ertainak dumping-etik babesteko modu bat ere bada. Adituek sarri nabarmentzen dute Frantziako sindikalizazio-tasa urria (biztanleria aktiboaren %8 eta %9 bitartekoa), baina ez dute hainbeste aipatzen langileen ia %90 lan-hitzarmen baten babespean dagoela, hots, Ekonomia-Lankidetza eta -Garapenerako Erakundeko (ELGE) kide diren estatuen artean tasarik handienetakoa.

El Khomri legegaiak erreferendumaren arma eskaintzen die patroiaren asmo bat babestu nahi duten sindikatu txikiei. Hauteskunde sindikaletan koalizio sindikalek botoen %50etik gora ateratzen dutenean erreferendum eskubidea ezarri da, organizazio “erreformisten” alde

Arauen hierarkia azpikoz gora jartzeko helburuaren atzean enpresa mailan baino aplikatuko ez den bestelako negoziazio kolektiboko marko bat ezarri eta arauen produkzioa zatikatu nahia dago. Oraindik hortik urrun gaude, noski, baina duela hogeita hamar urte luze hasi zen noranzko horretan doan mugimendua. Gobernuak eta legegileek lanaldiaren administrazioari buruzko salbuespenak baimendu zituzten, langileentzako lan-hitzarmena edota legea bezain mesedegarriak ez ziren akordioak ixteko aukera eman zutelarik. Elkarrizketa sozialari buruzko 2004ko maiatzaren 4ko Fillon legearekin joera hori azkartu egin zen. Lege honek dio “enpresako akordioak sektoreko hitzarmena indargabetu ahal izango du, azken honek berariaz galarazi ezean”. Manuel Vallsen gobernuak salbuespen horiek lanaldiari eta kaleratzeko baldintzei ere aplika arazi nahi dizkie.

François Hollandek areagotu egin du negoziazioaren dezentralizazioa, lan-zuzenbidearen filosofia hankaz gora jarrita; bereziki enpresentzako, ez langileentzako babes-zuzenbide gisa ulertzen du. Halako erasorik ez dugu sekula ikusi bere burua “sozialista”tzat hartzen duen botere baten aldetik; gainera, sindikatuek langileen defentsan duten eginkizuna berriro auzitan jarri nahi dute. El Khomri legegaiaren helburuetako bat sindikatu batzuk alboratzea da. Erabaki harrigarria, izan ere, demokrazia sozialaren berrikuntzari buruzko 2008ko abuztuaren 20ko legeak sindikatuen ordezkaritzari buruzko irizpideak errotik aldatu baitzituen, beren legitimitatea finkatzeko. Hain zuzen ere, lege hori indarrean sartu zenetik organizazio bakoitzak hauteskunde sindikaletan botoen %10 bildu behar du enpresan errepresentatibo izan dadin, eta %30, behar izanez gero beste sindikatu batzurekin, akordioak sinatzeko (halere, akordio honen aurka jo dezakete botoen %50 osatzen duten organizazioek). Erreformak horrela amaiera eman zien gutxiengoen akordioei, hauek ezarpen txikia zuen sindikatu batek sinatu zitzakeelarik, lantoki batean ahula izanagatik, “zalantzaz kanpoko ordezkaritza presuntzioa” bazuen. Honek langile guztiei eragin ziezaiekeen. Horrenbestez, sindikatuen ordezkaritza- eta negoziazio-ahalmena 2008tik hona zuzenean bere hauteskunde-emaitzen araberakoa da.

Zuzeneko demokrazia ez al da hoberena? Halako argudioak hainbat puntu ahazten ditu, ordea. Helburuak enpresaz enpresa zatikatzeak langileak ebatzi ezineko dilemetara daramatza: enplegua galdu ala soldata jaitsiera eta lanaldiaren luzapena onartu.

El Khomri legegaiak auzitan jartzen ditu lege hartako hainbat xedapen. Pentsa liteke ordezkaritza sindikalaren erreformak MEDEF patronalaren itxaropen guztiak ez zituela asebete, ezta sindikatu batzurena ere, esaterako CFDTrena; honek negoziazio kolektiboaren garapenerako beharrezkoak ziren baldintzak sortu nahi zituen.

Beraz, 2013an ezarri zen sindikatuen interes nazionaleko lehen neurriak ez zuen organizazio “txikiak” desagertzea ekarri, ezta eremu sindikalera iritsitako azkenak baztertzea ere, esaterako UNSA edo Solidaires. Kontrara, erreformak arlo pribatuan SUD sindikatuen ezarpena erraztu zuen, eta beren ordezkaritzaren alde auzitegietara jo beharretik libratu zituen. Gainera, enpresetako zuzendaritzari aurre egiten dieten atal sindikal batzuk arau berri hauek baliatuta gehiengoak osa ditzakete proiektu batzuk geldiarazteko. Ondorioz, 2008ko erreformak ez zuen neurrira garatutako elkarrizketa soziala, enpresarioaren borondatearen araberakoa, faboratu, bere eragile batzuk amestu izan zuten moduan. Horregatik, orain sindikatuen eginkizuna eta langileak benetan ordezkatzeko ahalmena berrikusi nahi dute.

Azkenik, erreferendum bidez botoa indibidualizatuta (langile bat, boto bat) enpresaren baitan dauden lan- eta soldata-desberdintasunak ezkutatu egiten dira: langileek eta goi arduradunek ez dituzte interes berdinak

El Khomri legegaiak erreferendumaren arma eskaintzen die patroiaren asmo bat babestu nahi duten sindikatu txikiei. Hauteskunde sindikaletan koalizio sindikalek botoen %50etik gora ateratzen dutenean erreferendum eskubidea ezarri da, organizazio “erreformisten” alde; hauek alde batera utzi ahal izango lukete hautestontzietan erabakitako ordezkaritza, eta langileei zuzenean galdetu. Negoziazioa langileengana hurbiltzeko aitzakiaz gobernuak saihestu nahi ditu indar sindikalik tinkoenak.

Erreferendum era honen zaleek iradokitzen dute azkenean langileek beren ardurei aurre egingo dietela eta erabaki egingo dutela enpresaren egoerari buruzko iritziak, enpresarioak aurkezten dituen moduan, aintzat hartu (ala ez). Zuzeneko demokrazia ez al da hoberena? Halako argudioak hainbat puntu ahazten ditu, ordea.

Helburuak enpresaz enpresa zatikatzeak langileak ebatzi ezineko dilemetara daramatza: enplegua galdu ala soldata jaitsiera eta lanaldiaren luzapena onartu. Lana mantentzea jokoan bada, ez dago benetan boto librerik emateko aukerarik, zinez ez baitago zer hautatu. Adibide argigarria da Moselako Smart lantegiarena.

2015eko irailean, sindikatuei presioa eragin eta beren sinadura lortze aldera, zuzendaritzak kontsulta-erreferendum bat egitea erabaki zuen; enplegu egonkorra zuen pertsonalaren %56ak 39 orduko lanaldira itzultzea erabaki zuen (ordainduak 37 izango zirelarik) lanpostua salbatzearren. CGTk eta CFDTk Smart lantegian hauteskunde sindikaletan botoen %50etik gora jasotzen dutelarik, akordioaren aurka jo zuten. Lege berriarekin horrelakorik ez litzateke posible izango.

Enpresako eremu sozialean ez dago informazio ahalik osoena jaso eta eztabaida baten ondoren erabakitzeko eskubiderik. Lan-kontratuak ez du enplegatzaile eta langile baten arteko berdintasun harremanik ezartzen, erlazio asimetriko bat baizik, menpekoa alegia. Enpresa ez da inola ere beldurretik libre dagoen eremu publiko bat.

Aitzitik: gutxiengoan dagoen organizazio bati presioa eragin dakioke kontsulta bat sustatu eta enplegatuen botoa orienta dezan. Gainera, “lan-komunitatea” ez da inola ere burujabea, forma demokratikoei buruzko hiztegia erabilita. Hautesleen perimetroa enpresaren muga juridikoen baitan dago, eta ez leku jakin batean dagoen errealitatearen baitan. Birmoldaketa industrialaren prozesuak, enpresa erosketa eta bategiteek jarduera-kate oso zatikatuak sorrarazi dituzte, enpresa txiki eta ertain ugaritan banatuak eta azpikontrata-enpresa sareko parte direnak.

Jakingarria da, Smart enpresaren adibideari berriro erreparatuz, aldi baterako langileei eta azpikontratetakoei kontsultarik ez egitea; haatik, lanaldiaren administrazioari buruzko erabakiek eurei ere eragiten diete. Esaterako, Italian, lantoki baten itxiera jokoan zegoela eta erreferendumak antolatuaz Fiateko zuzendaritzak lortu zuen lantegiz lantegi lorpen sozialak kentzea, sindikaturik borrokalarienen eragina murriztea eta edozein protesta kolektiboa galaraztea.

Azkenik, erreferendum bidez botoa indibidualizatuta (langile bat, boto bat) enpresaren baitan dauden lan- eta soldata-desberdintasunak ezkutatu egiten dira: langileek eta goi arduradunek ez dituzte interes berdinak. Menperatuen hitza entzunarazteko ordezkaritza kolektiboaren adierazpideak baztertu egiten dira. Smarten, kontsultatutako 385 goi arduradunek %74ak akordioa ontzat eman zuten, baina soilik 367 langileen %39ak.

Ekinbide sindikalaren esku utzita ere, zuzeneko demokraziaren tresna hori bere xedea kentzen dion logika batean kokatzen da: enpresaren eta etekinak maximizatzearen logika, ez lana jarduera kolektibo eta kooperatibo gisa hartzen duena. Lan-harremanen baldintzak eta bitartekoak zeharo eraldatu nahiak, enpresan barneratu nahiak, logika hau bakarra bailitzan inposatu nahi du, eta lanaren -laneko- demokraziaren ideiari eduki kritiko oro kendu nahi dio.

 

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).