Eszenarioa aintzin ikusia zen, SNP (Scotish National Party) alderdiak hauteskundeak irabazi zituen laugarren aldikotz segidan eta hauteskunde lema kasik bakarra izan zen Eskoziaren independentzia. Ondorioz ez da batere harritzekoa gai horren inguruko erreferenduma ozenki aldarrikatzea. Bainan gisa hortako erabakia Londresen eskuetan da. Baditaike beraz determinazio horrrek talka egitea Westminster gazteluko pareta gotorren kontra.
Boris Johson britainiar lehen minixtroak behin ta berriz errana du 2019an boterea hartuz geroztik, ez duela berriz antolatuko 2014an bezala erreferendumik 40 urteko epea aintzin.
Alde batetik beraz SNP eta beste hainbat alderdi ttipiago (alderdi sozialista eskoziarra, Berdeak edo Yes Alba koalizioa) baita The National egunkaria indarrez sartu dira erreferendum berri baten aldeko kanpaina azkar eta mediatikoan.
Parean britainiar gobernua eta kasik alderdi guziak momentukotz erantzunik gabe dira Eskoziako beren legitimitate galtzeari begira, soilik argumentatuz Londreseko parlamentuak duen subiranotasun konstituzionalarekin. Europar Batasunaren aldeko hautua Kontserbadoreak eta sozio demokratak elgarri ebaska ari dira Eskozian gelditzen diren azken bozkatzale unionistak, hitz emanez ez dutela berriz kontsultarik antolatuko.
Halere erran ditaike dinamika bat badagoela banatzea edo dibortzioaren alde. Dinamika hori aspaldi huntan jarria du martxan SNP alderdiak 90 hamarkadatik hunat. Estrategia gradualista deitu zuten hori. Helburua izan dute estatu britainiarraren instituzio desberdinetan azpiz jokatzea edo maniobratzea ahalik eta leku gehien hartuz.
Hala gertatu zen 1998an Eskoziako parlamentu autonomoaren gidaritza hartu zutelarik. Parlamentu horren eta aparato administratiboaren kudeantza hartuz hasi ziren frogatzen ahal zuela Eskoziak bere geroa subiranoki segurtatu. Brexitaren lehen haizeak hasi zirelarik ufatzen Britainia haundian, Eskoziak beti aldarrikatu izan du Europar Batasunaren aldeko hautu ezinago argia. Arrazoinamendu gradualista beti izan da pentsatzea akumulazio elektoral progresiboak nahitaez bortxatuko zuela edo duela Londrese SNPren aldarrikapenak onartzea.
Lehen lorpena izan zen funtsean David Cameron lehen minixtro kontserbadore britainiarrak onartzea 2014an delako erreferendum hura.
Haatik gauzak ez dira hain xinple beti SNP alderdian. Alabainan estrategia gradualista hori kritikatzen hasiak dira batzuk. Plano estrategikoan gradualismoak funtzionatzen du orain arte ezinago untsa independentziaren aldeko base sozial bat moldatzeko eta antolatzeko. Bainan bere topea edo muga dauka ere eta ez ttipia: Londresen baimenik gabe, ezin da legitimitate politiko hori egiazko aldaketa politikoa bilakatu. Dilema horri erantzun bat aurkitzea da gauregun SNP alderdiaren desafio haundienetarik bat ez badu krisia edo bederen paralisia politiko batean erori nahi.
Zein gizarte modelo?
Paralisia politiko possible horren saihetsean, eskoziar jendarteak beste motako krisia bat ere jasaiten ari da: Eskoziako ekonomiaren hainbat sektore multinazional haundien aztaparretan erortzen ari dira. Hezkuntza sektorea eta unibertsitateak prekaritate haundian dira eta pribatizatuak bilakatzen ari dira. GKE edo gobernuz kanpoko erakundeak ari dira, ahal duten bezala, konpentsatzen zerbitzu publiko ezberdinen desegite hori. Independentziak ahal lioke haize fresko doi bat ekarri egoera gris horri? Eskoziako langile mugimendua edota ezkerreko sektoreak libratuak litaizke unionismotik eta gisa hortan berriz ahal lukete protagonismo politiko bat berreskuratu, bainan pentsa liteke eskuinak ere fenomeno berdintsua ezagutu lezakela. Eta minoria unionista eta eskuineko eskoziar nazionalismoaren arteko hurbilketa hipotetiko batek ere baluke kezkatzekorik ezkerreko esparruan.
Ekonomia arloan SNPren bide orria independentziaren aldekoa bezain neoliberala da. Kanpoko inbestizamenduek lehenik mesede ekar lezakete “kapitalista nazionalista” sektoreeri.
Ekonomia arloan SNPren bide orria
independentziaren aldekoa bezain neoliberala da.
Kanpoko inbestizamenduek lehenik mesede ekar liezakete
“kapitalista nazionalista” sektoreeri.
Eskoziaren independentzia posible batek ondorioak balituzke bere mugetarik haratago. Erresuma Batuan berean, Labour alderdiak eta orokorki ezkerreko sektoreek balukete aukera beren estrategia sakontzeko. Orohar espazio politikoa argitu lezake, bai Eskozian eta baita ere Erresuma Batuan.
Puntako galdera bat beti airean gelditzen da halere: independentzia ez ote da ere lehenik proiektu politiko liberal demokrata bat, proiektu eraldatzaile bat aintzin? Ez ote da ere edo aintzin elite politiko kontserbadore bat itzulipurdikatzea elite berri liberal huts bati lekua uzteko?