Heldu den martxoko kantonalak, prefetaren herri elkargo bakarraren proposamena, horra urte politiko berria haziko duten bi gai zalapartatsu. Konfrontazio garaia hurbiltzen ari den hontan, ezker abertzalearen ahotsa entzuna izan dadin, EH Bai-en antolaketa garrantzitsua da.
Hitzordu garrantzitsu ugari abertzaleentzat ondoko hilabeteetan. Hala nola, abenduaren 13an hiru alderdiren arteko koalizio hutsa zen Euskal Herria Bai mugimendu zabala bilakatuko da. Urrats nabarmen hori 2013ko otsailean publikoki jakinarazi bazen ere, urrundik zetorren. 2007an osatu baitzen lehen aldikotz koalizioa, hauteskunde legislatiboentzat.
Geroztik hauteskundez hauteskunde berriz osatzen zen, gorabehera batzuekin bainan pixkanaka EH Bai hedabide nahiz jendartean, abertzale ezkertiarren boz ezagunena bilakatu zen.
Bost urte berantago, Euskal Herriko egoeraren aldaketak lagundurik, elkarlanerako aukerak perspektiba iraunkorra bilakatu ziren eta alderdiek deliberatu zuten eraikitze prozesu bat abiatzea, beren egituretatik kanpoko militanteei atea irekiz.
Geroztik gogoetak egin dira mugimendu berri honen egituraketari eta funtzionamenduari buruz. Tokiz toki ere biltzen hasiak dira EH Bai-rekin identifikatzen diren militanteak, zer nolako mugimendu politikoa nahi duten eztabaidatzeko. Tartean bataila politiko arrakastatsuak ere eramanak izan dira, herri hauteskundeak kasu, elkarlan gune iraunkor horren beharra baieztatuz.
Hemendik abendura militanteak bi aldiz bilduko dira eskualdez eskualde mugimenduaren oinarriak hobeki definitzeko eta funtsezko erreferentzia eta jarrera politikoak adosteko. Abenduaren 13tik beste fase bat abiatuko da, beste ibilmolde batekin. Egitura ez da egun batetik bestera xutik ezarriko. Funtzionamenduko arau eta prozedurak bidean hobetu eta zehaztuko dira. EH BAI sortu duten alderdiek ere bere lekua eta funtzioak aztertu eta nahita nahiez birdefinitu beharko dituzte. Bainan ezkerreko abertzale guziek tresna berri bat izanen dute, borroka politikoa eramaiteko, beren helburu estrategikoak hobeki gauzatzen jarraitzeko.
Ehuneko ehun ados ez izanik ere, etxe komuna izanen dute jendartean eta panorama politikoan gero eta pisu gehiago ukaiteko. Denen beharra bada beraz. Denek badute zer ekar EH Bai-en. Nehor ez dadila uzkur egon, bide bazterrean.
Erronka handia abertzaleentzat
Alabainan, gure esku ez dagoen agenda politikoan aldaketa inportanta gertatu da azken egun hauetan, frantses Departamenduko hauteskundeak martxoan kokatuz. Aspaldidanik kantonamenduko hauteskundeak abertzaleen boza entzunarazi eta indarra erakusteko parada onak izan dira. Aldi honetan, lehen aldikotz momentu berean gertatuko dira lurralde osoan, indarren argazki politikoa emanez. Erronka handia abertzaleentzat beraz, Ipar Euskal Herriko hirugarren indar politikoa, eta toki batzuetan bigarrena, direla baieztatzeko. Are gehiago, pentsa daiteke sozialistek pairatuko dutela Estatu mailan eramandako politika nahasi eskuindarra eta jandako promesa guztiak. Sortutako haserre eta desesperazio honetatik FN-k ttanttoak aterako ez dituelako desafioa altxatu eta euskal herritarrentzat egiazko ezker alternatiba dela argi erakutsi
beharko du EH Bai-k.
Ehuneko ehun ados ez izanik ere,
etxe komuna izanen dute
jendartean eta panorama politikoan
gero eta pisu gehiago ukaiteko,
denen beharra bada beraz.
Denek badute zer ekar EH Bai-en.
Nehor ez dadila uzkur egon, bide bazterrean.
Instituzioari buruzko eztabaida
Hori guztia gutti ez balitz, instituzioari buruzko eztabaidaren erdian gertatuko dira hauteskunde horiek. 2012/2013 fasearen ondotik, zeinetan indar sozial eta hautetsi espektro zabal batek Iparraldearentzat gaur egun egokiena den estatutua adostu duten, 2014an prefetarena aldi izan da eta lurralde Kolektibitatearen proiektua bazterturik, kontra proposamenak mahai gainean ezarri ditu, frantses antolamendu politiko-administratiboaren xantierretik zer aterako den nehork ez dakielarik. Hauteskundeak martxora aintzinatu baino lehen, otsailerako aurreikusia zen Hautetsien Kontseiluko erantzuna prefetari.
Egutegia atxikiko ote den laster ikusiko dugu baina dena den Ipar Euskal Herriarendako instituzioak hauteskunde kanpainan toki zentrala hartuko duela pentsa daiteke. Horretan ere aukera, desafio eta erronka handia abertzaleentzat. Beren jarrera definitu beharko dute eta hain zuzen hemendik abendura iragaitekoak diren tokiko bilkuretan aipagai izanen dute. Gainera udazken honetan Eskoziako erreferendumak eta Kataluniako desafioak aktualitatearen lehen planora ekarri dute Herrien askatasunaren gosea. Abertzaleen proiektu politikoari sinesgarritasuna emaiteaz gain, aspaldidanik eztabaida politikora ekarri dituzten kontsulta, erabakitzeko eskubidea, aterabide demokratikoak bezalako zenbait kontzeptuen balioa ere berresten dute.
“…Lagun etor gurekin denek elgarrekin badugu zer egin… » kantuak dioena, abertzaleen ondoko hilabeteetako bide orria. Gora bihotzak!